Herriz Herri - Senpere (L) | 2022ko Uztailaren 28a
MegaSwing kontzertua - Ostalaritzan aldaketak - Eskoletako garraioak - Amotzeko besten itzulia
MegaSwing kontzertua Larrekon
Jazz edo Swing musikazaleri gozatzeko parada ezin hobea eskainia zaie, larunbatean uztailaren 30ean (21:00). Goi mailako orkestrak eginen du bere agerraldia, azken 33 urte hauetan bere aztarnak Pariseko aldean hedatuak ditu, halere eskapada ttipi batez Euskal-Herriko bidea hartuko du. Talde buru Stephane Roger bateria-joleak, musika alai huni sekulako distira eta indarra emaiten dio. Senpereko herriarendako ohore handia da, holako aukera guti baitira, musika ederrez beteko dute Larreko sala, publikoaren atseginetan. Herriko Etxeak baita Senpereko Kultur eta Ondare elkartea dira antolatzaileak, erreserbak Euskal Herriko turismo bulegoetan baita lekuan bertan.
Bertzalde datorren aste hondarrean, agorrilaren 6an, "Kursaal Orfeon Donostiarra" agertuko da, elizan, Hamabostaldi Musikalaren kari, hitzordu hutsezina.
Ostalaritzan aldaketak
Komertsanten mundua aldakorra dela ezin ukatua da, gure herrian ere lege hau onetsi behar dugu. Primadera betean abiatu da, Ibarrondoa auzoan, italiar ostatu baten moduan "AmamiaTrattoria". Hunek hartu du aitzineko "Ttotta"-ren segida, hauen jabeek dakigun bezala "Kinka" ostatuaren kudeantza betetzen dute. Hari beretik, osasun arazo batzuengatik, karrika nagusian zegoen "Eusk Asiak" ere lekukoa utzi du "Pipok" ostatuari. Oraingoan menuak aldatu dira, janaria eskuratuz geroz eramaiten da, familian edo lagunekin jateko gisan, "eskutik-ahora" formula batean. Bertzalde "Te do Kafe" edantegiak ere jabez aldatu behar luke. Ikusten den bezala, ostatuen eskaintza barreiatzen ari da, hauetan Italian gaindi ibiltzeko parada edo hirietan preziatzen den sukaldaritza moderno hori jastatzen ahalko da.
Eskoletako garraioak
Azken epea hurbiltzen ari da izen emaiteko eskola garraoieri buruz, agorrilaren 2an burutzen delakoan. Hemendik aitzina garraioko karta Pass Txik-Txak izanen da eta ikasletarik kanpo, 28 urtez beheitikoek ere erabiltzen ahalko dute. Hilabetero 8€ ordainduz Txik-Txak garraio sarea balia litzateke egunero, asteburua barne eta urte guzian. Bertzalde, irabazien gaineko zergarik pagatzen ez duten familietako gazteek, hilabetero 4€ soilik ordainduko dute. Izen emaiteko: www.txiktxak.fr webgunean edo Lapurdi hegoaldeko eskolendako: hegobus.fr edo deituz 0800 891091 telefonora.
Amotzeko besten itzulia
Senperen bezala Amotzeko bestek sekulako jendetza ekarrarazi dute, gazte komiteak programa bikaina jarri zuelako. Asteazkeneko ball-trap delakoa ezin bukatuko gau-besta bilakatu da. Ostegunean, kirolarien eguna jarri da AmotzRaid lehiaketarekin, beroarengatik ez dute denek bururatu. Ortziraleko zikiroan 450 afaltiarrek gaitzeko giro herrikoia sortu dute. Larunbat arratsean, aspaldiko errekorrak gainditu dituzte parte hartzaileen aldetik, oraingo musika talde ezagunek mundua bildu dute. Igandean aldiz ezin jasaneko bero zakarra izanik, eztixeago iragan dira ekitaldiak, halere umore ona eta alaitasuna nagusi izan dira. Santa Madalena heldu den urteari so ezarri da, gaurdanik gazte komitea pentsatzen hasia da nola ospatu.











