Kostaldean | 2018ko Urriaren 30a
Kostaldean
Irandatz kiroldegian
Hendaian, obra pizkorrak akulatu dituzte Irandatz kiroldegian. Ikasle frangok baliatzen dituzte horko muntadurak, elkarte frangok ere ba. Gela handi bat moldatua izan da eta ondoan aterbe gisako apiriku (porche) eder bat. Bilkura askoren egiteko toki bat biziki asurtia. Obrek iraun dute sei hilabete eta gosta dira 150.000 euro.
Arrantzako untzi bat gehiago Donibane Lohizunen
Donibane Lohizuneko portuan, arrantzako itsas-untzi bat gehiago badute joanden egunean benedikatu duena Mikel Epalza apezak. Benedikatu eta ez bataiatu, holakoetan ardura bataio bat dela erraiten bada ere. Untsalaz alabainan, jendeak dira bataiatzen, ezitsas- untziak edo etxeak. Untzi hori berria da beraz portuan bainan berenaz ez da arras hala. Frantzia iparraldean ja baliatua dute eta "Amande Douce" zuen izena. Ziburun kokatua den arrantzale kapitain edo patroi gazte batek erosi du eta izena kanbiatu dio, holakoetan ardura egiten den bezala. Deitu du "Le Cloë", bere alaba gogoan, 14 urte dituen alaba hori Cloëdeitzen baita. Arrantzale hori bera, Guillaume Chausse, Bordelen sortua da motaz biarnesa den familia batean. 37 urte ditu. Gazte hutsa zen oraino arras berotu zelarik arrantzale behar zuela izan eta bere kondu. Behar diren ikasketak eginik, ofizioa ikasi du eta bizpahiru untzitan trebatua da arrantza lanetan. Horra nun orai gauzatzen duen bere aspaldiko xedea... Agian luzaz!
Ixakatik Xantakorat
Donibane Lohizunen, bi etxegune ainitz aipu dira egun hauetan, batto egina eta bestea oraino egitekoa... Egina dena, berrogoi bat urte ba eraikia dela, Ixaka auzoaldea. 231 bizitegi badauzka. Obra handiak akulatu berriak dituzte etxegune horri freskaldi bat ona emanez. Umitate gutiago sartzeko eta bestalde ere eraikuntza guziak itxura hobea ukaiteko gisan. Obra horiek gosta dira zazpi miliun eta erdi euro. Diru laguntzak ukanik bai Europa Batuaren ganik bai eta Herriko Etxetik. Barneko lanak eginak izanki, kanpoko lan batzu gelditzen dira oraino egiteko, aparkaleku, berdegune eta horietan. Helduden urte haste hortan akulatuko dituzte... Azkarki solasgai den beste etxegunea deitzen da Errota-Zahar eta kokatzen da Xantako auzoaldean, herriko pizina edo mainutegik hurbil. Aspaldian aipu da etxe parrasta baten hor eraikitzea zazpi hektarako eremuan, eta untsa toki ederrean gauza den bezala erraiteko. Duela zonbait urte, iduri zuen afera martxa onean bazoala aitzina bainan gibelapen bat izan zen, jakinik hor gaindi pasaraziko zutela orobat zalutasun edo abiadura handiko treinen burdinbide berria. Hautetsiak mugiturik, besteak beste Peiuko Duhart auzapeza, jakin zen burdinbide berria egiten bazen ere etzela hor gaindi iraganen bainan urruntxagotik... Hori duela sei urte. Bainan geroztik ez da deusik egin. Beti aipu da etxegune berri baten egitea bainan arrangura handiak badira ur erreka bat baita han berean eta goraxago naza handixko bat. Ainitzen beldurra eurite handi baten ondotik edo hola urak atera litazkeela eta etxegune guzia urpean izaiten ahal litakeela. Funtsean, erabakia izana da orotarat ez litazkeela 26 etxe eraiki bainan 15. Herri Berri taldekoeri hori etzaiote halere aski. Galdetzen dute beraz etxerik ez batere egitea toki hortan, eremu hori sobera eremu irriskutsuan dela. Denen buru, zer eginen ote dute? Hasteko ikerketa batzu berriz akulatuko omen. Ahal bezen funtsez aztertuz nun zer irrisku den. Gisa guziz, etxe bat bada jadanik eraikia bainan goren-gorena den eskualdean, urak ateraturik ere irrisku gutti den toki batean, gutti edo baterez... Bestalde gauza jakina, Herriko Etxeak hori erabakirik, hiru etxetokitan segurik, eskualde apalenean, ez dela deusik eraikiko...
Ez ahantz!
Joanden astean aipatua dugu jadanik bainan bi hitz oroitarazteko ortzegun huntan, aratseko 7etan, Donibane Lohizunen, Dukontenea biltokian, herriko batzokiak muntatzen duela hilabete huntako hitzaldia. Gaia, Urepeleko meatzeak, Erromanoen denborakoak. Hizlaria, Eric Dupré-Moretti ikerle ezagutua.
Akelarre Hego- Ameriketan
Hendaian, denek ezagutzen dute eta preziatzen Akelarre elkartea euskal kulturaren alde azkarki bermatzen dena ainitz gisetarat eta urte guzian. Duela hiru urte, gaitzeko harrreman goxo eta aberasgarriak ukan zituen Argentinatik etorri euskal talde batekin. Oraikoan, Akelarre elkarteko hogoita- hamar bat dantzari eta musikari dira Hego-Ameriketarat joan direnak bi asterentzat. Mar del Plata hiriko euskaldunen ganat, beren euskalastea baitute keinka huntan, bainan harat geroz beste herri askotarat ere agertzekoak dira, han gaindi ainitz tokitan baitira euskal taldeak, euskarari eta euskal ohidureri atxikiak... Dei bat luzatua da diru laguntza galdez gastuen arintzeko gisan, hori Interneten bitartez bainan hortarako mintza ditake ere elkarteko arduradunekin.
Atsedengune elebidun bat
Hendaian, eskolako egunen segida aldatua izanik beste ainitz herritan bezala, atsedengune berri bat idekiko da asteazkenetan eta ikasurteko oporraldi laburretan, azaroaren 7tik goiti, eta hori geltoki aldeko eskolan. 6 eta 13 urte arte hortako haurrentzat. Jokogune berezi batekin elebiduna izanen dena, euskara eta frantsesa biak erabiliz. Izenak hartzen dituzte Herriko Etxean.
Kantaldi ederra
Bai, zinez ederra izan da joanden igandean Ziburuko elizan herriko etxeak eskaini duen kantaldia. Zortzi talde gomitaturik, horietan lehen aldikotz barne Airez eta Erlauntza. Bazen jende eta gaitzeko giro goxoa. Bi orenez entzun dira, denak xarmanki emanak, 24 kantu, 22 euskaraz, batto frantsesez eta beste bat Hego-Afrikako mintzaira batean.










