Gure Hitza | 2022ko Uztailaren 28a
Artzain lur gabekoak
Jean-Louis Harignordoquy
Artzaintzaz mintzo girenean, gogora heldu zauzkigu Odolaren Mintzoa liburuko "Artzaintza", "Gure artzain etxolari" eta "Artzain besta" bertsu sail miresgarriak. Bizitzekoz jan behar baitugu, badakigu ardi gasna, gaztanbera eta bildoskia gizakiaren hazkurri preziatuetarik direla. Artzaingoari zor diogu gure bazterren edertasuna eta garbitasuna. Nun ez giren hirian bizi, edozoin herritan gurutzatzen ditugu artzainak eta artaldeak etxalde inguruetan, bordaldeko pentzeetan edo mendiko alapideetan. Ez zaigu iduritzen horietan zonbait artzain lur gabekoak direla. Heien azindak alhatzen diren lurren jabe ez izanez, negurako bazkalekuak urtero bilatzera behartuak dira, hurrengo urtean baliatzen ahalko dituztelako segurtamen osorik gabe. Ontsalaz uda iragaiten dute ibarreko sindikatuarekin hitzartu alhapideetan; zonbaiten kasuan, herritik izigarri urrun. Hala nola, Donibane Garazitik autoz Irabiako urtegitik hurbil den Kontrasaroko etxolara oren baten bidea baditaiken; gutienetik Baionara joaiteko bezenbat denbora.
Artzain lur gabekoak bortxatuak dira urtean bi aldiz bizitegiz aldatzera. Bizimodu dorpe hori eta bere denborako artzaintzaren historia xeheki eta ederki kondatu dizkigu Ttale Ouret-ek idatzi berri duen liburuan.
Artetik erraiteko, Suhuskuneko laborari semeak eskola handiak eginak zituen, teologia ikasia eta barnatua, Euskal Herritik kanpo frango kurritua, gain gainetik prestatua zen Herria eta Eliza biak batean zerbitzatzeko, ordu hartako apezpikuak apez engaiatuen onartzeko izpiritu idekia ukan balu. Azkenean, Ttalek artzaintzari lotzea erabaki zuen, artzainen arteko elkarrizketa, euskal kultura eta elkartasuna obretan erakutsiz. Jeanine emaztearekin jakin dute familiari artzaintza maitarazten eta erretreta hartzerakoan Estebe semeari lekua uzten.
Urteak joan, urteak jin, larunbatero artzainen berriak irrati bidez zabaltzen zituenak nehork baino zilegitasun eta sinesgarritasun gehiago badauka senditu, jasan, bizi eta ikusi dituenen idazteko. Delako liburua deitzen da "Bortuko azken indiarra... artzain lur gabekoa".Izenburuaren ezkor aireak salatzen du lur gabeko artzainak deiadarra jo nahia, jendeak ohartarazteko mendietan gertatu aldaketak oro ez direla baitezpada artzaintzaren onerako. Ondorioz, badela lanbide berezi horren etorkizunaz kezkatzekoa.
Artzaintza, hazkuntza, laborantza orohar politika publikoeri lotuak dira. Hartuak izan diren bihurgune on eta txarren lekuko baita, kondatzen du azken 50 urteetan zonbat borroka eremanak izan diren hemen eta Frantzian gaindi, lorpenekin bururatu Larzac-ekoa barne. Halere, arrisku mota guzietaz ohartuz, zentzu onak gaina hartzen duen ber, fededunaren esperantzari leiho bat zabalik uzten dio Ttale artzain lur gabekoak.
Plazaratu duen liburua hain da gazteeri buruzko mezu eta erakaspenez betea, atal bat leitu orduko, jarraian hurrengo kapitulua irakurtzeko gutizia agertzen da.Belaunaldi ezberdinen arteko elkarrizketa gune gutti antolatzen baita, izan artzain edo ez, gaurko euskaldun gazteek liburu hori irakurtuz eta iraganaren berri jakinez, ikusiko dute nola jokatu lehengo hutsak ez errepikatzeko.










