Euskal diaspora | 2023ko Urriaren 05a

Renoko euskal murala, Jaialdi 2025 eta omenaldia emazteer SFOn

Joseba Etxarri

Renoko%20euskal%20murala_%20Jaialdi%202025%20eta%20omenaldia%20emazteer%20SFOn

Argazki-oina:

EUSKAL EMAZTEAK. Euskal amerikar emazteeri eskainiko zaie San Frantziskoko Gure Euskal Etxean urriaren 21eko eguna. Egun hunkigarria izanen da, asko ikastekoa, eta euskal komunitateak ez du bere emazteekin dituen zorrak kitatuko, baina pauso ederra emanen du geroari begietara begiratzeko. Ahal baduzu, ez hutsegin! Ikus Basqueeducational.org.

----------------------

RENO, NEVADA. Leire Urbeltz eta Jaione Inda artista nafartarrak Renon dira, Nafarroako Gobernuaren beka batekin, bertzeak bertze hiriko Barbara Bennet Parkean euskal mural bat egiteko xedez. Iragan astelehenean, bilkura idekia deitu zuen Unibertsitatean hiriko euskal komunitateak, "Zer da euskal amerikanoa izatea?" galderari arrapostu emanik, mural horretan islatu behar diren euskal kontzeptu eta gaiak bildu eta eztabaidatzeko, helburua margolana bertako euskal kulturaren eta euskaldunen adierazgarri, bertako euskal identitatearen erakuslehio izan dadin baita. Ez da hau Estatu Batuetako lehen euskal murala, honelakoak badira-eta, konparazio, Boise, Mountain Home, Elko, Ely, Eureka, Gardnerville edota Bakersfielden, baina bertakoek eginak. Oin bat Diasporan eta beste bat Euskal Herrian duen euskal muralista famatu bat ere bada, Paul Ygartua, baina Renoko lan huntan, Euskal Herritik jin diren bi artistak izanen dira murala sortu eta gauzatuko dutenak. Gustuan eginen diogu bisita, eta hemen agertuko, bukatutakoan!

BOISE, IDAHO. Idahoko Boisen hasiak dira 2025eko uztailaren 29tik agorrilaren 3ra eginen duten Jaialdi 2025 euskal besta erraldoia prestatzen, eta idoki berria dute Euskal Herritik edo Diasporatik bertaratu nahi duten euskal dantzari, kantari edota artistak gonbidatzeko epea. Zuhaur hala bazira eta Boisen erakusten ahal den emanaldi bat presta dezakezula uste baduzu (edo hala duen norbait ezagutzen baduzu) baliteke hau aukera ona izatea zuretzat, Boisera bidaiatu eta Jaialdin eskaintzeko. Xehetasun guziak Jaialdi.com webgunean harrapatzen ahal dituzu. Zorte on!

SAN FRANTZISKO, KALIFORNIA. San Frantziskon, prestaketak poliki doaz urriaren 21ean, BEO (Basque Educational Organization) euskal erakundea antolatzaile duen Euskal Kultur Eguna edo 'Basque Cultural Day' egun ederra izan dadin. Aurten emazteeri eskainiko zakote, emazteek euskal komunitatean egin duten lan neketsu, eskerga eta sobera alditan esker gutxikoari. "Euskal Andreen Egintza Amerikan" izenburupean (honela, euskaraz) hainbat emaztek heien lekukotasuna aurkeztuko dute. Lehenik, historia azalduz, nola ziren gauzak, ondotik oraina nolakoa den ikusiz, nola diren egun euskal emazteak Estatu Batuetako euskal komunitateetan, eta hortik, geroa nola nahi dugun irudikatzera pasaturik. Partaide izanen dira, bertzeak bertze, Aña Iriartborde (San Frantzisko), Bernadette Berterretche Helton (Chino), Jenny Maitia Poncetta (Bakersfield), Marie Louise Lekumberry (Gardnerville), Meggan Laxalt Mackey (Carson City), Jeronima "Jeri" Echeverria (Fresno); Patty Miller (Boise) eta egungo gazte profesionalen izenean, Argia Beristain (Boise), Esther Ciganda (Moses Lake, WA), Madalen Bieter (Boise), Nere Lete (Boise), Zoe Bray (Reno) eta Marie Laxague Rosecrans (San Frantzisko). Ederki, BEO!

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3707. zbk

Gure Hitza | 2023/10/05

Aupa gazteak!

Peio Jorajuria

Geroa gazteen eskuetan da. Eta hain zuzen, astekari honek gazteriaren baitako parioa egiten ari du aitzina jotzeko. Aitortu behar da orain arte adin bateko euskaltzaleen eskuetan ibili dela nagusiki kazeta hau. Gaztetzeko behar handia badugula, ezin uka. Jadanik gaztetze bidean abiatuak gira haatik urte pare bat honetan, kontuen eta lan administratiboen ardura Pavlo Kortabarria hendaiar gazteari emanik. Zintzoki betetzen duen ildoa. Orain, aldiz, Menane Oxandabaratz gure idazleburuari erretretako tenorea hurbiltzen ari baitzaio, haren segida har lezakeen kazetari gazte baten formakuntza dugu bidean ezarri, Euskararen Erakunde Publikoarekin eta Unibertsitateekin partzuergoan. Kazetarigai hori Ainhoa Etchenique dugu, sortzez senpertarra, gaur Urruñan bizi dena.

Euskal hedabideen beharreri ihardesteko, kazetari gazteen bi urteko formakuntza abiarazi du...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016