Azalekoa | 2022ko Urriaren 13a

Munduko pilotariak Euskal Herrian!

M.O.

Munduko%20pilotariak%20Euskal%20Herrian!

Munduko pilota txapelketa, 4 urteetarik antolatua dena, aurten Ipar Euskal Herrian iraganen da. Pilotazaleen hitzordu inportantea dela eta, bildu gira Lilou Echeverria Frantziako Euskal Pilota Federazioko presidentearekin, Munduko Txapelketako Federazioko antolatzaile batzordeko kide dena.

Pilotaren pasioa

Lilou Echeverriak pilota pasioa baldin badu, oroitarazi nahi ukan du Jakes Casaubon zenak ziola eman. Biarritzen 8-9 urte zituelarik, Jean-Louis, Jakes-en semearekin, eskolako aterpean pilotan ari ziren. Gogoan du ere Harausta auzoko trinketean ostegun guziz Amarekin eskolatik landa pilota partiden segitzera abian zela. Haurtzaroan esku-huska jokoa zuen ezagutzen eta naturalki arlo horretan hasi zen, Biarritz Atheltic Club-etan (BAC). Eskuko mina ukanez, xisteran hasi behar ukan zuen, hiru aldiz munduko txapela eraman arte. Kontatzen zuen, bere gazte denboran eskuetako loturak ez zirela gaur pilotariek erabiltzen dituztenak. Pilotari izaitetik, BAC klubean bai eta zesta puntako entrenatzaile ardura hartu zuen. Lanbidez kudeaketa kontrolatzaile izanez, BAC-eko buruzagitzan sartu zen diruzain postuan, urte batzuk berantago presidente kargua hartu zuen. Gaur-egun Frantziako Euskal Pilota Federazioko presidentea da, bai eta Munduko Txapelketako Federazioko antolatzaile batzordeko kide. Berak zioen bezala holako ardura hartzeko pilota pasio izan behar da, orenak ez dira konta, anitz denbora hartzen baitu.


Euskal pilotaren antolaketa

Frantziako pilota federazioa 1921eko urtarrilean sortu zen, munduko lehen pilota federazioa izan da. Frantses Kirol Ministerioak ofizialki ezagutua du, euskal pilotaren praktika kudeatu eta garatzeko eginkizuna emana dio.

Presidenteak erraiten zaukun gaur-egun federazioak 300 klub dituela, Hauts de France, Marseillan edo(ta) Rhônes-Alpes eskualde arte, gehienak Hego-Mendebalde Handian kokatuak baldin badira ere.

Federazioko zuzendaritza 40 kidez osatua da, bozka bidez dira hautatuak. Azken hauteskundeetan bi zerrenda aurkeztu ziren, Lilou Echeverriarenak zuen gehien boz bildu, %70arekin, 34 pertsona hautatuak izan ziren eta 6 beste taldetik. Nola izurritea zen, bozak elektroniko bidez iragan ziren, %97ren parte hartzearekin, ikuskatze agentzia baten babespean.

Galdegiten delarik pilota sailak zenbat langile enplegatzen dituen, presidenteak zioen zaila dela erantzutea. Jadanik federazioa eta ligaren artean 15 bat kontatzen zituen, baina beste anitz gehiago badira, klub batzuk berenak ukanez. "Langileak beharrezkoak baldin badira, laguntzaileak ez balira, pilota hila litzateke" gehitzen zuen. Hauek egin lana goretsi du, astearen barnean eta asteburuetan emaiten duten denborarentzat eta lanarentzat.

Pilotariak

Presidenteak zioen pilotariek goi mailako prestakuntza segitzen dutela, egunerokoan kasu eginez eta entrenamendu oren anitz emanez. Jokalarien kopurua atxikia baldin bada, bereziki umetxoen, kimuen eta gaztetxoen sailetan, 16/18 urtetik harat galtze bat senti da. Lilou Echeverriak zioen arazo desberdinak daudela, jendarte aldaketak ekartzen dituenak. Zenbaitzuk nahiago dute errugbia ala futbola bezalako talde kirolak egin, beste batzuk Euskal Herritik harat ikasketen egitera abian dira eta beste batzuk beren aisialdieri lehentasuna eman nahi dute.

Munduko Pilota Txapelketa

Aurtengo txapelketan 16 federazioek 34 herri ordezkatuko dituzte. Aitzineko urteeri konparatuz ordezkaritza gehiago baldin bada, frontball joko berria lehen aldiz lehiatuko da, 28 herrialdek kategoria horretan parte hartuko dute. Guzira, 5 kontinentetako 400 pilotari lehiatuko dira. Urriaren 23tik 29ra iraunen duen XIX. Munduko Txapelketa, Ipar Euskal Herriko 4 hiritan partidak iraganen dira, Biarritzen, Baionan, Bidarten eta Hazparnen.

Herria astekariaren bidez txapelketa hunen berri ukanen dugu, gure pilota sailaz arduratzen direneri esker.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3660. zbk

Gure Hitza | 2022/10/13

Dazkigunak erakatsi

Jean-Louis Harignordoquy

Buruileko lehen egunetan hasirik ikasturte berria aitzina doa. Badakigu andereñoek bortz eginahalak egiten dituztela lekuko euskalkiak konduan hartuz haurrak eskolatzeko. Hortik hasi behar da, gero beren hautuaren arabera, lanbide eskolak edo goi mailako ikasketak ere euskaraz segitzeko gisan. Gazte denboran ikasteko ahalak gorenean baitira, dena beraien probetxuko ukanen dute erakasle motibatuekin.

Nehor ez da ikasirik sortzen, eta lur huntan gure bizitza pasabide bat da, epe baterakoa. Bere azken urteetan, Jean Haritschelhar zenari irri zafla batekin laketzitzaion lagunartean erraitea: "badakiat joan behar dutala, bainan batere ez nuk prisatua". Erakasle ona izana baitzen, euskaltzainburu ohiak mundu hau utzi zuen, erakatsi beharrekoak erranik eta idatzirik.

Gure esku dago dakiguna galtzerat ez uztea. Ororentzat, mundu huntako pasaia atsegingarria, goxoa eta harremanez aberatsa izan dadin, gazteei eman behar diegu...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016