Herriz Herri - Irulegi (NB) | 2022ko Uztailaren 28a
Heriotza
"Xole Hariztoy, Irulegin egina zinuten etxe berrian bizi zinen, zure bizilagun Damaxo eta hiru haurrekin. Hiruetan hogoita lau urte bete aitzin eraman zaitu heriotzak. Familiaren eta lagunen gogo-bihotzetan utzi duzun bihotz mina gainditzeko, ezin ederkiago etxe aitzinean antolatua izan den omenaldira jendalde ederra hurbildu zaizu beren azken agurra, omenaldi gisa, musikaren, hitzartzeen, kantuaren eta dantzaren bitartez egiteko. Omenaldi bat zinez hunkigarria izan da. Huna bertan kantatu ditudan lau bertsoak." Gexan Lantziri
Xole Koinata
Xole Koinata, lagun maitea,
Gaitz senda ezinak zaitu
Gutien ustean hartu eta
Ez gira guti harritu!
Zoritxarra familiarekin
Duzu kuraiez garraiatu
Baina gaurko medikuntzak ezin
Holako gaitzik sendatu!
Gogo-bihotzez bederen denek
Nahi zaitugu lagundu.
Egun batetik bertzera jakin,
Dugularik zoritxarra,
Gogoa ilundu zaigu eta
Mina sartu bihotzera...
Berehala etorri gitzaizu
Bisitatzera etxera...
Nahiko ginuen zerbait egin
Baina ahal gabe gira
Gelditzen holakoetan eta
Ezin alda "hala beharra"...
Mendigoizalea zinen eta
Lagunekin mendiz mendi,
Ibiltzen zinen Damaxorekin
Airoski, aldian aldi...
Elgarrekilan gozatuz ere
Bai askari, bai bazkari...
Osasun betean zinen eta
Poza zabaltzen deneri...
Zure oroitzapena gu baitan
Betirako bizi bedi!
Azken bertsua nahi nioke
Eskaini familiari,
Elkartasunez egin zazue
Buru etxeko hutsari
Dagoen lekutik mintzatuko
Zaizue Xole deneri
Gogo-bihotzak erne atxiki
Erranen dauzuenari
Zoritxarrak ez dio biderik
Kenduko zorionari!
G.L. 22-07-13











