Herriz Herri - Urruña (L) | 2023ko Urriaren 05a
Urruñar hautetsi eta herritarrak Seguran - Petti eta Jaken kontzertua - Maitasun Urratsa - Udazkeneko ekitaldia Xaian- Gudarien Eguna - Zikiroa - Euskal Kantu - E.H. Kopa lasterketa - Pilota
Urruñar hautetsi eta herritarrak Seguran
Hilaren 30ean, larunbatarekin. Urruñako auzapeza, hautetsiak eta herritarrak Gipuzkoako Segura herrian izan ziren hango auzapez andere, hautetsi eta herritarrekin egun-pasa ederra egiten. Hau da lehen harreman ofiziala bi herrien artean, Urruña eta Seguraren arteko birazkatzea prestatzeko. Urte luzetan ibili dira urruñarrak eta segurarrak elkarrekin Euskal Herri osoan horren ospetsua den Iparra-Hegoa kultur ekitaldia antolatzen eta jarduera honek bi herrietako jendeak elkarrengana hurbildu ditu. Iduriz, bada urrats berrien garaia.
Petti eta Jaken kontzertu ederra
Hilaren 29an, ostiralarekin, arratsean, Maita Kultura elkarteak eta Herriko Etxeak antolaturik, Pettik eta Jakek kontzertu ederra eman zuten, R. Soubelet plazan. Jende anitz hurbildu zen eta loriaturik izan ziren kontzertuaren nondik norakoak jarraitzen.
Maitasun Urratsa antzezpena
Hilaren 30ean, larunbatarekin, Maitasun Urratsa izeneko antzezpen elebiduna jokatu zuten herriko karriketan barna, publiko handia erakarriz eta arrakasta handia erdietsiz. Antolatzailea Herriko Etxea izan da.
Udazkeneko ekitaldiak Xaia ostatuan
Bakalau elkarteak udazkenari begira honako egitaraua prestatu du: urriaren 6an, ostiralarekin, (20:00), Kantu Afaria Kuxkuxtu txarangak alaiturik. Sagarnotegiko menua izanen da. Prezioa: 40 euro. Azaroaren 3an, ostiralarekin (20:00), tripotx jatea, Bota Kantu taldeak alaiturik. Prezioa: 30 euro. Erreserbak egiteko: 05-47-75-07-02
Buruilak 27, Gudarien Eguna
1975eko buruilaren 27an frankistek Txiki eta Otaegi euskal ekintzaileak fusilatu zituzten eta orduz geroztik euskaldunok haien oroitzapena bihotzean atxikirik daukagu. Data hori ikur bilakatu da, eta egun horretan, Euskal Herriko luze-zabalean hildako gudari guzien aldeko ekitaldiak egiten dira. Aipatu egunean, Urruñan sei edo zazpi banderola eder ezarri zituzten haien oroitzapena denon gogora ekarri nahian.
Zikiro jatea pilota-plazan
Hilaren 22an, igandearekin (12:30), zikiro jatea izanen dugu pilota-plazan, Bidekoa taldeak animaturik. Antolatzailea: Urruña - Suizbach birazkatze komitea. Prezioa: 25 euro. Erreserbak egiteko: urriaren 2tik 6ra, Herriko Etxeko arkupeetan (17:30-19:00).
Euskal kantu ikasketa
Urte oroz bezala, Bakalau elkarteak antolaturik, kantu tailerra izanen da Pausuko Xaia ostatuan. Hor, elgarrekin parada izanen da euskal kantuak, umore onean, ikasteko. Urriaren 11n, asteazkenarekin, hasiko da eta bertan izena eman ahal izanen da (20:00), baita urriaren 25ean ere, edo telefono honetara deituz: 05-47-75-07-02. Prezioa. 20 euro.
Euskal Herriko Kopa lasterketa Larrunen barna
Hilaren 23an, larunbatarekin, Euskal Herriko Kopaizeneko azken lasterketa burutu zuten Larrun mendiko pattarretan. Euskal Mendizaleen Federazioak antolatu du, eta aipatu lasterketa koparen finala izan da. Hirugarren aldiz antolatu izan da kopa hau, lehena 2015ean eta 2016an bigarrena, aurtengoa hirugarrena izanik. Jadanik, aurten zazpi lasterketa antolatu dituzte Euskal Herriko zazpi lurraldeetan, osora 500 korrikalarik hartu dute parte. Hilaren 23an, 50 atleta abiatu ziren Azkainetik, eta 21 kilometro egin zituzten lasterka, Larrungo pattarretan barna.











