Gogoa hazi | 2018ko Urriaren 30a

Nolako garaipena?

Jean-Louis Davant

Laster, azaroaren hamekan, mende bat eginen du "hamalaueko gerla" burutu zela. Frantziarentzat "Gerla Handia" da, milioi bat eta kasik erdia hil ukan baitzituen, gutiz gehienak mutiko eta gizon gazteak; Zuberoan adibidez hemezortzi eta berrogei urte artekoetan hiruetarik bat, herri zenbaitetan erdia: denetara hameka ehun hil (1.100) gure lurralde txikian. 1914ko uztailaren 28an hasia, lau urteak ehun eta hamazazpi egunez gainditu zituen, hots hiru hilabete eta erdiz gehitu. Nola piztu zen badakigu, Sarajevon serbiar nazionalista gazte batzuek Austriako enperadoregaia eta emaztea hil zituztelarik. Erantzunez Austriak Serbia eraso zuen, eta berehala, ondozka, aliantzen jokoak horretara beharturik, dantza hilgarrian sartu ziren Errusia, Alemania, Frantzia, Britainia Handia, eta pirka-pirka Europako erresuma gehienak, hala nola hurbilenetan Italia eta Portugal, gehi mundu zabaleko estatu zenbait: Turkia, Japonia, Brasil, berantean Amerikako Estatu Batuak... Bistan dena, beti bezala, gerla horren arrazoia interes ekonomikoetan ikusten du gehiengoak, eta bereziki kanoi saltzaileen eraginean. Segurki armagileak aberastuko zituela. Baina zinezko su pizlea estatuen nazionalismoa izan zen, handi nahia, urgulua, bekatu guzien iturria Bibliak bere hastapenetan salatzen duen bezala. Denak gerlarako prestik zeuden, heinetik kanpo armatuak, eta bizkitartean lehertu zelarik ustegabean harrapatu zituen Sarajevoko hilketa haren ondorioz. Egurra hain zen idorra, pindar bat aski zuen su hartzeko, eta uda beteko siestan topatu zituen "elite" zentzugabeak; laborariak ere atzemanak izan ziren prefosta, haatik haiek ez ziren lo kuluxkan, baina belarretan, gari jotzen, eta sardea hor lagatuz, etxaldea emazteen gain utzirik, zizpa hartu behar ukan zuten, trenean sartzeko, hemengoek ipar hotzerako bidea hartuz. Dena dela, izigarriko itsuskeria izan zen, ontsa badakigun bezala, ez du balio xehetasunetan sar gaitezen. Azkenean Amerikak auzia trenkatu zuen aleman armada gibelaraziz, baina K.O. bota gabe. Goseak etsaia tinkatu zuen Aliatuen indar armatuek baino gehiago. Aleman armada kasik osorik itzuli zen etxera, eta herrian garailetzat ospatu zuten. Haatik iraultza baten ondotik ezaba gelditu beharra zen, desegina. Ondorioz Alemaniak Versaillesko tratua jasan behar ukan zuen. Tratu makurra, ogen eta kalte ordain guziak alemanen bizkar ezarri baitzituen, gerla pizle bakarrak izan bailiran, haiek bezain hobendun zirelarik beste erresuma zenbait, hala nola Serbia, Errusia eta bi horiek bulkatzaile zuten Frantzia. Injustizia horrek errebantxaren hartzeko tirria piztuko zuen Alemanian, eta 1929ko krisi larria lagun, xede hori bideratuko zuen Hitler delako gerlari ohi batek, abiapuntutzat Versaillesko tratua salatuz. Burutzeko, beste bi puntu azpimarratzen ditut bereziki: lehena, duela mende bat laborarien arteko gerla izan zela nagusiki, beren artean auzibiderik ez zutelarik; bigarrena, ber denboran giristinoen arteko gerla izan zela, Europan bederen. Orduko Aita Saindua, Benoît XV, bakearen ekartzera lehiatu zen, debaldetan: frantsesek "le pape boche" deitu zuten, eta beren aldetik Austriak eta Alemaniak ere muzin egin zioten. Bakoitzak uste zuen Jainkoa berekin zuela, oraiko djihadistek bezala. Eskandalagarria zaigu, beharrik, gaurko kristauei, eta zer pentsa ematen digu. Azken hitz baikor batez bukatu nahi dut halere. Munduko bigarren gerlaren ondotik, Aliatuak Versaillesen egin zuten urrats okerraz oroituko dira, ez dute hutsa errepikatuko, aitzitik galtzaileak zutitzen lagunduko dituzte: urrats on horri esker Alemania eta Japonia baketu zaizkigu, gaur adiskideak ditugu.
Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3471. zbk

Girixtino nintazke girixtinoak beti girixtino balire

Gandhi

Gure Hitza | 2018/10/26

Ondoko eta Ahizpa ttipi

Peio Jorajuria

Mintzarazten dute. Tokika, mintzarazten baino gehiago, kexarazten ere, armak hartzeraino. Alta ez dute nehungo hobenik. Ustez, goxoki bizi zauden beren lurretan. Eta hara lurralde arrotz batetara desterratuak izan direla. Izena dute Claverina eta Sorita, biarnesez Ondoko eta Ahizpa ttipi. Konprenitua dukezue, Pirinioetara ekarriak izan diren bi hartz esloveniarrez mintzo gira. Urri hastapenean, helikopteroz utziak izan dira Biarnoan, Aspeko ibarrean, Etsaut herriko eremuetan, Sesques mendiaren mazeletan nonbait. Zazpi/zortzi urteko hartzak, biak ernari, omen, gure mendiak populatzeko esperantzarekin. Hartzak mende luzetan populatu ditu gure mendiak, bainan gaur Pirinioetako jatorrizko hartzarik ez da gehiago. Galtze handia natura eta bionaztasunaren defendatzaileentzat. Frantses Estaduak ezinbesteko ondare hori berriz biziarazi behar dela erabakirik, Esloveniatik hartz batzuren ekartzea deliberatu zen duela hogei bat urte, Esloveniako hartza baita Pirinioetako hartzatik hurbilena, bai...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016