Gogoa hazi | 2024ko Uztailaren 04a
Justizia errestauratibo baten proposamena
Peio Ospital
Segitzen dugu iragan maiatzaren 23an Herrian (3739 zk.) abiatu gogoetarekin, CIASEren 2021eko urriaren 5eko txostenetik atera behar diren irakaspenak aztertuz. Paris Nanterreko Unibertsitateko Audrey Darsonvilleren lanean oinarritzen gira, 2023ko maiatzaren 15eko “Revue du droit des religions” aldizkarian argitaratua, ["Dissiper les ténèbres", une proposition de justice restaurative] izenburupean.
CIASEk bere lanetan hartu duen metodologia biktimen inguruan eraikia izan da, eta metodologia berritzaile hori, gogoeta zientifikorako ibilbide teorikoa eta biktimekin elkartzea uztartzen dituena, erabakigarria izan da gomendioak egiteko orduan, hauek justizia errestauratibo baten eraikuntza berriz pentsatzeko tresna baliotsuak baitira.
Lehen lehenik, aitortu behar da ez dagoela justizia errestauratiboaren definizio guziz adosturik. 2014ko agorrilaren 15eko Legeak honela definitzen du justizia errestauratiboa: "biktimari eta delitugileari, askatasunez onartzen badute, hirugarren independente baten laguntzarekin delituaren ondoriozko zailtasunen konponbidean aktiboki parte hartzeko parada emaiten dioten prozesu oro". Helburua "harmonia soziala berreskuratzea" da. Biktimek eta egileek, biak ere dispositiboaren eragileak, lotura sozialaren berreraikuntzan parte hartzen dute horrela.
CIASEk proposatzen duen urratsa askitto ezberdina da; izan ere, osoki biktimengana bideratu justizia berriztatzailea sustatu nahi du, biktimei aitormena eta kaltea ordaintzera bideratua, kaltegilea gizarte-komunitatera itzultzera baino gehiago. Xedea iragana erreparatzea da, bi ardatz sendotan oinarrituz: egiari bide emaitea eta biktimen kalte-ordaina antolatzea.
Lehen urratsa Eliza Katolikoan gertatu sexu-indarkeria aitortzea da. Oroz gainetik, fenomenoaren hedadura da harrigarriena. Kopuruak (216.000 pertsona) "fenomeno masibo" bat salatzen du, indarkeria sistemiko bat. Zabaltasun hori aitortzeak berak biktimen erreparazio prozesuan parte hartzen du, Elizaren barnean erreformak bideratzeaagintzen duen aldi berean.
“Erreparatzea egintza izendatzea da lehenik”: kalifikazio penala da biktima izaera aitortzeko lehen tresna, eta "erreparazio sinboliko" baten itxura du. Auzi penala da biktimak eta delitugileak paraleloan ibiltzeari uzten dioten leku bakarra. Hobenduntasun-deklarazioaren unea da, egitateak frogatuak badaude, eta epaia deklaratzen da. Erreparazioak zigor penala dakar, kalte-ordain bidezko zigor zibila alde batera utzita.
Hala ere, auzi penala, biktimaren erreparazioan parte hartzen badu ere, tresna inperfektua ager daiteke, baita etsipenen eta, ondorioz, sufrimendu berrien iturri ere, hala nola biktimen gehiegizko igurikatzearengatik. Eskasia horiei erantzuteko eta erraparazio aukera eskaintzeko, bereziki preskripzio edo kaltegilearen heriotza kasuetan, CIASEk errestarautzaile tresnak plantan ezartzea gomendatzen du, hala nola:
-Polizia ikerketa sistematiko dispositibo bat, biktimak epaile batekin elkarrizketatuz, entzutea erabakigarria delarik errestaurazio bidean,
-Azpiko diren pertsonen egitateak eragin kalteagatik besteren egitatearen erantzukizun juridikoa bilatzea, apezpikuaren eta apezaren arteko autoritate-lotura eztabaidaezina delarik,
-Alerta dispositiboak, Elizaren eta justizi erakundeen arteko ekintza koordinatuetan oinarrituz, oraina kudeatzeko eta etorkizuna babesteko.
Preskripzioari dagokionez, CIASE ez da preskripzioaren epeak luzatzearen aldekoa, ezta preskribaezintasunaren aldekoa ere.
Bere aldetik, Frantziako Apezpikuen Biltzarrak (CEF) biktimak hartzeko eta entzuteko egiturak orotara zabaldu ditu. Eskertzekoa da, baina independentzia falta nabarmena da.
Bigarren urratsa kalte-ordaina da. Hau ez da erreparazioa. Kalte-ordainak galera materialak estali behar ditu (zaintza edo artaketa gastuak, etab...), baina baita kalte moral eta espatrimonialak ere (familia baten eraikitzeari kalte egitea, etab...).
Beste puntu garrantzitsu bat: ezinbestekoa da argi eta garbi finkatzea estatuko justiziaren nagusitasuna, berez "diziplinazkoa" den prozedura kanonikoaren gainetik. Gisa hortan, CIASEk kofesioaren sekretua kentzea proposatzen du, kofesioan sexu delituak aitortuak izan direnean.
Aitormenaren eta erreparazioaren gailurra biktimaren berriztatzea da. Errestaurazioaren seinale ezaugarrienetarik bat da uko egiten zaiola biktima izaeran erroturik gelditzeari, azkenean bizi izan den dramaren lekuko bihurtzeko.
Ondoko artikuluan, ikusiko dugu nola Eliza jabetu den gomendio hauetaz, baita ere CIASEk agertu txostenak sorturiko lurrikararen ondorioz Elizak atera behar dituen ondorio eklesiologiko eta teologikoak.