Euskal diaspora | 2018ko Urriaren 30a
Mar del Platako Euskal Astea, Bartzelonako berri eta Michel Biscaichipy
Joseba Etxarri
MAR DEL PLATA.
Helduden asteburuan hasi eta ondoko astebururaino luzatuko da Mar del Platan 2018ko Euskal Argentinar Aste Nazionala. Euskal etxe guziak, dantza taldeak, eta herrialdeko euskal ekimenak urteko elgarretaratze handiena izan ohi den honi so ari dira urteko sasoin huntan, baita aurten ondoko herrialdeetakoak ere, erran behar baita helduden asteko ortziralean Hego Ameriketako hamarretik goiti herrialdetako euskal etxeen ordezkariek bilkura eginen dutela Mar del Platan, ondoko urteko urrian Bilbon eginen den euskal etxeen Mundu Biltzarra prestatzeko, Eusko Jaurlaritza antolatzaile. Euskal Herritik ere ari dira jendeak Mar del Platara, hasteko aurten lehen aldikoz lehendakari denetik Iñigo Urkullu lehendakaria bera joanen da bisitan Mar del Plata eta Argentinara. Bestela ere aipatzen ahal dugu Iparraldeko bisitariak izanen direla, lehenago txoko huntan aipatu izan dugunez. Artista eta dantzarien artean, konparazio, Hendaiako Akelarre dantza taldekoak Argentinan dabiltza, eta emanaldia eskainiko dute aste huntako ebiakoitzean La Platako Euskal Etxean, hiriko dantzariekin batera. Baina mintzatuko gira gehiago ondoko asteetan hitzordu huntaz.
BARTZELONA, KATALUNIA.
Frantziak irabazi du Bartzelonan joanden asteburuan bukatu den Munduko Euskal Pilota Txapelketa. Urrezko bost domina, zilarrezko zazpi eta brontzezko hiru etxeratu ditu. Izan ere zilarrezko dominek eman diote garaipena, urrezkoetan Espainiako selekzioak ere hiru zituelarik eta zilarrezko lau. Domaia zestapuntan Frantziaren izenean Olharanekin jokatzen ari zen Etchetok mina hartu eta kantxa utzi behar izana, bere ordainez sartu Minviellek ezin izan baitu atxiki jokoa eta ondarrean Hernandez-Erkiagak irabazi baitute, domina Espainiari emanez. Ondoko Munduko Txapelketa Biarritzen izanen da 2022an. Eta Bartzelona utzi gabe aipa dezagun, aste huntan hasia dela hiriko Euskal Literatura Irakurle Kluba. Hilean behin, hileko lehenengo asteazkenetan eginen da "B. Esquerra de l'Eixample-Agustí Centelles" liburutegian iluntzeko 7etan eta kitorik. Irakurri eta eztabatuko dira, besteak beste, Anjel Lertxundi, Arantxa Urretabizkaia, Aingeru Epaltza, Jon Mirande, Katixa Agirre, Lurdes Oñederra eta Kirmen Uriberen liburuak.
ONTARIO, KALIFORNIA.
Berri lazgarrien artean, Chinoaldean, Ontarion, zendu da joan den astean Michel Biscaichipy ahatsarra. Errosarioa eta meza ostiral huntan eginen dira Ontarion eta ehorzketa segidan Ontario bereko Bellevue Memorial Park-en. Familia eta lagunak Chinoko Centro Bascon elgarretaratuko dira ondoren. Gure doluminak Maite emazteari, familiari eta laguneri, bereziki Chinoko Euskal Etxekoer. GB.





