Herriz Herri - Baigorri (NB) | 2022ko Uztailaren 28a
Ezkontza - 70 urte - Pilota
Ezkontza
Nicolas Escutary eta Elodie Kerrien-Neau joan den ibiakoitzean ezkondu dira. Badu zonbait urte gure herrian bizi direla, Aire Ona izeneko etxean, Borddako bidean. Goresmenak bikote gazte huni.
70 urte
Ba ote dakizue zonbat sortze izan ziren Baigorrin 1952an? 52! Aurten 70 urte betetzen dituzten baigorriarrak elgarretaratu dira berriki. Gure herriko ondareak dituen ontasun miresgarriak bisitatu dituzte lehenik, eliza eta Etxauz-ko jauregia. Hunek mendez mende aterbetu dituen jende ospetsuen iragana kondatua izan zaie, Bertrand D'Etxauz-etik Charles D'Abbadie D'Arrast-era.
Gero, bazkaria Plaza Xokon eta zenduak diren 6 lagunak omendu dituzte. Erran gabe doa gaztaroko oroitzapenetaz solastatu direla, bi kantuen artetik. Berexteko tenorean, galdera hau pausatu dute mahai gainean: beste 5 urteren beha egon beharko ote dute, berriz bildu aitzin?
Jean Louis Bikari Costeraren bertsua:
Argazkiari begira! Zazpiko saila dugu hasi!
Guk dakiguna nork dezake ba sinetsi?
Egun goxoa erreberritu behar dugu, bihar edo etzi.
Bakotxari besarkada eta guzieri goraintzi!
Pilota
Esku huska - plaza laxoan, artekoak B mailan, Zaharrer Segi Euskal Herriko xapeldun, Mattin Inda eta Aimar Oçafrain-ek 30/18 Denek Bat-en kontra irabazi dute.
Luzean - Baigorriko plazan, Euskal Herriko xapelketaren lehen mailako finalean, Zaharrer Segi, Iban Riouspeyrous, Paxkal Dutey, Sebastien Handia, Bixente Bidegain, Mathieu Ascery galtzaile 7/13 Luzean-en kontra. Partidak 3 oren iraun du.
Atxiki Ttipian - Gaztetxoetan, finaleko bi taldeak Zaharrer Segikoak ziren.
Mario Irey-Antton Telletchea- Julian Juantorena 40/ David Massias-Mickael Lanzaro-Xalbat Erreca 30
Gazteetan - Eneko Izoco, Thibaut Garces eta Peyo Aurnague galtzaile 37/40 Uztaritzeren kontra.











