Herriz Herri - Donapaleu (NB) | 2022ko Uztailaren 28a
Garruzeko feria - "Euskara eta eliza katolikoa 1905 eta 1933 artean" - Amikuze ikastolak taloak - Ozenki kontzertua
Garruzeko feria berriz itzultzen da!
Bi aldiz segidan gelditu behar izan ondotik, Amikuzeko feria famatua uztailaren 31n eta agorrilaren 1ean iraganen da. Erran gabe doa Garruzen biziki kontent direla eta horretarako plaza osoa ederki prestatua dute, jendek eta kabalek beren lekua aurkitzeko gisan usaian bezala.
Uztailaren 31n, igandez, zaldiek beteko dituzte zoko guziak eta agorrilaren 1ean, astelehenez, behi, aratxe, zezengai ederrenek tokia hartuko dute.
Bistan dena usaian bezala, ostatuak apairu onen eskaintzeko prestatuak dira eta ferietan kausitzen diren saltzaile bereziak ere hor izanen dira.
Beraz, joan gustuan Garruzera, ongi etorri beroena egina izanen zaizue!
"Euskara eta eliza katolikoa 1905 eta 1933 artean"
Baxe Nafarroako erakustokiko adiskideek beren udako hitzaldi programa segitzen dute. Aste huntan, Jean-Michel Bédécarrax mintzatuko da "euskara eta eliza katolikoa 1905 eta 1933 artean" gaiari buruz. Jean-Michel Bédécarrax euskal erakustokiko aldizkariaren idazkari da eta gaia hau unibertsitateko ikerketa batean landu du. Interesgarria izanen da ikustea Elizak zer leku eman duen euskarari, 1905eko Elizaren eta Estatuaren arteko bereiztearen ondotik.
Hitzaldia, uztailaren 28an ostegunez (20:30) emana izanen da, Donapaleu Bideaken. Sartzea libre eta urririk izanen da.
Amikuzeko ikastolako taloak asteazkenetan Donapaleun
36. aldikoz, Amikuze USSP elkarteak, joko garbi lehiaketa antolatzen du Donapaleuko pilota plazan, uztail eta agorrileko asteazkenetan. Hastapenetik, Amikuzeko ikastolak bere partaidetza hartu zuen taloak eta edariak eskainiz, partida denboran eta ondotik.
Aurten ere hala izanen da. Ikastolako gurasoak pilota plaza ondoan izanen dira talo ezin hobeak eskaintzeko. Joan gostuan ongi etorri beroena egina izanen zaizue.
Ozenkiren kontzertua Donapaleun
Bi urtez isilik egon ondoan COVIDarengatik, Ozenki, Amikuzeko abesbatzak kontzertua eskaintzen dauku, ibiakoitz huntan, uztailaren 31n (21:00), merkatu estalian. Sartzea urririk.
Taldea berritua izan da. Eskusoinu, gitarra eta perkusioen laguntzarekin, kantaldi aberatsa emanen daukute hizkuntza desberdinak nahasiz (euskara, biarnesa, korsikar, espainola).











