Herriz Herri - Arrosa (NB) | 2018ko Urtarrilaren 04a
Heriotze
Abenduaren 26an, Eguberri biharamunean, iragan dira Gillentoneko Jon Atchoarenaren ehorzketak, hunkigarriki, Gracia apezak kudeaturik elizkizuna.
Abenduaren 26an, Eguberri biharamunean, iragan dira Gillentoneko Jon Atchoarenaren ehorzketak, hunkigarriki, Gracia apezak kudeaturik elizkizuna. Arrosako eliza bete da karia hortara. Oroit gira nolako istripu deitoragarria ukan zuen Jonek joan den martxoaren 26an. Alpetan zabilan lagun multzo batekin, elurretako ibilaldi batean, Mérindoleko lepoan elauso batek beretu zuelarik. Lagunek oren laurden baten buruan ateratu zuten elurpetik eta berehala Grenobleko ospitalera eramana izan zen, egoera larrian. Handik Kanbora ekarria izan zen bainan mendratuegia zen eta bederatzi hilabeteren buruan azken hatsa eman du. Zendu-eta bi egun berantago, abenduaren 24an, beteko zituen 52 urte. Ehorzte elizkizunean, Leire eta Mikela bere bi alabek lekukotasun guziz hunkigarria zabaldu daukute. Eta zer emozioa txistulari lagun batek Xabier Leteren "Urepeleko artzaina" jo duelarik hil-kutxaren aitzinean, hau ikurrinaz estalia, Jonen gapelua gainean! Arratsaldean Jonen gorputza Akizeko erraustegira eramana izan da, hautsak ondotik Larla mendian barreatuak izan zitezen. Gure doluminik bizienak Pantxika bere emazteari, Leire eta Mikela alaberi eta familia osoari.




