Azalekoa | 2022ko Uztailaren 28a

Ipar Amerikan bizi... bihotza Euskal Herrian!

M.O.

Ipar%20Amerikan%20bizi...%20bihotza%20Euskal%20Herrian!

Kati Bidegaray Montanan bizi da, berrikitan oporretara Euskal Herrira etorri da, Herria astekariko bulegotik pasatu da gure agurtzera. Baliatu gira harekin mintzatzeko.

Sustraiak Ipar Euskal Herrian

Kati Bidegaray Sidney hirian bizi da, Montana eskualdean, abokatu formazioa segitu badu, gaur-egun epaile da. Aita Pettan Bidegaray Mendiben sortua eta ama Thérèse Ithurbide Ahatsan, erroak Garazin ditu. Pettan Bidegaray, 1951n, osaba bati buruz Estatu Batuetara joan zen, harekin artzaingoan plantatu zen. Zenbait urte berantago familiaren ikustera berriz Euskal Herrira itzuli zen, 1958an Thérèse Ithurbiderekin ezkondu eta bikotea Estatu Batuetara joan zen, sei haur ukan zituzten, Kati gehiena dela. Katiren amaren anaia batek laborantzan lana aurkitu zeien, ardi tropa muntatu zuten eta ogia lantzen hasi ziren. Betidanik aitamek Euskal Herria aipatzen zutela zioen. Hemengo ohidureri atxikiak, amak euskal tradizioan sukaldatzen zuen, egiten zuen katalanbroxa oraino gogoan duela! Euskal kantuak ere familian leku handia zuen, aldiz berak erraiten zaukun bezala euskal dantzak etxean ez dituzte ikasi, hain segur burasoek ere ez zakitelako. Amerikan bizi baziren burasoak Euskal Herriko bizitzeko moldea atxiki dute, beren haurreri pasatu dutena, familian euskaraz hitz egiten zuten.

Katik 5 urte zituen lehen aldiz Euskal Herrira bisitaz etorri zelarik, orduetan 4 haurride ziren, bere ahizpa ttipiak zenbait hilabete baizik ez zituela. Orduetan burasoak Garazi eskualdera 7 urtetatik heldu ziren, berantago usuago etortzen hasi ziren.

Bidegaray familiak ahaidegoaren bidez hemengo berriak eskuratzen baldin bazituen, Katik erraiten zaukun familian kartsuki, bereziki amak, astero Herria astekaria irakurtzen zutela, sorterriarekin lotura zerbait lortzen zutelako.

Amerikako bizitza

Aitamak laborantzan plantatuak baldin baziren, Kati Bidegarayk kontatzen zuen, Montana, izenak berak dion bezala, mendi eskualde izanez hotz handiak egiten dituela. Burasoek beren heziketan lanaren balorea ukan zuten, hori beti atxiki dutena, orenak kontatu gabe beti lanean. Katik zioen hain segur horren ondorioz Pettan Bidegaray aita, 55 urtetan hil zela.

Kati Bidegarayk konstatazioa egiten zuen, Euskal Herriari konparatuz, Ipar Amerikan denak lasterka ibilki direla, fite egin beharraren sentsazioarekin. Hemengo bizitza amesten zuela agerrarazi dauku.

Ipar Amerikan gertatzen diren lege batzuk gogoan zituen, horietan bereziki emaztek abortatzeko eskubidea kendua izan zaiela, amerikar jendartearen gibelatze handia sentitzen du. Bestalde jendartean armen erabiltzeko ohidurak ekartzen duen giroa ezin onartua dela adierazten zuen. Klima aldaketak arrangurak sortzen zaizkio, amerikar agintari politikoen axolagabekeria, bai eta enpresek botatzen duten kutsadura. Sozial sailean ere gauza anitz aldatu behar direla zioen, horietan erretretarena, gutienik 65 urte arte lan egin behar dute, baina gehienek bizitzekoa ezin baitute lortu, anitz urtez gehiago lanean ari dira.


Ipar Amerikako sistema politikoa

Lanbidez jurista izanez, Ipar Amerikako konstituzioaren berri eman dauku, 3 partetan banatua dela azaltzen zuen.

