Hegoaldean | 2019ko Urtarrilaren 17a

Hegoaldean

Hegoaldean

Orain presoak: mundu bat Bilbo eta Baionan

Mundu bat bildu da Bilbo eta Baionan presoen aldeko eskubideak aldarrikatzeko. Polizaren arabera 85 000 bat baziren Bilbon. Alderdi guziek, salbu PPk, sustengatzen zuten. Manifestazioan itxaropena eta kezka adierazi dituzte Sareko antolatzaileek, "orain arteko aldaketa txikiak ikusita, eta aldaketa horien erritmoa ikusita, zuhurtzia eta ez jakintasunen urtea" izanen dela uste baitute. Urratsak egin direla azpimarratu dute, baina Sanchezen gobernuaren preso politikoen inguruko mezu itxaropentsu horiek, oraingoz errealitatean hitzetan besterik ez direla diote. Eskerrak eman dizkiete manifestazioetan parte hartu duten alderdi, sindikatu eta eragileei. Presoen eskubideak hauteskundeetan ez erabiltzea eskatu diete alderdi politikoei, presoen kasua "agendaren lehentasunezko gaia" izan dadila eskatuz. ETAren desegitea "bake prozesuaren bidean bereziki garrantzitsua” izan zela azpimarratu dute. "Gure herrian urte luzez min eta sufrimendua sorrarazi duen indarkerietako bat behin betirako" desagertzea oso baikortzat hartuz. "Herritar askok eta askok garai ilun bati amaiera eman zitzaiola sentitu genuen", gehitu du Sarek.

Chillida Leku berriz idekiko

Chillida Leku museoak helduden apirilean idekiko ditu berriro ateak, zortzi urtez hetsirik egon ondoan. Eduardo Chillida zizelkari artista donostiarraren familiak jakinarazi du Hernaniko Zabalaga baserriaren inguruan zaharberritze lanak egiten ari direla. Horrez gain, instalazioen errespetuzko eguneratzea egiten ari dira. Hauser & Wirth galeria suitzarraren eskutik idekiko du Chillida Leku familiak Hernaniko museoa, Mireia Massague, Bartzelonako Gaudi zentroko buru izandakoa, zuzendari duela.

Amurrioko baserri baten kontrako tiroak

Gertakari larria Amurrion, Arabako herrian gertatu dena: norbaitek tiro egin du baserri bateko leihora. Ezker abertzaleko kide ezagunak bizi dira baserrian presoen aldeko ikurra ezarririk etxe aitzinean. Ustez tiro egilea, 74 urteko poliza ohia identifikatu eta arrastatu du polizak eta laster eramanen dute epailearen aitzinerat. Ezker abertzaleak gogor salatu du erasoa kutsu politikoa zuela argudiatuta. EAJk zuzendutako Amurrioko Udaleko alderdi guziek aho batez gaitzetsi dute Lezamako baserrian gertatua eskuin muturreko kide erradikalak ausartzen direla gero eta gehiago erasoak egiten ohartaraziz. Amurrioko erasoa "oso larria" izan dela eta, hala ere, hainbat komunikabide eta alderdi politiko isilik egon direla salatu du Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak. Amurrioko gertakari larria gaitzesi du Ortuzar EAJko buruak, EHBildu eta Sorturi galdatuz beste eraso batzuk gertatzen direnean indar berarekin gaitzesteko.

Hegazkin ezbeharra Hernio mendian

Portugaletik ateraia zen hegazkin ttipi bat lehertu da Hernioko mendiaren mazelan. Eramaten zituen bi pertsonen gorputzak aurkitu dituzte. Hondarribiko aireportuan gelditu behar zuen. Ertzaintzako eta suhiltzaileetako sokorri taldeek hegazkinaren hondakinak aurkitu zituzten mendian. Hil diren bi pertsonak gizonezkoak dira, britainiarrak.

