Azalekoa | 2019ko Abenduaren 12a
Etxetiargoaz Amikuzen
M.O.
Berrikitan astekari huntan berean Amikuzeko berriketariak aipatu dauku, hitzaldi bat eskainia izan zela Amikuzen etxetiar ziren laborarieri buruz. Ikerketa lan hori Jean-Claude Mailharin-ek eraman du, bere erranetan, anitz aldiz entzuten zituen ohar batzuk Amikuzeri buruz: erdi-biarnesak zirela, euskara ez zela gehiago mintzatzen... laborantza saila produktibista zela. Etxetiar seme izanez, pentsatu du interesantea izanen zela erakustea Amikuze eskualdearen egoera sozio-ekono
Gogoeta baten abiapuntua Zabalik elkartean hasi ziren gogoeta batzuk jakiteko euskara nola garatu, eskualde hortako historia ikertu jakiteko zergatik egoera hortan ziren. Jean-Claude Mailharin- ek zioen amikuztarrenganik senditzen zela sabelako min bat bazegoela, gogoeta kolektiboki eraman behar zela, barnean zegoena nunbaitik ateratu behar zutelakoz. Lehen pausu batean bilatu zuten ikasle edo ikerlari bat gogoeta lan horren eramaiteko, nehor ez atzemanez kargu hori berak hartu zuen. Erretretan sartu berria, jadanik hasia zen eihera batean bizi izanez, ikerketa baten egiten bere eskualdeko eiheren historiaz. Etxetiarreri buruzko lana hasi zuelarik, laster ohartu zen eiheren eta etxaldeen jabeak berdinak zirela, eginak zituen ikerketa batzuk osagarri zirela etxetiargoari buruz. Bere erranetan, amatur bat bezala hasi zen, xuxen jakin gabe zeri buruz abian zen, herrietan bazituen ezagunak, heieri buruz abiatu zen, banazka elkarrizketatuz. Jean- Claude Mailharin-ek zioen, pertsona horiekin solastatuz ohartu zela bazirela barneko minak, sozial klase xume bateko jendeak izanez, jasan zituztenak beren baitan barneratuak zituztela. Ikerketa lanaren emaitzak Amikuztarra hasi zen liburu batzuen irakurtzen, ohartu zen ez zela informazio handirik, bakarrik 1965ean Marie-Paule Loustalot-ek egin lan bat, xehetasun gutirekin. Herrietako kadastrak begiratu zituen, jakin nahian 1946an zenbat etxetiar bazen. Ondotik parropietako labori xaharrak banazka elkarrizketatu ditu, xuxen jakiteko etxeko jaun edo(ta) etxetiar ziren. Emeki-emeki zenbaki konkretuak atera ditu, ikerketa egiteko Amikuze historikoaren lurraldea hartu du informazioen bila joaiteko, 43 parropietan 1.215 etxalde baziren, horietan 630 etxetiar. Adibide batzuk eman dauzkigu ikusteko herri guzien egoera ez zela berdina: Gamuen 18 etxaldeetarik 16 etxetiarrak ziren, Oihergin 14 etxaldetarik 2 etxetiar, Amenduze- Onason 36 etxaldetarik 27 etxetiar. Beste zenbaki adierazgarri bat emaiten zaukun, 630 etxetiar baldin baziren, 304 zirela lur horien jabe. Zenbaki horiek frogatzen dute, Amikuze eskualdean deitzen ziren "Jaun" batzuen esku zela laborantza arloa. Jaunttoen poderea Jean-Claude Mailharin-ek zioen 3 klase desberdin bazirela jabe horietan, 221 lurjabe handiak, hauek etxetiar anitz zituzten, 83 bizpahiru etxetiar zituztenak eta gaineratekoak etxetiar batekin zirenak. Amenduztarrak zioen lur-jabe izaiteak, emaiten zaiela jendartean sozial postu inportante bat, denak beren esku izanez. Horren ondorioz lekuko politikarako karguak beren esku zituztela, izan auzapez edo(ta) kontseilari nagusi, herritarrak beren meneko atxikiz. Etxetiar batzuk kontratuak urtero arraberritu behar zituztelakoz Jaunttoek beren peko atxikitzen zituzten, etxetiarrak heien beharretan izanez laborantzan artzeko, hots beren familien altxatzeko. Anekdota kondatzen du, entzuten zela "Don Martin heldu duk!" edo "Martineko kanpo" presioa emanez etxetiarreri. Lekukotasunak bildu dituelarik, erraiten zaukun jende batzuk negarrez ikusi dituela, erakustera emanez zenbaitzuk zapalkuntza handia jasan zutela. Baina gauza pollitak ere kondatuak izan zaizkio, jukutria batzuk eginak zakuak kondatzerakoan, Jaunttoa engainatzen zutela. 1646 urtea, urte inportanta Gerla ondotik lege berri bat pasatu zela azaldu dauku Jean- Claude Mailharin-ek, etxetiarren kontratuak aldatzen baitziren. Legeak zangoz gora bota zuen etxaldeen alokatzeko sistema, etxetiarreri estatus berri bat emanez, "aferma" onartuz, etxetiarrak segurtasun bat bazuen ez nola-nahika kanporatua izaiteko, bai eta mozkinen partekatzeko moldean (aitzin 2/3 jabea, 1/3 etxetiarra). Legea pasatu bazen ere, jabeek ez zuten berehala hori onartu, amikuztarrak kondatzen zaukun 100 bat auzi iragan zirela. Auzi horiek kokatzen dira testuinguru berezi batean, FNSEA sindikatuaren sorrerakin. Ellande Massonde Amikuzeko etxetiarrak lan ikaragarria eraman zuela zioen, bera lehena izan baitzen bere jabea auzitan ezarri zuena eta ondotik beste batzuk lagundu baitzituen. Jean-Claude Mailharen-en erranetan holako pertsona bat ez da aski aipatua izan, hari esker sortu baitzen etxetiarren kontzientzia hartze bat. Historia jakinarazi Jean-Claude Mailharen-en ikerketa lanaren berri Gamuen lehen aldikoz emana izan da, zioen Zabalik elkarteak asmoa lukeela egin ikerketa hunen berri emaitea Amikuzen herriz-herri ibiliz, gehienen historia delakoz. Ondorioak utzi dituela azaltzen zuen, psikoanalisia kolektibo baten beharra senditzen du. Gamuen emana izan den hitzaldian frogatua izan dena, anitz hurbildu baitira, 20 urtetik 85 urte arte, frogatuz ez dela lehen gertatu gauza bat, baina bai erroak lurralde baten historia sozial batean oinarrituak.










