Ba ote dakixu? | 2024ko Uztailaren 04a
Joko olinpikoak, historia mitiko bat! (1/5)
Gilen Bacho
Hiru asteren buruan, Frantziak mundu osoari ongi etorria emango dio. Mende bateko igurikaldiaren ondotik, Parisek Joko olinpikoak berriz antolatuko ditu. Munduko gertakari famatuena da, kasik 3.000 urteko historia mitikoa duena.
Olinpia, “gure bizitzaren bizitza bera da”
Historialari gehienen arabera, lehen Joko olinpikoak, edo zuzenago izaiteko, lehen Olinpiako Jokoak (hola deituko ditugu Antikitateko jokoentzat), 776an Jesus-Kristo aitzin iragan ziren (lehen parte horretan data guziak Jesus-Kristo aitzin emanak dira). Hippias-ek, V. mendeko Elis hiriko sofistak, zuen eman bere testu batean lehen Jokoen data hori, eta ere Jokoen lehen garailea, Corebe izenekoa, Elis hirikoa ere, estadio luzerako (192 metrokoa) lasterketa irabazi zuena. Denbora horretan, Jokoen lasterketa bakarra zen. Arkeologoek data eta testu hori dudan ezartzen dute, ez baitugu kirol muntadurako marka bat ere atzemaiten VIII. mendean Grezian. Marka horiek bakarrik V. mendean atzemaiten dira. Arkeologoentzat, estadioak eta kirol muntadurak bakarrik mende horretan agertu ziren eta, ondorioz, Jokoak ere. Baina arkeologoak eta historialariak ados dira erraiteko Jokoak Olinpia tokian antolatuak zirela, Zeus jainkoari dedikatua zen saindutegian. Ernst Curtius alemaniar arkeologoak zuen Olinpiko tokia ikertu, 1875 eta 1881 urteen artean. Lehenik erlisio monumentuak aurkitu zituen (Hera eta Zeus-en tenpluak) eta azkenean estadio olinpikoaren tokia atzeman zuen, 192 metroko pista zuzen bat agertuz. Curtius-ek Olinpia hitz hauekin aipatu zuen: “Zer dagoen hor, lurraren barnatasun ilunetan, gure bizitzaren bizitza bera da!”
“Indarra, fortuna, kultura”
Olinpia, Peloponesoko ipar-mendebaldean kokatzen da eta Elis hiriaren menpean zen. Toki estrategikoa zen, Elis hiri neutral bat baitzen, beharrezko baldintza greziar mundu batean zeinean hirien arteko gudukak gelditu gabekoak ziren. Olinpian antolatuak ziren Jokoak lau urte guziz iragaiten ziren, Antikitateko greziar munduko beste jokoen gisan (Delfos-eko pitiko Jokoak, Korintoko itsmia Jokoak edo Nemeako Jokoak, hiruak V. mendean sortu zirenak). Bakarrik greziarrek (orduan, bakarrik gizonek) Jokoetan parte hartzen ahal zezaketen. V. eta IV. mendeetan, Olinpiako Jokoek fama handia lortu zuten eta greziar mundu guzietatik jende anitz Olinpiara heldu zen. Isocratek zioen, 380ko urte inguruan, “Greziarrek haien indarra, haien fortuna eta haien kultura” Jokoetan erakusten zituztela. Bere denboran, Olinpiako Jokoak bost egunez iragaiten ziren. Lehen egunean, atletek joko arauei men egitea zin egiten zuten eta magistratuek, Jokoen antolatzaileak zirenek, alderdikeriarik gabekoak izaitea zin egiten zuten. Bigarren eguna zaldi-lasterketei eta pentathloiari (luzera jauzia, xabalina botatzea, disko botatzea, estadioko lasterketa eta borroka) eskainia zen. Hirugarren egunean, Jokoek erlisio bokazio bat baitzuten ere (Jean-Manuel Roubineau historialariak erran zuen bezala, Olinpia “kirolaren eta sakratuaren meza handia zen”), 100 idi Zeus jainkoari sakrifikatuak ziren (hekatombê deitua greziarrez, frantsesez “hécatombe” hitza eman duena). Laugarren egunean, hiru lasterketa ziren antolatuak, bereziki hopliten lasterketa, zeinean atletak kasko eta erredola batekin lasterka ari ziren. Ber egunean, borroka kirolak baziren: borroka, pugmakhia (pugilatus latinez, boxeoaren arbasoa) eta pankratos-a. Azkenean, bosgarren egunean, besta apairu bat antolatua zen garaileen ohoretan. Garaileek bakarrik olibondozko koro bat zuten irabazten, baina aldi berean sustut prestigio handia. Greziar mundu osoan famatuak ziren eta haien hirian betikotasunarentzat ospatuak ziren.