Gure Hitza | 2024ko Uztailaren 04a
Bizian badira…
Ainhoa Etchenique
Bizian badira, behin bakarrik gertatzen diren aukera sinestezinak. Herria astekarian lan egitea horietako bat izan da niretzat. Gutien espero nuenean gertatu da, esperantza galdu nuen momentuan. Hasi naizenetik jadaneko sei hilabete pasa dira, denbora izigarri fite pasa da. Gauza anitz ikasi ditut eta oraino ditut ikasteko. Kazetaritzaren mundua deskubritzen hasi naiz, artikuluak idazteko arauak, hots astekaria eskuetan duzunean eta artikuluak irakurtzen dituzunean, begipean duzuna nola egina izan ote den nehoiz galdetu ez nintzen guzi hori. Kazetaritza biziki aberatsa da, egunero gauzak ikasten dira eta jende anitzekin gurutzatzen da. Irakurri, idatzi, ezagutu eta deskubritu euskaraz egin ahal izatea gainera, oraindik politagoa da. Astekari hunek dituen baloreak maite ditut, denek egiten ditugun indarrei esker, aurten Herriak 80 urte beteko ditu.
Bizian badira aldaketa batzuk, kapituluak hesten eta beste batzuk idekitzen dituztenak. Urtarrilaren 1ean nire biziko kapitulu berri bat ideki zen, Herria astekarian langile gisa sartu bainintzen. Orain, uztailaren 1ean kapitulu bat hetsi da, sei hilabetez lanbidea irakatsi, gehien irriarazi eta egunak argitu dizkidan pertsonak erretreta hartu baitu. Batzuek oraindik harrapatu ez badute, Herrian idazleburu izan den Menane erretretara joan da.
Sei hilabetez elkarlanean ibili gira, lekukoa elgarrekin eramanez, esku batetik bestera, azkenean uztailaren 1ean nire eskuetan egon arte. Orain, lekukoa nik dut, nire beldur eta kezkekin. Ordenagailu aitzinean bakarrik naiz, baina badakit jende andana bat dudala nire ondoan, astero laguntza ekartzen eta astekaria elikatzen duena. Kapitulu berri bat hasten da denentzat, zuentzat irakurle eta laguntzaile, baita niretzat ere. Elgarrekin luzaz segi dezagun gure Herria egiten, gure Herria hazten eta bizirik iraunarazten!
Bizian badira halako pertsona berezi batzuk, lanera etortzeko gogoa ematen dizutenak. Badira pertsona batzuk ezagutzen dituzun momentutik zure bizian toki garrantzitsua hartzen dutenak. Herriako bulegoetan bada pertsona bat hutsune handia utziko duena. Bada astekariko langile bat usatu beharko dena goizean bulegora heltzean haren lankidea gehiago ez ikusteaz.
Mundu huntan gero eta arraroagoa da, baina badira beti umore onez diren pertsona batzuk, nahiz eta kanpoan eguraldi euritsua izan zure egunak argitzen dituztenak. Mundu gris horretan badira oraino bihotz oneko pertsonak, jujatu gabe entzuten eta zure laguntzeko prest direnak. Bizian badira kalitate guzi horiek bereganatzen dituzten Menane bezalako altxor gutti batzuk.