Polizaren torturak salatuak

1975ean eta 1976an, Tolosako Guardia Zibilaren kuartelean ustez jasandako torturak salatu dituzte sei pertsonek. Guziek “Jesus Muñecas eta beste guardia zibil batzuen ekintza kriminalak justiziaren eskuetan jarri nahi dituzte, urteetan zehar Tolosa, Donostia eta Zarautz aldeko milaka gazte antifrankista ikaratu zituztelako”, agirian azaldu dutenez Muñecas kapitaina salatzeko eta epaileen aurrean deklaratzeko “beste biktima batzuk beren itzulia itxaroten ari dira”, baieztatu du plataformak. Maria Servini Argentinako epaileak Muñecasen estradizioa eskatu zuen 2014an, Juan Antonio Gonzalez Pacheco “Billy el Niño” Espainiako polizia torturatzailearenarekin batera, baina Auzitegi Nazionalak berriz emaitea errefusatu zuen, delituak preskribaturik zeudela erranez.

1937an fusilatutako bost milizianoren gorpuzkiak familiei eman dizkie Jaurlaritzak

Gudarosteko (PCE-EPK) bost milizianoren gorpuzkiak familiei eman dizkiete Iñigo Urkullu lehendakariak eta Eusebio Larrazabal Zeanuriko (Bizkaia) alkateak. Zeanuriko Altun mendian fusilatu zituzten, 1937an. Gazte fusilatuak Eusko Gudarosteko milizianoak ziren. Tropa frankistak aurrera egitea trabatzeko, borroka egin zuten Barazar Mendate inguruan. Altun mendiko basoetan zilatutako trantxada batean fusilatu eta hobiratu zituzten, tresna eta identifikazio txapekin batera. 2017ko azaroan topatu eta hobitik atera zituzten, 80 urte berantago. Joseba Ezeolaza Nafarroako fusilatuen senideen bozeramaileak dioenez, 3 400 hildakoz gora izan ziren 1936ko gerlan eta oraindik 1 000 gorputz inguru desagerturik daude Nafarroan berean.

Ikurrina ezartzea delitu Iruñean

2017ko uztailaren 6an, Sanferminetako txupinazoan, Iruñeko Udaletxean ikurriña jartzea “legez kontrakoa” izan zela berretsi du Nafarroako Auzitegi Nagusiak. Iruñeko Epaitegiak hartutako erabakiaren aurka helegitea aurkeztu zuen hiriburuko Udalak, baina Nafarroako Auzitegiak atzera bota du. Enrique Maya (UPN) zinegotziak eta Estatuko Abokatutzak helegitea jarri zutenean hasi zen auzia. “Legeak, zalantzarik gabe, ikurrina Nafarroan erakustea ez du babesten”, eraikin publiko batean ofizialak ez diren beste banderak ezartzeko aukera emaiten duen araudirik ez dagoela gogorarazi dute epaileek.

Urkullu lehendakaria Estrasburgoko auzitegian

Iñigo Urkullu lehendakaria Estrasburgora joanen da urtarrilaren 18an, Rene Cassin legelari lapurtarrari eginen dioten omenaldian parte hartzeko. Bidenabar Guido Raimondi Giza Eskubideen Auzitegiko presidentearekin bilduko da. Urkullurekin Maria Elorza Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia eta Jonan Fernandez Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusia bidaiatuko dira. Bidaia horretan Raimondirekin bilduko da lehendakaria, eta biek parte hartuko dute Giza Eskubideen egoitzan Rene Cassin-i egingo dioten omenaldian, legelariari Nobel Saria eman zioten 50. urteurrena betetzen baita. Justiziari doazkion beste gai batzuk ere aipatuko dituzte.

La Naval: etorkizuna zalantzan

Naval ontziolako 150 langile, Navantia talde publikoan berriz kokatzeko engaiamendua berretsi die SEPI Espainiako Industria Partaidetzarako Estatuko Sozietateak. Langileek bi aukeren artean erabaki behar dute: batetik, Navantian jarraitzeko Galiziako Ferrolera edo Andaluziako Cadizera joaitea eta bestetik, Sestaon argi ez daukatena lanpostuaren atxikitzea. Sindikatuek gogor kritikatu dute Industria Ministerioaren jarrera: "Mobilizazioak gogortzen badira, ardura Espainiako Gobernuarena eta Eusko Jaurlaritzarena izanen da, arazoari irtenbide bat ematen saiatu ere ez baitira egin".

