Gogoa hazi | 2019ko Urtarrilaren 17a

"Begiak bai, eta ez ikusten"(1)

David Acheriteguy

Pariseko auzo pobreetan, denda xume batzuk irekiak aurkitzen dira gaueko hamarretan ere berdin. Ardura asiar edo ipar-afrikarrek mantenduak, premiazko produktuak saltzen dituzte. Erosketa handiak supermerkatuan eginik eta afaria prestatzeko mementoan supiztekoak falta, goxo da auzoentzat karrika buruan holako denda ukaitea! Merkatariak, supiztekoak saldurik eta bihar agian gatz edo azukre paketa bat, egunean eguneko irabazi kaxkarrarekin bizi behar, etsipenari irria ordainduz... Horietako merkatari bat, goiz batez, dendaren irekitzera zihoala, bihotzekoak jota erori zen tanpez dendaren erdian. Denda hetsirik egon zen egun guzia, jabea barnean, ilunpean hilotzik. Gaueko hamarretan, denda hetsiaren aitzinean, auzoak zoin gehiagoka entzuten ziren zernahi erranka, karrikako beste denda hetsi guziak lekuko.

À¢'€'" Encore fermé!... Sale profiteur!... Qu'il retourne dans son pays!...(2)

Auzo ederretan aldiz, Opera edo Vendôme plazetan konparazione, ez duzu gaueko hamarretan sardina ontzirik aurkituko. Hango denden izenak urreztatutako letretan emanak dira, eta ezin hautsizkoen berinen gibelean, argi leinuru betean, urrezko eraztunak, lepokoak, eskumuturrekoak edo muntrak ageri dira, batzuk diamantez apainduak. Gaitzeko aukera ukanen duzu han oparitxo baten egiteko: 39 milioi euroko Graff Diamonds muntra xume bat(3) eman dezagun? "Azeriek badituzte ziloak eta aireko xoriek kafirak; gizonaren semeak, ordea, buruaren finkatzekorik ez du..." (Matiu 8,20).

Kartier horietan ez da eskale handirik ikusten, baitakite aberatsengandik eskaintza mehe dela. Egun batez alta, heietako bat han nonbait agertu zen ardi errebelatua iduri, zakur tzar mehe bat estekan. Azkenean jarri zen (edo hobeki erranez burtzoraturik erori) bitxi denda horietako baten aitzinean. Eskua lepora eramaten zuen, hatsa ezin hartuz bezala.

Aldi berean luxuzko Mercedes beltz bat aparkatu zen dendaren aitzinean. Txoferra zain, bi emazte jautsi ziren autotik eta dendan sartu. Ezagutuak ziren: berehala dendako saltzaile guziek lurreraino ahuspeka agurtu zituzten, kopetaz zola hunkitzeraino (mundu huntan dirua baino gurtuagorik ez da). Dendako nagusiak keinu bat egin zion ate aitzineko zaindariari, eskalea urrun zezan, eskaleak ez baitira desiragarri bezero ospetsuen zangopetan. Emazteek ez zuten Graff Diamonds muntrarik erosi, nahikoa bazutelako. Oren bat egon ziren diamantez jositako bi lepokoren aitzinean, alegia ez jakin zein hartu. Zaila da aberats izatea... Hori aberatsen arteko jokoa da, diruak permititzen duena, azkenean biak hartu baitzituzten. Dendako nagusiak, bere zeregin guziak utzirik, ezin sinetsizko egonarria erakutsi zuen (pazientzia gehiago hartzen denik, mundu huntan ez da diruaz besterik).

Dendatik ateratzean, bakoitzak bere lepokoa papoan, eskalearen zakurrari ohartu ziren emazteak.

À¢'€'" So egizu!... Gaixo xakurra, zein mehe den!... egin zuen batek eta bixkotx zati bat zakutik atera eta zakurrari eman zion.

À¢'€'" Eta estekan gainera!... segitu zuen, ohartu gabe sokaren beste muturrean azken hatsetan zen gizagaixoari. Honek, hiletsian, iduri zuen lo... Arratsalde guzian, aitzinetik zebilen jendeak ez zion kasurik egin eta gauaren erdian polizia patruila batek eraman zuen gorputza. Txoriak gordetzen dira omen hiltzeko. Eskaleak ordea, karriketan dira nora joan ezinik hiltzen eta aberatsak, Jainkoaren Erreinuan, amodio eskale bihurtzen.

(1) Salmoak 115 5,6

(2) À¢'€'" Oraino hetsia!... Baliatzaile zikina!... Itzul bedi bere herrira!...

(3) https://www.themilliardaire.com/montres/hallucination-pargraff-diamonds-11832/

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3482. zbk

Dantzan ari direnak zozo batzuentzat hartzen dituzte musika entzuten ez dutenek

(Nietzsche)

Gure Hitza | 2019/01/17

Urte berriko xedeak

Menane Oxandabaratz

Zenbaitzuk urte bukaeran edo hasieran, egia erran bakoitzak bere metodoa, zerrenda bat osatzen dute edo buruan atxikitzen urtean zehar eginbehar batzuk edo beren izaeran aldaketa pertsonalak kanbiatzeko. Ez ditut xeheki aipatuko xede horiek zein diren, ehun aldiz entzun ditugunak baitira: erretzea gelditu edo kirola hasi... eta nik dakita zer, ororen buru ez direnak sekulan bururaino eramanak! Gero bizian beste xede edo helburu batzuk baditugu azkarragoak, ez direnak zuzenean aitzin aipatu gai horieri lotuak baina gehiago biziaren filosofia edo jendarteko ikusmolde politiko bati. Gauza hori ez da urte bateko xedea baina bizi proiektu batena, gure eguneroko izaeran eginahala zuzena izaitea sinesten dugunean edo artetan aldarrikatzen ditugun punduetan.

Badira ere urtean zehar garai batzuk kexu eta injustizia sentimendu bat sortzen dutenak. Hala nola berrikitan entzun dudalarik Carlos Ghosn, Renault-Nissan-eko zuzendari handia Japonian arrastatua izan dena, 15 milioi euro...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016