Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2019ko Urtarrilaren 17a
Uztaritze
Jatsuko kermeza
Heldu den igande huntan San Sebastian bestakari dugu Jatsuko kermeza. Egunaz beti bezala meza bakar bat izanen da parropia osoarentzat beraz Jatsun (11:00). Ondotik zintzur bustitze eta bazkaria trinket ondoko gela berotuan. Tokiko kantari batzuk bazkaltiarrekin batera segurtatuko dute animazioa. Ongi etorri hoberena segurtatua da deneri.
Ongi etorri
Joan den ortzirale aratsaldean Herriko Etxeak gomita eginik, Lapurdi gelara hurbildu dira hautetsien ingurura 50 bat jende azken bi urte huntan Uztaritzera bizitzera etorriak direnak. Auzapezak ongi etorria eginik eman diote Herriko Etxeak egiten dituen lanen berri bai eta ere dituen egitasmoak, auzoetan diren batzordeekin elkarlanean. Ondotik sei axuantek hitza hartu dute bakotxak duen sailaren berri emaiteko: Mikel Goienetxek hirigintza, lur eremu okupatze eta bideetako obrak; Marie-France Semerenak komunikazioa, agenda 21 eta Tolosarekin senidetza; Denis Rouault-k kirol eta kultur elkarteekin batera; Françoise Gallois mintzatu da eskolez eta ikastetxetako gorabehera guziez; Jakes Drieux finantzietaz, eta azkenik Denise Cedarry ekintza sozialetaz eta elkartasunaz bereziki jende adinetakoen aldera. Bururatzeko auzapezak Euskal Elkargoa aipatu du eta Bil Ta Garbi elkarteko arduradun batek zer molde dagon Uztaritzen ondarkinen tratatzeko. Jende berria oso interesatua agertu da preziatzen zuela Herriko Etxearen urrats hori. Adixkidantzazko hurrupa bat eskainia izan zaiote ondotik.
Biltzar nagusi
Ur Begi elkarteak bere urteko biltzar nagusia eginen du ortzirale huntan (18:00) Lapurdi gelan. Elkarte handia baita eta ekintza desberdin frango baiterabilate kide guziak gomitatuak dira biltzar hortara.