Inbido | 2019ko Urtarrilaren 17a
Ilargiaren eskualde gordea
Muslaria
Ilargia noiznahi ikusten ahal dugu. Gauaz berdin eta orduan ilargi xuritarat ibiltzen ahal gira ttipi-ttapa harat eta hunat. Egunaz ere ba haatik eta badira gogoetatuak daudenak hori zendako den hola, ez dugula untsalaz ilargiaren beharrik iguzkia hor delarik... Ilargiaren itxura biziki kanbiakor dago. Batean xirrixta mehe luzexko bat, bestean iduri pilota borobil bat... Gisa hortan ilargiak badu bere gorapena eta badu bere beherapena. Lehen baserritar gehienek beren kanpoko lanentzat biziki kasu egiten zuten gorapenari eta beherapenari. Orai aise gutiago naski... Eta gero bada gauzaño bat zoini ez baigira guhaur aise ohartzen bainan jakintsun guziek segurtatzen daukutena, ilargiaren eskualde bat baizik ez dugu ikusten ahal, beste eskualdea arrunt gordea baitzauku. Hauxe da bitxikeria hori ere! Bitxikeria ditake beharbada bainan badaki gu zerk egiten duen hori. Ilargia itzulikatzen da bi gisetarat. Bera alde bat itzulika dabila bainan Lurra baino biziki arraposkiago, gure 27 egun baino gehixago emanez itzuliaren egiteko, eta bestetik Lurraren inguruz inguru ere itzulikatzen da eta bigarren itzulikatze horrentzat denbora ber-bera emaiten du, gure 27 egun. Denbora ber-bera emaite horrek badu ondorio bat ez nola nahikoa: horrek egiten du beti ilargiaren eskualde bera ikusten dugula, sekulan ez bestea...
Gaitzeko balentria!
Bainan zendako ari gira gai hortaz? Zeren-eta berrikitan, urtarrilaren 3-an, xinatarrek espazio-tresna bat, ilargirat buruz igorria zutena, pausarazi baitute gordea den eskualdean. Badute funtsean espantu gisa hortan egin duten balentriarekin... Eta lehenak izanik eskualde gorde hartarat zerbait helarazteko... Han pausatu muntadurak ez daude segur alfer, zernahi argazki igortzen dute eta beste argitasun frango ere ba. Pazka baliosa ilerle ainitzendako. Egia erran, jadanik ere baziren hango argazki batzu lurreratuak, ilargiaren itzulia eginez han gaindi ibili espaziotresna berezi batzuk hartuak. Lehen argazkiak errusiar ikerle badakibatzuri esker hartuak 1959-an. Hamazazpi bakarrik eta ez hain onak, frango fluxak. Aise gehiago eta aise argiagoak 1965-ean eskuratuak, berriz ere errusiar batzuk kudeatuz behar zen tresneria.Urrats bat gehiago, eta ez entraalekoa, 1965-ean, amerikar edo amerikano zeru-tresna bati esker. Jende batzu ere harat hurbilduak orduan, bainan hurbilduak bakarrik, han pausatu gabe, denak amerikanoak, Apollo izeneko ibilaldi batean parte hartzen zutela... Horietarik izanki William Anders kosmolaria, lehen-lehena izan zena bere begiz ilargiaren eskualde gordea ikusi zuena. Orai beraz joanden egunean han nunbait pausatu tresnarekin eta bereziki harekin dabilan Yutu robot delakoari esker bada ikaragarriko argazki uzta eta ilargiaren eskualde gordea nolakoa den ainitz gisetarat hobeki ezagutzeko moldea. Oro har, eskualde horrek ez omen du haatik deus arrarorik. Badu ikusten dugunaren eite handia bainan ozka eta zilo gehiago, handiagoak diren arroila batzuekin. Zer irabazten dugu ilargiaren eskualde gordea hobeki ezagutuz? Zuk eta nik deusez edo gauza guti, salbu badugu froga bat jendea gai dela ilargiko berri ainitzen gisa hortan biltzeko, hola gure jakitatea emendatzen da nahitez. Eta nork daki, noizbait jin ditake eguna jakitate hori aitzina emendaturik jendeak joanen baitira ilargi gorde hortarat, oporraldi batentzat, bazter ikuska, aski sosduna izanez bixtan da, edo handik ekartzeko gure artean baliagarri litazkeen gauza batzu... Dena den, haizu da ere pentsatzea hola xahutu dirua beste zerbaitetan aise hobeki baliatua litakeela...











