Mundu zabalean | 2019ko Urtarrilaren 17a

Mundu Zabalean

M.L.

Mundu%20Zabalean

Bozen gorabeherak RDC-ko presidente bozetan

RDC siglarekin hasten gara aipatzen Afrika- Kongoko errepublika. Presidente bozak iragan berriak baitira estatu horretan abenduko azken igandean. RDC hara estatu bat lur gainean eta lurpean errealitate arrunt kontrakoak bizitzen dituena. Hain segur Afrikako lurperik aberatsena duen eremua dugu Kongo. Baditu nasaiki bere lurpean gordeak: kobrea, kobaltoa, koltena, diamanta, urrea, burdina, nikela, uranioa eta eztaina. Mundu zabaleko holding eta multinazionalak begiak zuriturik daude Kongoko lurpeko aberastasunei so, nola jabetuko diren aztertzeko, iragan berri diren presidente bozen ondotik Kongoren gidaritza hartuko dutenak nor izanen diren zain, beren estrategiak araberan egokitzeko. Kongoko errepublikan ibiltzen dena aldiz jabetuko da zalu lurralde biziki jendetsua eta gaztea dela, 80 milioi biztanlerekin, horien erdiak katolikoak. Kongoko barne produktu gordina 450 dolarrekoa da urteko jendeka; kasik zortzi milioi biztanlek ez dute bizitzekorik aski, horien artean 2,2 milioi haurrak. Azken presidente bozekin bururatu da Kongon Kabilatarren gidaritza aldia. Lehenik aita izan baitzen presidente, eta hau erail zutelarik 2000 urtean Joseph Kabila semeak kargua hartu baitzuen. Geroztik etengabe atxiki du 18 urte luzez, aldi honetako bozaldian ez aurkeztea erabaki du, hasiak ziren protesta manifestaldiekin egoera ez usteltzerat uzteko. Oposiziotik ari diren alderdi guziek bat egina zuten hautagai bat aitzinean emaiteko: Martin Fayulu. Bozketa nagusiki ongi iraganik bazirudien kontaketa biziki luze joanen zela. Hara non iragan ostegunean atera direla emaitzak: Felix Tshisekedi 55 urteko hautagaia atera da lehen lekuan bozen %38,57arekin. Martin Fayulu bigarren tokian atera da bozen %34,8arekin. Honek emaitzak jakin eta berehala errekurtso bat pausatu du Konstituzio- auzitegian. Publikoki azpimarratu du boz bulegoetan zituen lekukoek egin kontuen arabera bozen %61 bildu dela. Konstituzioauzitegiak ostiral honetan jakinarazi beharra du errekurtso horri zein segida emanen duen.

Réunion Islako 2015 haur Creuse departamenduan kokatuak

Michel Debré orduko frantses gobernu-burua ohartu zen Creuse bezalako kanpaina departamenduak azkarki jendez husten ari zirela. Lehenago diputatu egona baitzen La Réunion islan, ohartua zen hango jendetza zenbat zen nasaia, bereziki gazteriaz; ber denboran gaitzeko ezin bizian zaudelarik gehientsuenak. Orduan ez bai ez ezetz, La Réunion islako haur andana bat Creuse departamendurat ekarraraztea erabaki zuen. 2015 haur eta nerabe erakarriak izan dira La Réunion islatik Creuse-rat 1962 eta 1984 artean. Anitzak familia berrietan integratu dira, bereziki beren haurrei bezalako irakaskuntza maila berdina segurtatu ahal izan duten La Réunion-tarrak. Izan dira ere petto ez txikiak: Creuserat hel tzean berean haurrideak elgarretarik bereiziak, edo izen txiki ala deiturak aldatuak. Petto horien ondorio kaltegarriak plazara ateratzen hasi ziren 2010 urtetan. Lau urte berantago diputatuen ganbarak aitortu du jokabide horiek huts politiko bat izan direla. Orain ikusteko dago botere publikoek nola pagatuko dituzten huts kolektibo horiek. 2017an agertua den zazpi ehun orrialdeko txosten batean zehaztuak dira. Gobernuak ordea ez du oraino horko proposamenik gauzatzen, La Réunion islara beren familien bisitatzerat joaiteko gastuak salbu.

