Gure Hitza | 2018ko Urtarrilaren 04a
Eztia
Janbattitt Dirassar
Eguberri eta Urtats irian ukan ditudan mezuetarik batean hitz batek biziki hunki nau.
Eguberri eta Urtats irian ukan ditudan mezuetarik batean hitz batek biziki hunki nau. Ziburuko Piarres Larzabal ikastegitik hauxe idatzia izan baitzait: "Gure hezkuntza elkargoaren izenean urte ezti bat opatzen dizu(e)gu". Solas goxo horretan "ezti" hitza dut kausitu zinez hunkigarri. Euskaraz ari garelarik frantsesez ari garenean bezala gutien ustean ingeleskeria zerbait aise sartzen bagenu, erran nezake hitz horrek "tilt" egin duela ene baitan... Badaitetakea alabaina urte ezti bat baino atsegingarriagorik? Zalapartarik gabeko urte bat, itxaropenez eta elkartasunez jauntzia! Ez gaiten sobera ilusi, urte berri honetan ere denetarik izanen da bistan da. Halere gauza ederra litake sail ainitzetan giro hobea izaten ahal balitz. Eta ez litake jadanik hain gaizki bakoitzak indar bat gehiago egiten balu, bere heinean eta bere ahalen arabera, hobetze hori gogoan... Urte eztia, urte baketsua beraz, urte sanoa eta, zendako ez, ahal bezain alegera. Ainitz urrats eginez elkar ontsa hartzeko, denak mundu berean bizi-eta, fededunek erraiten ahal "denak Jainko beraren haurrak izanki-eta..."
Gisa horretako urrats xumeak ere balios, ez da dudarik... Horiek hola, norbaiti hauxe entzun diot iragan astean: "Sobera artzen gira besteen apaltzerat eta ttipitzerat. Elgarren jorran eta kitzikan artzen garen denboraren laurdena ematen bagenu elkar laguntzeari, denentzat aise hobeki litake!"
Hainbestenarekin, gogorat jin zait Eguberri bezperan Ziburun gertatu istorio ttipi bat... Bada gizon bat asteburuetan Marinela auzoalderat jiten dena ostra saltzerat. Joan den egunean ere hor zen beraz eta ondo hartan bakarrik bizi den gizon xahar bat, itxura guzien arabera arras zuhurki bizi dena, jin zaio bost euroko bat eskutan. Erran dio Eguberri kari gogotik janen zituela zonbait ostra eta zonbat ukaiten ahalko zituen bost eurotan. Saltzaileak ihardetsi dio ostrak dozenaka saltzen dituela, hiru ostra mota eta beraz hiru prezio. Ostra merkeenak dozena 8 euro ez arras (hamar zentimo eskas). Gizon xaharra gogoetatua, bost euro baizik ez-eta! Bat-batean saltzaileari bihotza hautsi zaio, ikusi du delako gizon xaharrarentzat zonbait ostraren jatea atsegin handia izanen zela, Eguberri besta argituko ziona eta hauxe erran dio: "Oizu, bihar Eguberri da eta ez dut nahi egon ziten ostra bakar batzuen eskasean, horra zuretzat dotzena bat bost eurotan uzten dautzutana..." Istorio xume hori ez dea bihotz-altxagarri?
Eguberri eta Urtats kari, mezu franko zabaldu da. Solas ederrez ontsa apainduak. Mintzatu diren guziek solas horien araberako urratsak egiten ahal balituzte, ez litake hain gaizki afera! Beste mezu bat ere heldu zait gogorat, ez dena Urtats bezperako prediku ederretan baina berrikitan agertu liburu batean. Liburu hori, "L'enfant du désert". Idazlea, Pierre Rahbi, Aljerian sortua, aspaldian Frantzia behere horretan bizi, gazte hutsa zelarik giristinotua, ainitz ibilia munduan gaindi, gauza ainitz ikusia eta gauza ainitz ikasia. Beti dei bera zabaltzen duena, xahu garela ez balin badakigu jendetasun gehiago sartzen gure egun guzietako harat-honatetan... Mugimendu bat sustatzen du kartsuki, "colibris" delakoena, euli-txoriena beraz. Ttipi-ttipiak dira euli-txoriak, baina langileak eta baliosak. Izan daitezela ere urte ezti baten mezulari eta elkartasun sano baten lekuko... Gu denak ere deituak gara hala izaterat, bakoitza gure heinean, urte ezti baten arrangurarekin... Aita Sainduak ere ez digu besterik galdetu Eguberri kari...










