Inbido | 2018ko Urtarrilaren 04a

Kaledonia Berria bidekurutze batean

Muslaria

Aurten, erraiteko manera batean munduaren beste puntan den Kaledonia Berria eremuak aipaldi ainitz ukanen du nahitez eta egundainokotan!

Aurten, erraiteko manera batean munduaren beste puntan den Kaledonia Berria eremuak aipaldi ainitz ukanen du nahitez eta egundainokotan! Duela hogoi urte finkatu hitzarmena berme, hango jendeak beharko du alabainan hautatu zoin bide hartzen duen. Delako hitzarmen hori negoziaketa luze eta zail batzuen ondotik izenpetua izan zen. Berantenaz aurten harat edo hunat egin behar. Badu 164 urte Kaledonia Berria deitzen dugun hori frantses ekarria dela. Hango bereko jende frangoren aldarrikapena hauxe da, eta aspaldian, beregaintasunaren ardiestea. Beste frango arrunt kontra daude haatik eta beste batzu dudakor, ez jakin nun zoin ditakeen bide egokiena. Bozkatzea eginen delarik galdea xuxen zoin izanen den, hori ere ez da oraino arras trenkatua. Erakusterat emana izan denaren arabera, hiru bide balitazke: edo Kaledonia Berria arrunt beregain jartzea, edo frantses bezala segitzea autonomia zabal batekin - ja baduena atxikiz edo duen hori gehiago zabaldurik - edo bestenaz kasik beregain izaitea bainan gisa hartako hitzarmen baten bitartez partaidetasun berezi batekin lotura laxo zerbait begiratzea Frantziarekin. Ainitzen arrangura, agian ez dela zalapartarik izanen eta jendeak bere hautua eginen duela onez onean eta gero onetsiko erabakia izanen dena, edozoin izan dadien... Nehork ez baititu ahantziak duela hogoi bat urte izan ziren nahasmendu handiak...

Gaiztaginentzat

Eremuz, Kaledonia Berria Euskal Herri osoaren heintsukoa da, doi bat ttipiago. Bost ugarte dira frango handiak eta handienak berak hartzen du toki gehiena. Inguruan, zernahi ugarte ttipitto. Jendetza, denetarat 271.000 biztanle. 99.000 Noumea hiri-nagusian bizi eta kasik beste hainbeste hiri horren inguruan. Nor dira jende horiek? %40 kanak deitzen dituztenak, erran nahi baita biziki aspaldi han kokatu zirenen ondokoak. Beste gehienak Europatik harat joanak, kasik denak Frantziatik, bainan badira ere Asiatik eta Ozeaniako beste eskualde askotakoak edo sortzez edo motaz bederen. Nola Kaledonia Berria frantses ekarria den, frantsesa da mintzaira ofiziala. Beste 28 mintzaira badira hango berekoak, horietarik lau eskoletan hein bat sartuak. Gaineratiko mintzairetarik bospasei badira kasik galduak, jende multzo ttipi batek baizik ez erabiltzen... Ekonomiaren aldetik, badira nikel erresalbu handiak eta turismoaren saila ere azkartuz doa.

Bainan nolaz da Kaledonia Berria frantses ekarria? Aspaldiko istorioa da. Napoleon III-aren denborakoa. Napoleon horrek nahi zuen Frantziak lur peza bat beretzea, ahal bezen urrun haatik, harat igortzeko galeretarat bezala gaiztaginak, edo berdin gaiztagin gisa begietan hartu batzu, ez baitezpada hain gaiztaginak izanikan ere... Gisa hartako larderia erakutsirik, geroztik Kaledonia Berria deitzen dugun ugarte multzoan frantsesak plantatu ziren nagusi. Hori gertatu zen 1853an. Segidan izan ziren gaitzeko zalapartak, hango jendek ez onesten arrotz batzu han hola jartzea manatari handi. 1878an kanak delakoak oldartu ziren frantsesen kontra bainan menperatuak izan ziren. Gero ere frangotan izan dira jazarkundeak, 25 orotarat. Frantziak segitu du dena larderia bainan duela hogoi bat urte beraz bake bide bati plantatuak dira eta bazterrak hein bat lasaituak, aski egoera nahasia eta bortitza jasanik zonbait urtez... Horiek hola, galeretarat ainitz jende igorri zena Kaledonia Berrirat? Segur baietz, orotarat 21.000 eta hori 60 urtez, 1864tik 1924rat, gero legeak kanbiatu baitziren...

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3431. zbk

Urte berri on!

HERRIA

Gure Hitza | 2018/01/04

Eztia

Janbattitt Dirassar

Eguberri eta Urtats irian ukan ditudan mezuetarik batean hitz batek biziki hunki nau.

Eguberri eta Urtats irian ukan ditudan mezuetarik batean hitz batek biziki hunki nau. Ziburuko Piarres Larzabal ikastegitik hauxe idatzia izan baitzait: "Gure hezkuntza elkargoaren izenean urte ezti bat opatzen dizu(e)gu". Solas goxo horretan "ezti" hitza dut kausitu zinez hunkigarri. Euskaraz ari garelarik frantsesez ari garenean bezala gutien ustean ingeleskeria zerbait aise sartzen bagenu, erran nezake hitz horrek "tilt" egin duela ene baitan... Badaitetakea alabaina urte ezti bat baino atsegingarriagorik? Zalapartarik gabeko urte bat, itxaropenez eta elkartasunez jauntzia! Ez gaiten sobera ilusi, urte berri honetan ere denetarik izanen da bistan da. Halere gauza ederra litake sail ainitzetan giro hobea izaten ahal balitz. Eta ez litake jadanik hain gaizki bakoitzak indar bat gehiago egiten balu, bere heinean eta bere ahalen arabera, hobetze hori gogoan... Urte eztia, urte baketsua beraz, urte sanoa eta, zendako ez, ahal bezain alegera. Ainitz urrats eginez elkar ontsa hartzeko,...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016