Estatu Batuetako botere judiziala Auzitegi Goren baten esku gelditzen da. Auzitegi Goreneko epaileak betirako izendatuak dira. Hor direnak eskuinekoak direla zioen, kontserbadoreak izanez, hauek dituzte abortua bezalako legeak ezeztatzen. Beste instantzia kongresua da, estatu bakoitzeko ordezkariez osatua, bi urtero hautesleek hautatzen dituzte. Azkenik botere exekutiboa, lau urteko epean presidente batek kudeatua.

Kati Bidegarayrentzat, sistema horrek sortzen dituen akatsez gain, Ipar Amerikako historia ez da behar den bezala kontatua. Inoiz ez da beltzen edo(ta) indianoen ibilbide historikoa aipatzen, damutua da amerikarrek ez dutela aski beren baitan galderarik pausatzen, telebistan ikusia dutena dutela hartzen.


Elkarrizketa egin dugun egunean emozioz beterik Kati Bidegaray berriz Ipar Amerikara itzultzen zen, hitz hauekin bururatu du solasaldia: "Hemen egonik, Euskal Herriko bihotza haurreri emanen diet, biziki kontent naiz euskalduna naizela!".

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

Azalekoa | 2022/07/28

Irakurlea mintzo: Ortuzar Heraitzen

Gabi Oiharzabal

Nork pentsatuko zuen EAJko buruzagi gorena, Ortuzar jauna, ene auzoaldetik nozbait iraganen eta geldituko zela, berriki egin duen bezala! Zeren erraitera edo egitera jina zitzaukun jaun hura Heraitzera, uztail honen hiruan? EAJko Iparraldeko lehen buruaren Peio Etxeleku jaunaren laguntzera, EAJko lurralde egituretan Ipar Lapurdiko barnealdeko "herri biltzarraren" sortzera eta ekitaldi publiko batean jendartera aurkeztera, (alabaina jakiteko da orain arte Ipar Lapurdin Herri Biltzar bakarra zela, eta orain sortu berri honekin biga direla: bata kostaldean eta bestea beraz barnealdean.) Dudarik batere gabe, munta handiko urrats adierazgarria alderdi horrentzat, erran zuen bezala.

Ekitaldian mintzatu zirenak, 100 bat jenderen aitzinean hor norbait, hartu zuten hitza. Lehenik Etxelekuk alderdiak Iparraldean duen egitaraua azaldu zaukun, gero barnealdeko eta kostaldeko lurraldeen arteko desberdintasunak aipatu ditu, azpimarratu zuen ordu zela bi alde horien kudeakuntzan orekaren...

Irakurri segida

3652. zbk

Gure Hitza | 2022/07/28

Artzain lur gabekoak

Jean-Louis Harignordoquy

Artzaintzaz mintzo girenean, gogora heldu zauzkigu Odolaren Mintzoa liburuko "Artzaintza", "Gure artzain etxolari" eta "Artzain besta" bertsu sail miresgarriak. Bizitzekoz jan behar baitugu, badakigu ardi gasna, gaztanbera eta bildoskia gizakiaren hazkurri preziatuetarik direla. Artzaingoari zor diogu gure bazterren edertasuna eta garbitasuna. Nun ez giren hirian bizi, edozoin herritan gurutzatzen ditugu artzainak eta artaldeak etxalde inguruetan, bordaldeko pentzeetan edo mendiko alapideetan. Ez zaigu iduritzen horietan zonbait artzain lur gabekoak direla. Heien azindak alhatzen diren lurren jabe ez izanez, negurako bazkalekuak urtero bilatzera behartuak dira, hurrengo urtean baliatzen ahalko dituztelako segurtamen osorik gabe. Ontsalaz uda iragaiten dute ibarreko sindikatuarekin hitzartu alhapideetan; zonbaiten kasuan, herritik izigarri urrun. Hala nola, Donibane Garazitik autoz Irabiako urtegitik hurbil den Kontrasaroko etxolara oren baten bidea baditaiken;...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016