Euskal diaspora | 2019ko Urtarrilaren 17a
Euskal Etxeen Mundu-Batzarra, Euskara eskolak AEBetan eta gehiago...
Joseba Etxarri
MUNDU-BATZARRA.
Plazaratu berria du Eusko Jaurlaritzak noiz eta non eginen den 2019 huntan euskal diasporaren helduden mundu mailako biltzarra. 'Euskal Gizataldeen Mundu-Batzarra' Bilbon eginen da, urriaren 4tik 6ra, eta mundu osoko euskal etxe eta komunitateen ordezkariak bilduko ditu. Jakina denez, lau urtean behin egiten dira honelako mundu-bilkurak, eta aurtengoak "munduratzen diren egungo gazteen eta gure diaspora tradizionalaren arteko bat-egite ahalegin uztartua" sustatzea ukanen du helburu, "nazioartean euskal sareak emeki sortzen segitzea eta aitzinaraztea, eta sinergiak batzea".
GAZTEMUNDU.
Euskal diasporaren elgarretaratze behinena da Mundu-Batzarra, eta karia horretara aurtengo Gaztemundu honi loturik agertuko da, lau urtean behin agitu ohi denez. Mundu osotik etorriko diren euskal etxeetako 15 gazteak Mundu-Batzarrean parte hartuko dute lehenik --ahotsa dutela, baina bozka ez, hori herrialde bakotxeko ordezkariei dagokie-- eta ondoren, urriaren 6tik 20ra, Euskal Herrian geldituko dira, aurten "euskal etxe eta elkarteen kudeaketa" ikasgai hartuko duen edizioan.
EUSKARA AEBetan.
Ipar Ameriketako NABO euskal etxeen federazioak bere euskara eskoletan parte hartzera deitu du: batetik, ikasleei, euskara ikasi edo hobetzeko aukera emanik; eta, bestetik, euskara irakatsi nahi dutenei, irakasleen beharra dagoela baieztaturik. Egun hainbat hiri eta euskal etxetan ikas daiteke euskara Ipar Ameriketan: Boston, New York, Washington DC, Denver (CO), Salt Lake City (UT), Boise eta Homedale (ID), Reno (NV), Rocklin, Los Banos eta San Frantziskon (CA)... baita Montrealen ere. Online ere ikas daiteke, eta baita bideokonferentziaz ere, guzia NABO eta Etxepare Euskal Institutuaren eskutik. Argibide gehiago, Nabasque.eus-en.
NEVADAKO EUSKALDUNAK.
Bere lehenengo liburua plazaratuko du martxo huntan egun AEBetan bizi den Iker Saitua ikertzaile getxoztarrak (Bizkaia). Izenburua, "Euskal immigranteak eta Nevadako ardi industria" (Basque Immigrants and Nevada's Sheep Industry). 1880-1954 urte tartea aztertzen du. Argitaratzaile, University of Nevada Press.
Àƒ'œDA BATEZ, PAUEN.
Ez ahantzi bestenaz, helduden ebiakoitzean estreinatuko dela Paueko Zenith aretoan 'Àƒ'œda Batez' xiberotar dantza garaikide emankizuna, aitzinetik hemen berean iragarria dugunez eta Lagunt eta Maita euskal etxea partaide. Eta hori guzia, Donostian eta munduko hainbat lekutan Danborradaren azantza airean dela, igande huntan baita San Sebastian eguna. Bestara!











