Hegoaldean | 2018ko Urriaren 30a
Hegoaldean
Cabacas auzia
Urriaren 15ean hasi da, Bilboko Justizia Auzitegian, Iñigo Cabacasen hiltzea argitu beharko lukeen auzia. Duela sei urte eta erdi hil zen Cabacas, futbol partida batetik landa izan kalapita batzuetan ertzainen gomazko pilota batek jo ondoan. Lehen egunean, sei akusatuek deklaratu dute. Batek salbu, denek erran dute polizia operazioa "zuzena eta egokia" izan zela. Auzipetuek adierazi dute "pilotarik gabe" edo "airera" egin zutela tiro. Operazio hartan maila gorena zuenaren erranak, haatik, desberdinak izan dira. Han aritu ziren zenbait ertzainen esperientzia falta eta Deustuko ertzain etxetik eman zioten "denarekin sartzeko" manua kritikatu ditu. Bi eta hirugarren egunetan lekukoek deklaratu dute. Hauen arabera, ertzainek ez zuten ohartarazpenik egin tiroka hasi aitzin, eta ez zegoen tiro egiteko arrazoirik. Espainiako poliziako komisario Juan Carlos Castrok bideo konferentzia bidez eman du bere lekukotasuna. Akusazio partikularren galderei ihardestean, erran du ez dela egokia Ertzaintzak gau hartan izan zuen jokamoldea. Haren ustez ez da gomendagarria pilotak 50 metro baino hurbilagotik jaurtikitzea.
Feministon Herria
Urriaren 22tik 28ra Emakumeon Mundu Martxaren XI. topaketak eginen dira Bilbon. Karia horretara, urriaren 27an Feministon Herria eguna ospatuko dute. Goizean, Alternatiba Feministon Azoka izanen da. Euskal Herrian martxan emanak diren proiektu feministak izanen dira ikusgai. Bertzeak bertze, komunikabide sailean, kirolean, sorkuntzan, elikadura burujabetzan, zaintza lanetan, hezkidetzan edo hirigintzan emazteek plantan ezarri ekimenak erakutsiak izanen dira. Denen helburua da Euskal Herri feminista erdiestea. Halaber, Emakumeen Mundu Martxako kideekin gosaria, herri bazkaria eta manifestaldia izanen dira egunean berean. Manifestaldia Arriaga plazatik abiatuko da, arratsaldeko 5:30etan, Batu indarrak, urrutira goaz lelopean.
Karlos Apeztegia preso emana
Guardia Zibilak Karlos Apeztegia preso ohia arrastatu du Hernanin eta Madrilera eraman urriaren 16an. Biharamunean preso ezarria izan da, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aitzinean pasatu ondoan. Hogeita bat urtez preso egona da Apeztegia, eta 2013ko maiatzean libratua izan zen. Iduriz arrastatze hau berriki Frantziako Gobernuak Espainiakoaren esku utzi dituen dokumentuetan aurkitu informazio batzuek eragin dute. Espainiako Barne Ministerioaren arabera, ikerketa horiei esker jakin dute 2002an Apeztegiak, Puertoko presondegian zegoelarik, "komunikazio kanal egonkor eta seguru bat" muntatu zuela ETAren zuzendaritzarekin. Kanal horren bidez, funtzionario batzuei buruzko informazioa helarazi zion ETAren zuzendaritzari, horien kontrako atentatuak presta zitzaten. Gaur egun, Etxerat elkartean lan egiten du Karlos Apeztegiak. Elkarteak atsekabez hartu du atxiloketa honen berria eta sustengua erakutsi die Apeztegiaren etxeko eta hurbilekoei.
HNT-ren bukaera
Harremanetarako Nazioarteko Taldeak bukatutzat eman du Euskal Herriko baketze prozesuan zuen egitekoa. Hori adierazi du taldeak joan den astean Donostian egin duen agerraldietan. ETAren borroka armatuaren gelditzea ekarri zuen Aieteko goibileraren zazpigarren urteburua hautatu du Brian Currinek zuzentzen zuen taldeak agur errateko. Egin duen mintzaldian, Hegoafrikako abokatuak erran du agurra "gazi-gozoa" dela, oraino anitz gai konpondu gabe gelditzen direlako, hala nola preso politikoen auzia. Baina, hala ere, esperantza du Pedro Sanchezen Gobernuak espetxe-politika aldatuko duela. Halaber, biktimen auzian ere urrats gehiago eman behar direla adierazi du. Bestalde, Currinek ohartarazi du Euskal Herrikoa izan dela gizarte zibilak, gataskan inplikatuak diren gobernuen parte-hartzerik gabe, gauzatu duen lehen bake prozesua.
Belateko tunela berriz zabalik
Joan den ekainaren 4an hetsi zituzten Belateko eta Almandozko tunelak, Europako segurtasun araudira moldatzeko lan batzuen egiteko. Nafarroako Gobernuak jakinarazi du azaroaren 1ean idekiko dituztela berriz.
Joxe Mari Iriondo sariztatua
Joxe Mari Iriondo kazetariari ibilbide profesionalaren saria emanen diotela jakinarazi dute Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak. Iriondok 1983an hasi zuen bere ibilbidea EiTBn. 1985ean ETBko zuzendari izan zen eta 1989tik 1998ra EiTBko irratien ardura ukan zuen. Euskal Kazetaritza Sariak emateko ekitaldia azaroaren 7an iraganen da, Bilboko BBK aretoan.
