Mundu zabalean | 2018ko Urriaren 25a

Mundu Zabalean

M.L.

Mundu%20Zabalean

Portugaleko errealitate kuriosoak

Hedabideek ahantzia ere dute Portugal aspaldi honetan. 10 milioi biztanle dituen estatu horrek alta ezohiko errealitateak bizitzen ditu ihaurri. Presidentea eskuinekoa du, 2016an pasatua lehenbiziko itzulian bozen %51,5ekin. Gobernuburua aldiz sozialista du, bozen %32a ukanagatik minoriako gobernua kudeatzen du, sustengatzaile dituela gobernuan sartu gabe, ezker (puntako) blokeoa eta alderdi komunista. Gehiago dena 2015az geroztik urtero buxeta bozkatzen diote ezkerreko aliatuek. Eskuineko presidenteak eta gobernuburu sozialistak paregabeko uztarria osatzen dute. Presidenteak uzten du sozialista gobernatzera behaztoparik ezarri gabe; hautagai zelarik erran zuen: "pasatu eta ez zela gobernuaren aferetan sartuko, eta parlamentuaren urratzeko ahala ukanagatik, ez zuela legebiltzarra sei hilabetero desegiteko xederik". Geroztik eta hitza betetzen du. Krisi betean giderrak harturik sozialistek urtero legezko soldat apalena emendatzen dute, bai eta erretreta-pentsioak. Iaz hasiak dira klase mediaren zergak eztitzen, aldiz 35 milioi euroko afera zifra pasatzen duten entitate eta partikularrei zerga berezi bat ezarria diete. Ez uste izan haatik horrek nazioarteko ekonomian beldurra sortu duenik. Aurten ere kanpotik jin inbeztizamenduak emendatu dira. Heldu den urteko gobernuak pentsatzen du SMICaren hupatzea 600 eurotaraino (hilabeteko), erretretak ere bai, eta langile publikoen soldatak %3an emendatzea pentsu dute, eginen baitu 10 urte hein berean zeudela. Kondatzen dute %2,2ko garapen ekonomikoa gauzatuko dela Portugalen, eta langabezia %6,5eraino apalduko dela.

Bruno Le Maire: besoak indartsu baina ezin jo

Bi aldiz bederen bere onetik atera da Bruno Le Maire ekonomia eta finantzako ministro frantsesa azken egun hauetan. Iragan astelehenean Blanquefort-en baitzen FAI lantegiaren geroaz hitzegitera joana, enpresako langile ordezkari eta kargudun politikoekin, ongi oiesturik dei irmo bat egin die langileei borroka daitezen FAI hesterat ez uzteko. Alabaina, bi egun lehenago Ford FAI unitatearen jabeak deplauki ezetz ihardetsi baitio FAI Belgikako PUNCH sozietatearen saltzeari. Alta Bruno Le Mairek segurtatzen zion frantses gobernuak bost milioi euro ekarriko zituela, eta Akitania lurraldeak 8,5 milioi, Ford-en laguntzeko salmenta hori gauzatzen. Eta futxo, gobernuak deusik ezin egin Ford-en kontra! Hiru egun berantago erasialdi gorri bat atera du ministroak, solasek, kalapitek ez dutela gehiago lekurik, ordu dela interneteko lau sozietate larrienak has daitezen zergak ordaintzen: Bruno Le Mairek gehitu du eginen duela Europar Batasuneko beste estatuen bisitaldia, printzipioz lau zigante numerikoei finkatua zaien zerga erabakitzearen alde mintza daitezen. Dirua hunkitzen duen edozein erabaki indarrean emaiteko 27 euro-estatuak hitz beretan mintzatu behar baitira. Arriskatzen du ordea ahobatekotasun hori ez dela berehala gertatuko, lau zigante numerikoak aterbetzen dituzten estatuek ez baitute horrelakorik onartuko. Hara berriz ere Bruno Le Maire besoak indartsu baina inor ezin jo!

