Azalekoa | 2018ko Urtarrilaren 04a
Urte berriari agur!
Janbattitt Dirassar
"Jeiki, jeiki, etxekoak, argia da zabala!". Urte berria agurtzean, kantu xahar herrikoi hori heldu zait gogorat...
"Jeiki, jeiki, etxekoak, argia da zabala!". Urte berria agurtzean, kantu xahar herrikoi hori heldu zait gogorat... Beharbada itxaropen sano baten mezua entzun-arazi nahiz. Zerua hodeitsu delarik ere, gauzak argituz joanen direlako esperantza begiratu nahi baitugu... 2017ak bere aldia egin du. Beti bezala, izan da segur gora-behera ainitz eta ainitz. Munduan gaindi, iluntasun franko. Zernahi atentatu, handiena naski Sinai lurraldeko hori, 305 lagun hil baitira han berean. Estatu Batuak eta Ipar-Korea elkarri desafioka, hi bahiz eta ni banuk, nehork ezin erran afera latz hori nola itzulikatuko den...
Bazterrak biziki minbera Katalunian... Eta Euskal-Herrian zer berri? Denetan bezala, denetarik hemen ere! Iparraldean, gertakari aipagarrienetarik izan bide dira Euskal-Elkargoaren martxan jartzea, ETAren desarmatze eguna, Baionan egin zen elkarretaratze erraldoiarekin, eta Pariseko manifestaldi hori, euskal-presoak gogoan eta bakearen arrangura handi batekin. Ezin ahantzia ere gure bertsolarien txapelketa nagusi hori, denen buru Maialen Lujanbio irabazle bigarren aldikoz. Beti bezala, gogoan ditugu fama handiko jende batzuk, iaz itzali direnak. Besteak beste Simone Veil ministro ohia, sail askotan azkarki bermatua, ez bazen ere beti denen gusturat ari, Liliane Bettencourt Frantzia guziko emazte aberatsena omen zena, Jean d'Ormesson hedadura guziz zabaleko idazle eta berriketaria, bai eta Johnny Hallyday kantaria. Gure xoko huntan, Piarres Charritton hazpandar euskaltzain argia, hainbeste lan akuilatu duena euskararen eta euskal kulturaren alde. Ahantzi gabe hautetsi batzuk, Michel Dendarieta Aldudeko auzapeza, Pierre Suescun Bildozekoa eta Peiuko Duhart Donibane Lohizunekoa.
Boz urte
Boz urte, gezur-urte! Maltzurkeria poxi batekin frankotan hori hola erran da. Iaz, erran ote da usaian baino gezur gehiago? Nork daki hori? Dakiguna da Frantzian berean hauteskundeak izan direla eta bazterrak azkarki inarrosi dituztela! Presidente bozak lehenik, lur-ikara baten parekoak! Behin, ainitzek uste François Fillon eskuindarra aise nagusituko zela baina gero tirrit haizea arrunt itzuli eta Emmanuel Macron irabazle! Ondotik, diputatu bozak eta hor ere aldaketa handiak, Macrontiarrek gehiengo ederra segurtatuz! Arte horretan, gobernu berri baten xutik ezartzea, zernahi aldaketa akuilatzeko xedetan, Edouard Philippe duela buru, bera eskuinaldetik heldu dena... Gure eskualdean, bi diputatu berri, Vincent Bru eta Florence Lasserre-David, hirugarren aulkia Jean Lassalle azeri zaharrak aitzina atxikitzen zuela... Irailean, zenatur bozak eta hor ere aldaketa franko. Gure departamenduan, Frédérique Espagnac berriz hautetsia izan da, eta badira bi zenatur berri, Max Brisson eta Denise Saint-Pé. Aurten, errekontruz kanpo, ez da hauteskunderik izanen nun ez duten hartaz edo honetaz "referendum" gisako zerbait hor nonbait sartzen...
Nork daki?
Ez baikara sorginak ez dakigu eta gutartean nehork ez daki aurten zer gertatuko den. Noiz nahi izaten dira gisa guziez ustekabeko gertakariak eta hori edozein sailetan. Badira halere aski aitzinetik finkatu hitzorduak eta horietaz ditugu denik ere zonbait lerro sartzen ahal. Hala nola ospakizun ainitz izanen den bazter guzietan 14ko gerla izigarri haren bururatzea gogoan, aurten mendeburua izanki, Martin kari, azaroaren 11n beraz. Urte berezia nahitaez Kaledonia Berria deitzen den eskualdean. Aurten erabaki behar dute alabaina nola plantatzen diren geroari buruz, aitzina frantses egonez edo beren gain jarriz. Errusian martxoan ukanen dituzte presidente bozak, lehendakari berri baten hautesteko, nun ez duen Putinek aitzina segitzen kargu horretan... Kirolen munduan bi hitzordu premiatsu: otsailean, neguko Olinpiar Jokoak Korea-Hegoaldeko elur tokietan, aldiz ekainaren 14a eta uztailaren 15a arte horretan futbolarien Mundu-Kopa delakoa Errusian. Egun bat arras berezia Euskal-Herrian, uztailaren 28a, txirrindularien Frantziako itzulia Lapurdin izanen baita, eta gauza zinez arraroa, bakarkako haitada edo etapa bat Senperetik Ezpeletarat iraganen baita! Horiek hola, aitzinamendu funtsezko batzuk izaten ahal balira bake-bidea deitzen dugun horretan, gauza guziez atsegingarria litake. Bistan da ere usaiako besta, feria eta ikusgarriak hor izanen direla, gure nortasunaren lekuko eta hazkurri, eta badakigu konparazione Maulen jadanik prestatzen ari dutela heldu den udako pastorala, gaia Bela zaldüna...





