Herriz Herri - Urruña (L) | 2022ko Uztailaren 28a

Xaiako mus txapelketa - Iparra-Hegoa - Merkatua - William Daniels-en erakusketa - Kontzertuak

Xaiako%20mus%20txapelketa%20-%20Iparra-Hegoa%20-%20Merkatua%20-%20William%20Daniels-en%20erakusketa%20-%20Kontzertuak

Xaiako mus txapelketa

Pausuko besten kari, mus txapelketa jokatu zuten hilaren 21ean, ostegunarekin, Xaia ostatuan. Osora 32 bikotek hartu zuten parte. Bigarren mailako irabaztunak Denise Rivera eta Paul Bazterretxe izan ziren, Telletxea-Itxorots bikotearen aurka jokatu zuten, 2-0 emaitzarekin. Lehen mailako txapeldunak, berriz, Lilian de Las Heras eta Marvin Sequiera izan ziren, 2-1 irabazi zuten Lormont-Etxeberria bikotearen aurka.

Iparra-Hegoa herri ekimenaren urteurrena

Duela 28 urte, uztailaren 17an, Segurako (Gipuzkoa) eta Urruñako (Lapurdi) zenbait lagunek elkar ezagutu zuten Elizondoko Baztandarren Biltzarrean. Elkar ezagutze eta adiskidetze horretatik gerora Iparra-Hegoa herri ekimena sortu zen, urtero horren fruitu emankor eta aberatsak ematen dituena. Biba zuek!

Uztailaren azken merkatua Pausun

Hilaren 31n, igandearekin, goizez, izanen da Pausuko ohiko merkatua, zubi ondoko plazan. Hilero bigarren eta laugarren asteetako igandeetan egiten da, bertan loreak, barazkiak, sendabelarrak, gasnak, mamiak, eztiak eta horrelako ekoizpenak saltzen dituzte.

William Daniels-en erakusketa.

Hilaren 1etik 31ra, zabalik dugu Posta gelan, William Daniels-en argazki erakusketa. Urririk. Aste hau dugu beraz azkena erakusketa honetaz gozatzeko.

Urruñako astearteak

Urtero bezala, udako ostegunetan, arratsean eta herriko plazan, euskal kantari eta taldeen emanaldiak izanen dira, urririk. Horra: uztailaren 19an Primaderan, 26an Alaiak, abuztuaren 2an Bost axola, 9an Kanta, 16an Maider Zigarroa, 23an Kriolinak eta 30ean Kurruka.

Pausuko kontzertuak

Uztailaren 13an Airez taldea eta abuztuaren 20an Alaiak taldea. Arratsean eta urririk.

Herri kirolak

Uztailaren 31n eta abuztuaren 18an, herri kirolak izanen dira herriko plazan eta kitorik, Lagunak taldearekin.

Pilota Partidak asteartero

Udako astearte guztietan, pilota partidak izanen dira herriko pilota-plazan (20:30).

Organo kontzertua Bixintxo elizan

Agorrilaren 7an, igandearekin (18:00), Manchester-eko organo-jole famatuak kontzertua emanen du herriko elizan, Vivaldi, Mozart, Smetana eta Saint-Säens-en lanak eskainiz. Prezioa: 18 euro.

Bixintxo bestetako kontzertuak

Irailaren lehen astean, Bixintxo Bestak izanen ditugu ekitaldiz eta libertimenduz bete-beteak. Jadanik badakigu hainbat kontzertu izanen direla. Irailaren 3an, larunbateko arratsean, Leihotikan taldearen kontzertua izanen da herriko plazan. Egun berean eta segidan, Xutik taldearen kontzertua izanen da. Berriki plazaratu duten "Kantu berrien azalean" izeneko diskoa aurkeztuko dute.

"Urruña" aldizkaria salgai

"Urruña" aldizkariaren 3. zenbakia salgai da ohiko tokietan, herriko ostatu eta dendetan. Aukera ezin hobea irakurtzeko, ostatuetako terrazetan, kafe goxo bat dastatzen dugun bitartean.

Erlaitzean, bide berria baimendurik.

2021eko azaroaren 9tik, eta prefeturaren aginduz, Erlaitzeko bidea hetsita izan da oinezkoendako, Ziburuko irteeratik Hendaiako Haizabia eremuraino. Orain, behin-behineko beste bide berri bat baimendu dute.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3652. zbk

Gure Hitza | 2022/07/28

Artzain lur gabekoak

Jean-Louis Harignordoquy

Artzaintzaz mintzo girenean, gogora heldu zauzkigu Odolaren Mintzoa liburuko "Artzaintza", "Gure artzain etxolari" eta "Artzain besta" bertsu sail miresgarriak. Bizitzekoz jan behar baitugu, badakigu ardi gasna, gaztanbera eta bildoskia gizakiaren hazkurri preziatuetarik direla. Artzaingoari zor diogu gure bazterren edertasuna eta garbitasuna. Nun ez giren hirian bizi, edozoin herritan gurutzatzen ditugu artzainak eta artaldeak etxalde inguruetan, bordaldeko pentzeetan edo mendiko alapideetan. Ez zaigu iduritzen horietan zonbait artzain lur gabekoak direla. Heien azindak alhatzen diren lurren jabe ez izanez, negurako bazkalekuak urtero bilatzera behartuak dira, hurrengo urtean baliatzen ahalko dituztelako segurtamen osorik gabe. Ontsalaz uda iragaiten dute ibarreko sindikatuarekin hitzartu alhapideetan; zonbaiten kasuan, herritik izigarri urrun. Hala nola, Donibane Garazitik autoz Irabiako urtegitik hurbil den Kontrasaroko etxolara oren baten bidea baditaiken;...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016