Mintzarazten dute. Tokika, mintzarazten baino gehiago, kexarazten ere, armak hartzeraino. Alta ez dute nehungo hobenik. Ustez, goxoki bizi zauden beren lurretan. Eta hara lurralde arrotz batetara desterratuak izan direla. Izena dute Claverina eta Sorita, biarnesez Ondoko eta Ahizpa ttipi. Konprenitua dukezue, Pirinioetara ekarriak izan diren bi hartz esloveniarrez mintzo gira. Urri hastapenean, helikopteroz utziak izan dira Biarnoan, Aspeko ibarrean, Etsaut herriko eremuetan, Sesques mendiaren mazeletan nonbait. Zazpi/zortzi urteko hartzak, biak ernari, omen, gure mendiak populatzeko esperantzarekin. Hartzak mende luzetan populatu ditu gure mendiak, bainan gaur Pirinioetako jatorrizko hartzarik ez da gehiago. Galtze handia natura eta bionaztasunaren defendatzaileentzat. Frantses Estaduak ezinbesteko ondare hori berriz biziarazi behar dela erabakirik, Esloveniatik hartz batzuren ekartzea deliberatu zen duela hogei bat urte, Esloveniako hartza baita Pirinioetako hartzatik hurbilena, bai genetikoki, bai bizimoldean. Oraiko bi hartzekin, hameka dira handik ekarraraziak izan direnak eta gaur kontsideratzen da berrogei hartzez gora badagola Pirinioetan, mugaz bi aldeetan, gutiz gehienak Erdialdeko Pirinioetan, bakar batzuk Mendebaldekoetan.
Bainan hara, landare eta fruitu jale baldinbadira nagusiki hartzak, noiztenka haragi jale ere dira. Pentsa beraz mendietako artzain eta hazleen beldurra eta kexua! Eta hor dira lekuko, funtsean, ardi, behi eta zaldi hil kopuruak, hartzaren biktima dohakabeak. Aspaldiko garaietan hein batetaraino posible baldinbazen hartzarekin akomeatzea, gaur, paisaiak eta bizimoldeak aldaturik, ezinezkoa dela diote artzain frangok, haserre gorrian: edo ardia edo hartza, bientzat ez da tokirik! Artzain batzuk halere, hala nola Aspeko mendietako hamabost batek, diote nolazpait akomea daitekeela, araberako neurriak hartuz. Eta guk zer pentsa? Naturaren maitale eta bioaniztasunaren defendatzaile gisa, ez zaiku itsusi hartza berriz bizirik ikustea Pirinioetan. Bainan artzain bagine, ideia beretan gintezkea? Oroit naiz, Etsautetik Sesques mendi kaskora lagun batzuekin joaiten nintzan batez, hango mazeletan ikusirik alhapide gizenak, artalde batentzat ezinago hobeak, toki basati miresgarrian. Toki hartan hartzari nola egin buru? Frantziako biztanleen %84a Pirinioetan hartzaren sartzearen alde omen da. Hartz horietarik bakar bat ezartzen balitz Rambouillet-eko oihanean, Bretainian ala Cantaleko gainetan, tokiko jendea beti berdin ados litekea? Gai delikatua dugu hartzarena, trenka nekea, buruhauste iturri. Anartean, nahi ala ez, Claverina eta Sorita hor dira. Cannelle dohakabearen zorte bera jasan gabe, haz ditela ahal bezainbat landarez eta fruituz eta ahal bezain guti haragiz, nahiz badakigun ez direla igande arratsaldean Uztaritzeko kabalkadan ikusi dugun hartza bezain gozoak izango. Hain zuzen, entzun dugun baxenabartar baten zaldikume bat balukeela batek jadanik suntsitua.