Carlos Ghosn presondegian laketu beharrean

Europan Renault, eta Asian Nissan eta Mitsubishi auto enpresak kudeatzen dituen buruzagi lehena preso, hauxe izan da joan den azaro hastapeneko aktualitate elementu nagusienetariko bat. Nissan-eko buruzagi batzuek salaketa eginik hara arrastatu zutela Tokyoko aireportuan bere hegazkinetik jautsi bezain laster. Orduan da ohartu zein desberdinak diren Europako eta Japoniako justizia. Leporatua izan zaion lehen bekatuarentzat, hori baitzen Nissan-etik 2010-2015 irabazien parte bat Japoniako administrazioari gordetzea, 22 egun atxikia izan da polizaren bistan abokatik ikusi gabe. Tarte horretan beste bi bekatu leporatu dizkiote: Nissan-eko 2015- 2018 irabazien parte bat gordetzea eta, bi aldiz jukutria bera baliaturik administrazioa nahitara engainatzea. Japoniako justiziak prozedura zuhurki betetzen segitzen du: bekatu bakoitzarentzat 22 eguneko galdeketaldia polizategian, beti ere akusatuak abokatik ikusi gabe. Hots, Carlos Ghosn-ek 66 egun iraganen ditu bere abokata ikusi gabe. Epe horren ondotik bakarrik preso ezarriko dute, abokatekin dosierrak aztertzen ahalko ditu. Hauek diote gutxienez sei hilabete beharko dituztela afera zinez konplikatu horren hariak deskorapilatzeko.

Notre-Dame-Des-Landes eremuan besta eguna ostegun honetan

Urtea zuzen betetzen da ostegun honetan NDDL-eko aireportu proiektua ofizialki ehortzia izan dela. Aireportu xede erraldoi haren kontra borrokatu direnek ez dituzte ahanztekoak emariaren kontra arraunka iragan dituzten urteak. Nahiz geroztik ere hainbat borroka egun eraman dituzten hortik lekuarazi nahi zituzten poliza indarren kontra, haientzat proiektuaren gelditzea da funtsezko garaipena. Historia zehatz eta hurbilak markatuko ditu ere NDDL-etik indarrez kanporatuak izan diren militante bereziak, ezohiko bizi eta lan molderi jarriak zirenak, botere publikoekin harremanik nahi ez zutenak. Hots urte betetze hori ospatuko dutenak botere publikoekin harremanetan dira, kili-kolo diren proiektu batzuk ordenagailutan ongi zehazturik aurkeztuak dituzte, dela estatua, dela 44 departamendua, dela NDDL inguruko herri elkargoei. Xede guziak jabetza kolektibo batean bilduak dituzte. Horren berme abiatua duten diru-kanpainaren berri emanen dute bestaburua deitua duten urte betetzearen kari ostegun honetan. Bestalde, “NDDL zain dezagun” lemaren pean Euskal Herrian muntatua den sustengu elkarteak hiru egun animazio antolatzen ditu heldu den ostegunetik larunbateraino, Hegoaldean barna: ostegunean Iruñean izan dira, ostiralean Gasteizen, eta larunbatean Gipuzkoako Beasain herrian.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3482. zbk

Dantzan ari direnak zozo batzuentzat hartzen dituzte musika entzuten ez dutenek

(Nietzsche)

Gure Hitza | 2019/01/17

Urte berriko xedeak

Menane Oxandabaratz

Zenbaitzuk urte bukaeran edo hasieran, egia erran bakoitzak bere metodoa, zerrenda bat osatzen dute edo buruan atxikitzen urtean zehar eginbehar batzuk edo beren izaeran aldaketa pertsonalak kanbiatzeko. Ez ditut xeheki aipatuko xede horiek zein diren, ehun aldiz entzun ditugunak baitira: erretzea gelditu edo kirola hasi... eta nik dakita zer, ororen buru ez direnak sekulan bururaino eramanak! Gero bizian beste xede edo helburu batzuk baditugu azkarragoak, ez direnak zuzenean aitzin aipatu gai horieri lotuak baina gehiago biziaren filosofia edo jendarteko ikusmolde politiko bati. Gauza hori ez da urte bateko xedea baina bizi proiektu batena, gure eguneroko izaeran eginahala zuzena izaitea sinesten dugunean edo artetan aldarrikatzen ditugun punduetan.

Badira ere urtean zehar garai batzuk kexu eta injustizia sentimendu bat sortzen dutenak. Hala nola berrikitan entzun dudalarik Carlos Ghosn, Renault-Nissan-eko zuzendari handia Japonian arrastatua izan dena, 15 milioi euro urte...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016