Herriz Herri - Senpere (L) | 2019ko Urtarrilaren 17a
Senpere
Zinema Larrekon larunbatean:
"Au Pays des Basques" deituriko filma, Jean Faugeres eta Maurice Champres-ek egin zuten 1930ean, Gaetan Bernovillen zuzendaritzapean, hunek Euskal Herriari buruz anitz liburu idatziak ditu. Bigarren munduko gerla aitzineko herri eta hirietako egunerokoaren lekukotasun paregabeak eskaintzen dauzkigu, besteak beste Senpere, Azkaine, Lohitzune, Iholdi eta Aldudekoak. Ez da ez aktore ez elkarrizketarik, bizi eta kantuz ari diren herriko jendeak baizik. Eszena asko Senperen filmatu ziren, partikulazki Serres gazteluaren inguruan, Gaetan Bernoville baitzen jabea. Abenduaren 19an (19:30), Larreko salan emana izanen da urririk, Senpereko Kultur bai eta Ondare bai eta Jakintza elkarteak direlarik antolatzaileak. Hitzordu ezin hobea, garai bateko euskaldunen bizitzaren irudi batzuen ikusteko parada baginuke, ez huts egin.
SPUC batasunaren liburuxka eta egutegia:
Urtero bezala, kide asko ibili dira etxez-etxe urteberri onaren desiratzen eta ber denboran liburuxka eta egutegiaren banatzen. Dudarik gabe ekitaldi hunen bitartez diru sarrera batzuk segurtatzen dituzte, alabainan liburuxka hunek erakusten ditu, argazkiz ongi loraturik, zer ariketak eginak diren zazpi diziplina desberdinetan. Azken biltzar nagusian, bi lehendakariek bilduma baikor bat egin dute iragan urteari dagokionez, haatik lehen aldikotz elkarte hunen egoitzan ohointzak izan dira eta bandalismoa laguntzaileen autoetan. Elkartearen 50. urtemuga ospatua izan da joan den udan, giro ezin hobeago batean, 450 afari zerbitzatuak izan dira kantu eta musikaren erdian. Gaur egun 815 kidek osatzen dute elkartea eta kopurua azkartuz doa. Kirol mailan azpimarratzekoa da uztailaren 28an iragan den "Tour de France" delakoaren etapa ospetsua, baita pilotan esku huska plazan gure bi ekipek jantzi dituzten Euskal Herriko (Jaureguy-Azcona) eta Frantziako (Valencia-Bereterbide) txapelak. Bulegoak eskuak beti zabalik ditu edozoin sekzioetan laguntza ekarri nahi duten guzieri. Orain arte 6 sekzio desberdin aipagai ginituen (pilota, errugbia, esku-baloia, futbola, lasterka eta kanoekayakea). Azken batek egin du bere agerraldia, bizikletak, gaur egun 23 parte hartzaile baditu eta garatzeko eta indartzeko xedea dute.
"Appel Detresse" elkartearen agiantzak:
Dolosor Christiane buruzagiak eta elkarteko langileek nahi dute bihotz-bihotzez urte berri on bat desiratu bai eta eskertu beren laguntza hurbiletik ekartzen duten kide guzieri. Jakin behar da batzuen emaitzak eta bertzeen erosketek mozkina onak uzten dituztela. Etsenplu hauek argi dira erakusteko zer ekarpena duen elkarte hunen lanak. Joan den urtean igorri dute 16 815€ Togo herrialdeari 450 ikasleren eskolaren eraikitzeko, Haitiri 8 100€ osasun zentro batendako eta Madagaskar-era 5 900€ erradiologiako tresna batentzat. Ikusiz zer lan seriosa eramaiten duten bolondresen bitartez, merezi dute herritar eta auzo-herritarren parte hartze handiago bat, bihotz on guziak elkartuz gauza ederrak egiten ahal litaizke. Elkarte hunek gure esker bizienak merezi ditu.
Errugbian:
Joan den igandean, gure taldeak etxean ez du hasiera ona eman urte berri huntako lehen partidan, galdu baitu Nabarrenkoxeren kontra 9/12. Erreserbak aldiz nagusitu dira 17/12. Heldu den igandean jauzi bat eginen dute Larresoro aldera.