Herriz Herri - Kanbo (L) | 2018ko Urtarrilaren 04a
Rita Labèguerie
M.I.
87 urte zituen Rita Labègueriek.
87 urte zituen Rita Labègueriek. Haren ehorzketak Kanboko elizan iragan dira abenduaren 29an. Kontesa zela ez dauku nehoiz erakutsi edo sendiarazi. Askok haren hil zelako mezuan duke ere hori ikasi. Herriko bizian inplikatua zen. Bere senarra, Mixel Labèguerie, 1980. urtean zendu eta, Kanboko auzapez egonen da 9 urtez. Ondotik, Croix Rouge elkartearen lehendakari emanen dute, katixima egile, ingeles erakasle, euskara ikasten ere ariko da... Alderdi eder asko eskaintzen zauzkigun presuna! Bere gozalaba batek, haren ehortz mezan, euskaraz, eman lekukotasun honek zenduaren nortasunaz ainitz adierazten dauku. "Goxama... urtez urte hor izan zitut maitasunez adi. Familiaren berriak jakin nahian, ARTEA aipatzean ezin gelditua. Azken urte huntan hurbilagotik segitu zintudan. Nahiz eta garai zailak izan zuretako, beti ikusi zitut begian dirdira pizteko prest, eta orotaz kurios. Goraintziño bat hemendik, gu ere zure gisan egon giten denetaz kurios eta noiznahi nornahiren laguntzeko prest. Ez adiorik Rita!"




