Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2019ko Urtarrilaren 17a
Aiherra
Herriko Etxetik, aldizkaritxo elebiduna
Herriko Etxetik, urteko lehen aldizkaritxoa eskuratu dugu, hau joan den asteburuan gutun ontzietan aurkitu duguna. Honetan 2 hizkuntzetan (euskaraz eta frantsesez) agertzen da azken 6 hilabeteetan hartu erabakien edo hasi lanen berri, hala nola herri barneko jostalekuari buruzko obrak bururatuak direla, eta hau urtarrilaren 26an, urte berriari buruzko agiantzen egunean estreinatuko dela, Elixaldeberria etxeko obrak urtarrilaren 20 inguruan hasiko direla. Etxebizitza kolektibo honek 3 T2, 2 T3 eta T4 bat izanen ditu, arrazoizko prezioetan, eta apartamendu baten alokatzeaz interesatua denak xehetasunen biltzera Herriko Etxera joan behar du. Aldizkaritxoak tokiko hirigintza plano berria zertan den, eskola publikoan obrak egin direla, herriko bideen izendapen lana bukatu dela (hau Herriko Etxean ikusgai da) eta lan hori kadastra zerbitzuei, baita ere sare eta GPS operadoreei hedatuko dutela, urteko diru-laguntzak zer heinetakoak izan diren, eta Herriko Etxeak enplegatu dituen 3 langile berriak nor diren kontatzen dauku. Auzapezak hasierako hitzan herritarrak gomitatzen ditu urte berriko agiantzen ekitaldira, hau urtarrilaren 26an eginen da, larunbat goizarekin, Denen Etxean (10:30).
Herri barnean etxe multzoa eta Antzuola jostalekua
Aiherrako herri barnea zeharkatzen duenak ikus dezake errazki Elixaldea etxe multzo berrian obrak aitzinatzen ari direla, honetan bost etxe eraikitzen ari baitira, eta honen ondoko jostalekua bururatua dela. Hau ANTZUOLA JOSTALEKUA izendatuko dutela jakin dugu, horrela Aiherrak Antzuolari emanen dio errefera, 1998an han eraiki zuten auzo berriari "AIHERRA PLAZA" eman baitzioten izena. Hemendik goiti haurrak burasoen edo laguntzaileen zaintzapean hor diren jokoetan jostatzen ahalko dira, helduentzat ere petankan edo birletan aritzeko tokia izanen da baita ere aterbe bat bazkari hotzak familian edo taldean hartzeko. Hots gune goxo honek bizia eta animazionea ekarri behar luke herriko plazari, okindegiak eta ostatuak osatzen duten inguru guziari.
Mus txapelketa ibiakoitzean hasiko, Gozategian
2019ko Frantziako mus txapelketa, Union Basque batasunak antolatzen duena, aurten Gozategia ostatuan iraganen da, urtarrilaren 19tik goiti. Izenen emaiteko deitu Gozategia ostatura (05.59.70.38.99), Petteri (06.71.41.82.75) edo Jackyri (05.59.29.43.63), urtarrilaren 11ko berantenaz. Mus haitadak, larunbat arrats guziz bi hilabetez eginen dira, (20:30). Ongi etorri deneri eta parioa libro!
Euskal Herriko Mus Txapelketa, Auxotean, ortziralean
Urtarrilaren 18an iraganen da, lehen aldikoz Auxotean, ortziral arrats honetan. Sari handiak badaude irabazteko, hala nola 3.000€ eta nazioarteko bidaia handi bat, txapeldun ordeek 1.500€ + bidaia handia 2 lagunentzat, 3. bikote sailkatuarentzat, 750€ eta asteburuko egonaldia lau lagunentzat, eta beste sari anitz. Izenak urtarrilaren 18an hartuko dira tokian berean, edo aitzinetik Henrieta deituz 05 59 29 64 07ra.
Urtarrilaren 26an kantu bazkaria Gozategia jatetxean: izenak aitzinetik eman behar
Herritar multxo batek proposaturik, Gozategia jatetxeak jakinarazten du urtarrilaren 26an antolatzen duen kantu bazkaria deneri irekia dela. Hau arratsaldeko oren batean hasiko da. Kantua maite dutenentzat, lagunen artean momento goxo baten iragaiteko manera hoberena ditaike. Bazkaria 20€tan da kafea eta arnoa barne: zopa xingar eta ahateki poxiekin, oilaskoa, langustina eta zitroin jusarekin, lursagar gratinatuak, eta azken buruan udarea izozki eta txokolatezko krema beroarekin. Izenak urtarrilaren 23 arratseko eman behar dira, jatetxera deituz: 05.59.70.38.99