Indarkeria sexistei buruzko Nazioarteko Kongresua
Joan den ostegunetik larunbatera iragan da Iruñean Indarkeria Sexistei buruzko Nazioarteko Kongresua. Eremu desberdinetako profesionalak bildu dira Nafarroako hiriburuan, emazteen kontrako indarkeria mota desberdinak aztertu, prebenitu eta desagerrarazteko helburuarekin. Orotara 300 bat lagunek parte hartu dute, Euskal Herrikoek, baina ere Espainia, Italia, El Salvador edo Eritrea bezalako herrialdeetarik etorriek. Horien artean baziren abokatuak, ekintzaileak, ikertzaileak eta kazetariak. Biltzarrean jorratu dituzten gaiak izan dira: prozesu judizialak eta biktima hobendun gisa kontsideratzea; kazetarien eginbidea indarkeria matxistari buruzko kasuen berri ematean; besta-giroan gertatzen diren erasoak. Kongresua hasteko mintzaldian, Blanca Fernandez soziologoak hartu du hitza eta unibertsitateko formakuntza, ikerketa eta ekintza politiko feminista izan ditu aipagai. Bestalde, Joseba Asiron auzapezak erran du azken urteetan "Iruñea erreferente" bilakatu dela indarkeria matxistaren kontrako borrokan. Ildo horretan, mugimendu feminista sendoa, trebatua eta ongi antolatua dela azpimarratu du. Halaber, erasoekin okaztaturik, jendartea karrikara atera zela horrelako jarrerarik ez zuela onartzen publikoki erakusteko. Horiek hola, Iruñeko Udalak "gizartearen eskaria hartu" eta indarkeria matxistaren kontra bermatzen segituko duela hitzeman du Asironek.
Langabeziaren apaltzea
Langabezia apaldu da 2018ko hirugarren hiruhilekoan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eustatek zabaldu duen inkestaren arabera, %9,5etan kokatzen da langabezia tasa, iaz memento berean baino 2,1 puntu apalago, beraz. Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak atseginez hartu ditu Eustaten datu berriak. Hala ere, zuhurtzia eskatu du sailburuak, langabezia jaisteak "Euskadi bide egokian doala" erakusten badu ere, oraino baitaude lana aurkitzeko zailtasunak dituzten jende multzoak, emazteak eta gazteak, bereziki. Horiek enplegua erdiesteko eta lan baldintza egokiak ukaiteko lan egiten dutela zehaztu du.
Nafarroako Gobernuaren bilana
Legealdi honetako politika orokorreko azken eztabaida egin da joan den astean Nafarroako parlamentuan. Uxue Barkos lehendakariak egoera politikoaren aldaketa "erabakigarria" azpimarratu du. Panorama politikoa zaila izanik ere, gobernua sostengatzen duten lau alderdiek elkarrizketa landu dutela baieztatu du, eskema zaharra bazterrera utziz. Bestalde, gizarte eragileekin ere hitzarmenak lortu dituztela zehaztu du. Barkosen ustez, horrek egonkortasuna eman die erakundeei eta ekonomiari, eta horregatik, Nafarroa duela hiru urte baino egoera hobean dagoela pentsatzen du. Oposiziokoen solasak bestelakoak izan dira, bistan da. UPNko Javier Esparzak nafar guzientzat ez gobernatzea leporatu dio Uxue Barkosi, eta deblauki erran du haren mintzaldiaren kalitaterik hoberena azkena izatea dela. PSNko Maria Txibitek aldaketaren bilan "gazi-gozoa" egin ondoan, egungo gobernua agortua dela erran du, argi utziz sozialistek hurrengo gobernuaren gidaritza erdietsi nahi dutela.
Presoen aldeko manifestaldia Donostian
Joan den larunbatean egin da Donostian presoen eskubideen aldeko manifestaldia. 40 000 lagunek parte hartu dute Orain Presoak dinamikak deitu mobilizazioan, espetxe politikan oinarrizko lau aldaketa galdegiteko: urruntze politika gelditzea, eri handi diren presoak etxeratzea, gradu aldaketak ahalbidetzea eta zigorren metatzea gauzatzea. Manifestaldia hasi baino lehen, "sufrimendu guziak amaitu eta elkarbizitza ahalbidetzea" galdegin dute sail guzietako pertsona ezagunek Miramar jauregian egin duten ekitaldian. Honetan parte hartu dute EAJko, EH Bilduko, Elkarrekin Podemoseko ordezkariek, bai eta ere ELA, LAB, UGT eta CC.OO sindikatuetakoek. Antiguo auzotik abiatu ibilaldia Boulevardean bukatu da. Han, lehenik Mixel Berhocoirigoinek hartu du hitza eta "abiadura azkartzeko garaia" dela erran du. Manifestaldiaren antolatzaileek" iparraldeko lagunei, egindako lanagatik eskerrak" eman dizkiete. Halaber, aukera berriak zabaldu dituen garai batean gaudela azpimarratu dute. Ondotik, Anaiz Funosas Orain Presoak dinamikako kideak "elkarbizitza" izenburua duen testua irakurri du.











