Kostaldean | 2019ko Urtarrilaren 17a
Kostaldean
Etxe bat lehertzeko irriskuan
Donibane Lohizunen, Herriko Etxeak hartu ditu neurri berezi batzu, frango xorrotxak, Jondoni Jakube karrikan, karrika horren zati labur bat zerratzeraino, auzoak oharturik, eta herriko zerbitzuak ere ba, etxe xahar bat lehertzeko heinean dela, gaitzeko arraildurak agertuak murru paretetan. Etxe hori aspaldian hutsa da (hogoi bat urte huntan segurik). Jabea, motaz donibandarra, Frantzia behere hortan bizi da. Segurtatu omen du behar diren obrak akulatuko dituela ahal bezen epe laburrean...
Aldaketa asko Ziburun
Ziburun, Herriko Etxeak muntatu agiantza-bilkura iragan da Bordagaindorrean. Herriko bozak hurbilduak dira bainan Guy Poulou auzapezak segurtatu du obra asko eginen dela oraino arte huntan. Besteak beste tenisgune xaharrean eraikiz lau edo bost ehun lagun kokatzen ahalko diren bilgune bat. Azpimarratu du ere indar berezi bat akulatu Odolki egileen xapelketak badu beti gaitzeko arrakasta! behar dela sozial-maileko bizitegi gehiago izan dadien herrian gaindi, Gurutze-Saindu auzoaldetik Zokoaraino. Horiek hola, helduden urtean beste aldaketa bat ere izanen da, auzapeza, 18 urte huntan kargutan dena, ez baita berriz hautagai izanen. Nor ote zerrendaburu Aupa Zibururentzat? Beren artean hautatzekoa dute otsail haste hortan eta hiru izen badira agertuak, Isabelle Dubarbier-Gorostidi, Jean-Jacques Gouaillardet eta Henri Hirigoyemberri, hiruak kontseiluan barne izanki eta bi lehenak axudant karguarekin.
Bidarten, obrak pilota plazan
Bidarten, pilota plaza bat untsa ederra bada herriaren bihotz-bihotzean, errebide handitik hurbil. Duela 60 urte muntatua izana. Herritarrak biziki atxikiak daude plaza horri, pilota partida frango hor egiten da bainan ere ikusgarri eta besta asko. Duela bi urte, ondoan den biltokia berritua izana da Kostakoak elkarteari esker. Orai, plazan berean beste obra batzu egitekoak dira herriaren kondu. Jartokiak behar dira barreatu eta berriak egin. Murru handia ere behar da azkartu. Tindu lanak ere badira hasian hasi egitekoak. Segurtasun neurriak ere gaurkotzekoak dira. Obra horiek hilabete huntan berean hasiz maiatzeko behar litazke bururatuak, gisa guziz uda sasoina aitzin... Bada 750.000 euroren gastua, Akitania-Berriaren diru laguntza batekin.
Bi erakusketa
Donibane Lohizunen, badira besteak beste bi erakusketa aipagarri keinka huntan. Alde batetik, Ttitto Aguerre xixelkariaren obra batzu Ilargi Urdina erakustegian, Thiers etorbidean, otsailaren 15-a arte, eta bestetik Pergola aldeko La Rotonde delakoan Dominique Picardat ziburutarraren margoak, otsailaren 10-a arte. Izadia gogoan eta omenduz Jean Bost donibandar erakasle zena, ingurumenaz arrangura handihandia bazuena.
Ehun urte!
Donibane Lohizunen, Urdazuri aldean bizi den emazte batek bete ditu bere ehun urteak. Deitzen da Dolores Torres Garate. Andaluzian sortua, gazte-gaztea etorria bere aitamekin Euskal-Herrirat, Espainiako gerlaren urte latz heietan. Luzaz jostun lanetan arizana. Alarguntsa, haurrik ez bainan ilobak ba artoski kasu egiten diotenak. Bera arras pixkor da oraino. Herriaren partez, Elisabeth Garramendia axudantak eskaini daizkio lore eder batzu bai eta xokoletak.
17.000 biztanle Hendaian
Hendaian ere giro onean iragan da Herriko Etxearen agiantza-bilkura. Kotte Ecenarro auzapezak azpimarratu du jendetza jaz ere emendatu dela, herriak badituela orai 17.000 biztanle. Eta halere prezeturtegia nahi dute zerratu, erabaki bat ezin onetsia dena! Auzapezak aipatu ditu hirian gaindi egitekoak diren obra asko, Hala nola aldaketa batzu eginen diren laster Herriko Etxearen aitzineko plazan bainan plazaren osoki arramoldatzea geroxago denen buru, ez baitira denak betan egiten ahal. Dei bat luzatu dio ere gobernuari, herrien ahalbideak emenda diten, hori dela garapen sano baten giltza.