Mundu zabalean | 2024ko Urriaren 03a
Oihanak sutan
M.O.
Nature Ecology & Evolution aldizkari zientifikoan argitaratu ikerketa baten arabera XXI. mendearen hasieratik oihan suteen kopurua eta intentsitatea bikoiztu da, batez ere klima aldaketaren ondorioz. Datu sateliteak erabiliz, ikertzaile taldeak 3.000 oihan sute aztertu ditu, 2003 eta 2023 urteen artean.
Oihan eremuak munduan zehar erretzen
2024ko ekaina ezohiko hilabetea izan da, hilabete batez 440.000 hektarea erre baitira, aitzineko urtean baino anitzez gehiago (257.000 hektarea).
Klima aldaketaren ondorioz oihan suteak emendatzen ari dira, idorteek eta haizeek suteak abiatzeko eta hedatzeko arriskua emendatzen baitute. Egunero, dozenaka mila sutek munduko azken oihan eremuak erretzen dituzte, Amazonia munduko tropikalik handiena barne. Munduko oihan tropikal horietan idorte historikoak jasaiten dira, ondorioz sute handiek eta horien ke itogarriek gune horietan bizi diren herritarrentzat ezin jasanak dira, bazterrak kaltetuz. Baina ez bakarrik gune horretan, hiru hilabete hauetan munduan zehar fenomenoa azkartuz doa.
Pantanal eskualdean milaka hektarea erreak
Ekainetik, Pantanala klima aldaketaren indar guzia pairatzen ari da. Amazoniako oihana baino gutiago ezaguna den Pantanal munduko hezegune handiena da, Brasil, Bolivia eta Paraguai zeharkatzen ditu. Urte hastapenaz geroztik sute handiak jasaiten ditu, gobernuz kanpoko erakundeak eta tokiko agintariak beldur dira ondorioak zein izanen diren, orotara urte hastapenetik 627.000 hektarea erreak izan dira. Arrantzatik, artisautzatik, laborantzatik eta turismotik bizi diren 28 familiek osatzen duten komunitatea hor bizi da.
Urtarrilaz geroztik 3.528 sute oihanetan abiatu dira. Klima aldaketari buruzko adituen arabera egoera hori ezohiko idorte baten ondorioa da. André Luiz Siqueira, Ecoa gobernuz kanpoko erakundeko kidearentzat, duela 30 urte eskualde horretan bizi denak zioen: "Hor bizi den populazioa ekosistemaren egiazko zaindaria da. Beldur naiz urte batzuen buruan klimak desplazatutako pertsonak ikusiko ote ditugun". Suteek zuzenean mehatxatzen dute herritarren biziraupenerako funtsezko aktibitatea, bereziki arrantza sektorean.
Amazonia sutan
1998an lurralde horretan suteak hasi zirenetik, 2024an Brasilgo oihan suteak sekulan izan diren larrienak dira. Aurten errekorra hautsia izan da. Brasilgo Espazio Ikerketen Institutu Nazionalaren datuen arabera, 2024ko urte hastapenetik ekainaren 10era bitartean izan suteen kopurua anitzez emendatu da, 2023an 127 sute izan ziren, aurten jadanik 1.315 gertatu dira.
Bazterrak suntsituak dira, hainbat hamarkadetan zientzialariek babesteko lanean aritu diren espezieak ere. Copernus atmosfera kontrolatzeko zerbitzuak, agorrilean hartu irudi sateliteen bidez agertzen da kea 1.400 kilometrotan baino gehiagotan hedatu dela, Bolivia eta Brasilgo mendebaldea estaliz.
Amazonia, oihana baino gehiago da, munduko baso handiena da eta bederatzi herrialdetan zabaltzen da: Brasil (%67), Bolivia (%11), Peru (%13), bai eta Kolonbia, Venezuela, Ekuador, Guyana eta Surinam. Amazoniak munduko oihan tropikalen erdia ordezkatzen du, 5,5 milioi kmÀ‚'²-ko hedadurarekin. 390.000 milioi zuhaitz eta 16.000 espezie desberdin ditu, planetako arbola guzien %13a ordezkatzen du.
Munduko biodibertsitatearen %10a eskualde horretan atzemaiten da. Zientzialariek diote milaka espezie oraindik ez direla erregistratuak, errana denez zuhaitz espezie bakoitzak, intsektu eta landare mota desberdinak baditu.
Amazonian gutienez 34 milioi pertsona bizi dira, bereziki herri indigenen sor eremua da, lurralde horretako populazioaren %35a ordezkatzen dute. Hori dela eta, klimari buruzko negoziazioetan pertsona horien egoera kontutan hartzea beharrezko izanen da, ingurumen arazoengatik immigrazioa sortuko baitu.
Egoera munduan zehar
Uda hastapenetik munduko hainbat eskualdek suari aurre egin behar ukan dute. Bero boladak direla eta, hautsez beteriko paisaiak bereziki agertu dira Kanadan, Estatu Batuetan eta Turkian.
Ikerketen arabera, azken sei urteak izan dira suteen artean handienak, batez ere Australian.Suteen maiztasun eta intentsitatearen emendatzea Estatu Batuetako eta Kanadako mendebaldeko lurraldeetan iragan dira, pinaburudun oihanetan izan aldaketen ondorioz. Gune horietan, azken hogei urteetan muturreko suteen kopurua 11 eta 7 kopuru artean biderkatu da.
2022 eta 2023an Europa suntsitu zuten oihan suteak izan zirela eta, populazioak eta inguruko ingurumena hobeki babesteko, Europar Batasuneko herrialdeek suteak itzaltzeko ahalak indartu dituzte. Europar Batasunak 12 herrialdetako 556 suhiltzaileko taldea osatu du, arrisku handiko guneetan ibiltzeko gisan. Portugaldik Ipar Mazedoniara, Bulgaria arte, uda kiskalgarrian suteak izaiten jarraitzen dute, batzuentzat kontrolik gabekoak direnak.