Munduan pobrezia beheiti... munduko bankuaren arabera

Munduko bankuak finkatu izarien arabera pobrezian bizi da egun bakoitz 1,90 dolarreko irabazirat heltzen ez dena. Erakunde berak bi miliar jende emaiten zituen pobre 1990ean, 25 urte berantago kopuru hori 736 milioietara jautsi dela dio. Gehitzen du gaur egungo 10 mundutarretarik bat pobrezian bizi dela. Hain zuzen MBak kopuru horren %3etaraino jautsaraztea du helburu 2030erako. Ordea, tendentzia orokor horren kontra sentsuan doaz gauzak Sahara basamortu peko Afrika aldeetan. Eremu horietan 1990ean bazen 278 milioi pobre, 2015ean 413 milioi kondatu dituzte. Bestalde munduko bankuak azpimarratzen du diru eskasia matematikoa baino urrunago joan behar dela egiazko pobreziaren definitzeko. Hezkuntzara, oinarrizko zerbitzu publikoetara ezin heldua kontutan hartuz geroz bi aldiz gehiago pobre kondatu behar liteke munduan.

Suitzako UBS bankua Frantzian auziperatua

UBS diru-etxea, Suitzako handienetarikoa, auzitan emana Frantzian. Hara berri bat harrigarria. Leporatua zaio batetik andana bat miliar euroko kapitalaren gordetzea Frantziako administrazioari; bestetik, Frantzian barna ibiltzea bezero keta. Kanpotiar diru-etxe bihi bat ez omen baita Frantzian bezero bila ibiltzen ahal gobernuak baimen berezi bat eman gabe. Hilabete oso bat hartzen du auzitegiak aferaren xuritzeko. Suitzako buruzagiek aitortu dute UBS France adarra Frantziako bezeroentzat sortua dutela. Beste lekuko batzuek ordea aitortu dute sistema bat arras konplikatuagoa pikoan emana duela UBSek. Hasieran Frantziako administrazioari irabazien ez aitortzeko kapitala nasaiki ezarri zuten Suitzako UBSen hainbat frantses enpresa eta partikularrek. Baina 2000 urtetan gobernuak hitzeman baitzien (ahapetik) ez zituela zigortuko beren kapitala Frantziara itzultzen baldin bazuten, orduan zuen UBSak Frantziako adarra sortu. Horrela 10 miliar euro inguruko kapitala pasatu liteke Suitzako UBSetik Frantziako UBSerat, estatu batetik bestera baina beti etxe berean egonez. Bankuak kapitala beti berekin du, Suitzan ala Frantzian, bezeroak isunak pagaturik ere.

Email Facebook Twitter LinkedIn

3471. zbk

Girixtino nintazke girixtinoak beti girixtino balire

Gandhi

Gure Hitza | 2018/10/26

Ondoko eta Ahizpa ttipi

Peio Jorajuria

Mintzarazten dute. Tokika, mintzarazten baino gehiago, kexarazten ere, armak hartzeraino. Alta ez dute nehungo hobenik. Ustez, goxoki bizi zauden beren lurretan. Eta hara lurralde arrotz batetara desterratuak izan direla. Izena dute Claverina eta Sorita, biarnesez Ondoko eta Ahizpa ttipi. Konprenitua dukezue, Pirinioetara ekarriak izan diren bi hartz esloveniarrez mintzo gira. Urri hastapenean, helikopteroz utziak izan dira Biarnoan, Aspeko ibarrean, Etsaut herriko eremuetan, Sesques mendiaren mazeletan nonbait. Zazpi/zortzi urteko hartzak, biak ernari, omen, gure mendiak populatzeko esperantzarekin. Hartzak mende luzetan populatu ditu gure mendiak, bainan gaur Pirinioetako jatorrizko hartzarik ez da gehiago. Galtze handia natura eta bionaztasunaren defendatzaileentzat. Frantses Estaduak ezinbesteko ondare hori berriz biziarazi behar dela erabakirik, Esloveniatik hartz batzuren ekartzea deliberatu zen duela hogei bat urte, Esloveniako hartza baita Pirinioetako hartzatik hurbilena, bai...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016