Egun eta bihar | 2018ko Urriaren 30a
Egun eta Bihar
J-B D
Kexu!
Batzuk diote gertakari horrek ez duela baitezpada aipaldi luzerik merexi bainan ezin uka halere bazterrak azkarki harritu eta harrotu dituela! Mintzo gira Jean-Luc Mélenchon ezkertiar alderdiburuaren kexaldi hortaz! Itsuski kexatu baita alabainan goiz berean bi etxe-miatze jasan behar ukan dituelarik, bat bere bizitegian eta bestea bere alderdiaren bulegoetan! Zendako etxemiatze horiek? Alde batetik bere alderdiaren kudeantza lanetan ararazi dituela untsalaz alderdiak Europa mailean deputatu dituenen laguntzaile ziren batzu. Europa Batuak pagatuz. Hori alde batetik beraz eta bestetik Mélenchon bera hautagai izan delarik president-bozetan, konduak ez dituela arrunt xuxen agertu... Holako kasuetan izaiten ahal dira etxe-miatzeak bainan gure gizonak ezin onetsiak kausitu ditu, ezin onetsia oroz gainetik miatze horien egiteko moldea. Zernahi kaxketadun bildurik omen, gaxtagin batzuen ondotik ibilki balire bezala. Gainerat, etxemiatze denboran, bere bulegorat joan delarik, etzuten sartzerat utzi nahi, hori ere gaitzitu zaio eta ez guti! Oihuka hasi da eta polizako batzuri pusaka! Berak dio aski nardaturik dela hola kexatu, mendekio hutsez jokatu direla-eta etxe miatzaileak.Zainak ote zaizkio nagusitu Mélenchon alderdiburuari? Bere aldeko batzuk ere garbiki erran dute etzuela hola kexatu behar. Hola kexatuz puntu zilarrak galdu dituela eta bere burua apaldu duela nolazpait... Legebiltzarrean ere arras kexu agertu baita, Edouard Philippe gobernuburuak ihardetsi dio gisa guziz etxe-miatze horiek ez direla gobernuaren manuz egin bainan beren lana legez-lege akulatzen duten epaile batzuk gisa hortako erabakia harturik. Denborarekin jakin behar ginuke ixtorio nahasi horrek zer ondorio ukanen duen.
Arramoldaketa
Gérard Collomb barne-minixtroak bere kargua utzi zuelarik, ainitzek segidan erran zuten Christophe Castaner izanen zela hain segur haren segida hartuko zuena. Hamabost egunen buruan, nor da barne-minixtro izendatua izan? Christophe Castaner preseski! Hura eta bera! Hoinbeste jestu eta hoin luzaz azkenean hortaratzeko! Hasian hasi egia erran beste aldaketa batzu ere izan dira haatik gobernuan eta gisa hortan haste hartan uste zen baino arramoldaketa zabalagoa. Minixtro eta minixtrolagun zortzi badira berriak. Batzu eskuinaldetik heldu, besteak ezkerraldetik, Emmanuel Macron presidentak arras berea dauka joko hori. Modem alderdiari toki gehiago egina izan zaio, François Bayrou biarnes azeri zaharra lausengatuz nolazpait. Gainerat, Bayrouren aldeko suharra den Jacqueline Gourault minixtroak kargu berri bat ardietsi du. Jadanik gobernuan barne zen bainan sail apalago baten buru. Orai, lurralde, departamendu eta herriekilako harremanetaz arduratu behar du. Badu eta ukanen du ondoko egunetan ere nun josta, hautetsiek arrangura ainitz baitute bainan bertute handiko emaztea omen da, arras egokia holako kargu batentzat. Horiek hola, Macron presidenta mintzatu da telebixtako leiho ttipi hortarik. Oren laurden bat gauza guti eskas. Etzen arras usaiako Macron hura. Kara hits-aireño batekin, aitzineko aldietan baino umilago naski. Bainan deplauki erranez hartu bidetik segituko duela, denen onetan, Frantzia azkartuz joan dadien.
Elkartasun ederra
Aude eskualdean, joanden asteko eurite ikaragarriaren ondotik, laster ohartu dira makurrak uste baino handiagoak zirela, bai etxetan eta bai kanpoan. Zernahi zikin metatuak bazter guzietan! Gobernuak hitzeman ditu errextasunak laguntza batzu ahal bezen laster ukaiteko gisan bainan oroz gainetik bihotzaltxagarri dena da ikustea han berean nolako elkartasuna agertu den elgar laguntzeko. Bestalde, Var departamenduan, hondartzak azkarki zikindu ditu Korsika aldetik jin zaioten kotsadura batek. Zernahi petrolaki itsasorat ixuria izanik bi untzik errekontruz elgar jo ondoan.. Gaitzeko garbiketa egin behar lehen bai lehen eta gostaia gosta...