Korrika 21 badator

Apirilaren 4an hasiko da Garesen, eta 14an amaituko da Gasteizen. Ohi bezala, aurreko KORRIKA bururatu zen herrialde berean hasiko da aurtengoa: Nafarroan. Iruñea izanen da lehen hiriburua bidean: hilaren 6an. 11 egun, zazpi herrialde, 2.560 kilometro, “Klika” leloarekin eginen dute Korrika aurten: euskararen alde “Klika” egitera galdatuz. Iparraldetik bi agerraldi eginen ditu.

Pentsiodunak mobilizatuak

Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak mobilizazioekin jarraitzea erabaki du. Oraingoz ez dutela ezer lortu adierazi dute, eta urtarrilaren 19an Bilboko "kaleak betetzera" animatu dituzte herritarrak. Duela urtebete, 2018ko urtarrilaren 15ean abiatu zituzten protestak. Horregatik, datorren astea berezia izango da pentsiodunentzat, asteleheneko ohiko elkarretaratzean ez ezik, larunbateko martxan ere aterako baitira kalera, protesta egitera.

Nafarroan hartzek sortu arazoak

Landa Garapen, Nekazaritza eta Abeltzaintza kontseilari Isabel Elizaldek baieztatu du Pirinioetan hartzak aske uztea Frantziako Gobernuak hartutako erabakia izan zela, eta horrek sortutako "arazoak" arindu nahian dabiltzala orain. Hartzek jadanik lau eraso eginak dituzte Uztarroz-Isaba aldean. "Pirinio osoari eragiten dion plan bat garatu beharra dago, hots, Kataluniako, Frantziako eta Euskal Herriko mendi inguruak barne hartzen dituen egitasmo bat", erran du kontseilariak. Horretarako, 57 neurri aurkeztu ditu Nafarroako Gobernuak, eta plan horren garapenerako 150.000 euro bideratu ditu. Nafarroako Gobernuak erabaki horrek eragindako "ezinegona" adierazi die Frantziako eta Espainiako gobernuei, "arazoak ekar litzakeela" eta "aldebakarreko erabakia" izan dela erranez. "Atzera bota ezin den" erabakia dela kritikatu du Elizaldek. Halaber, ziurtatu du afera horretan nahastutako pertsonekin hainbat bilera izan dituztela, dela tokiko erakundeekin, dela abeltzainekin.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3482. zbk

Dantzan ari direnak zozo batzuentzat hartzen dituzte musika entzuten ez dutenek

(Nietzsche)

Gure Hitza | 2019/01/17

Urte berriko xedeak

Menane Oxandabaratz

Zenbaitzuk urte bukaeran edo hasieran, egia erran bakoitzak bere metodoa, zerrenda bat osatzen dute edo buruan atxikitzen urtean zehar eginbehar batzuk edo beren izaeran aldaketa pertsonalak kanbiatzeko. Ez ditut xeheki aipatuko xede horiek zein diren, ehun aldiz entzun ditugunak baitira: erretzea gelditu edo kirola hasi... eta nik dakita zer, ororen buru ez direnak sekulan bururaino eramanak! Gero bizian beste xede edo helburu batzuk baditugu azkarragoak, ez direnak zuzenean aitzin aipatu gai horieri lotuak baina gehiago biziaren filosofia edo jendarteko ikusmolde politiko bati. Gauza hori ez da urte bateko xedea baina bizi proiektu batena, gure eguneroko izaeran eginahala zuzena izaitea sinesten dugunean edo artetan aldarrikatzen ditugun punduetan.

Badira ere urtean zehar garai batzuk kexu eta injustizia sentimendu bat sortzen dutenak. Hala nola berrikitan entzun dudalarik Carlos Ghosn, Renault-Nissan-eko zuzendari handia Japonian arrastatua izan dena, 15 milioi euro urte...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016