Ba ote dakixu? | 2022ko Urriaren 13a
Kubako misilen krisialdia (2/3)
Gilen Bacho
1962ko urriaren 21ean, Gerald Miller amiralordeak, USS Wrangell itsasontziaren komandantea zena, manua ukan zuelarik ehun bonba nuklear gehiago ekartzea USS Enterprise hegazkin ontziari, Amerikar Estatu Batuek Kubaren kontra eraso nuklear bat piztuko zutela pentsatu zuen. Eta egia da Estatu Batuetako presidenteak, Kennedyk, hautu hori kasik egin zuela. 1990eko hamarkadan, grabaketa zonbait agertu ziren zeinetan Kennedyk, argiki, aire eraso sorpresa baten egitea Kubako sobietar misilen instalazio
Amerikar blokeoa
1962ko urriaren 22an, Kennedy, lehen aldikoz, publikoki mintzatu zen, telebistan. Amerikanoak, baina ere munduko biztanleak, harrituak egon ziren gerla nuklearra hain hurbil zela deskubrituz. Kennedyk lehenik U-2 hegazkinaren argazkiak aipatu zituen. Sustut, Kubaren itsas blokeoa iragarri zuen eta Sobietar Batasuna mehatxatu, sobietarrek ez bazituzten misilak Kubatik kentzen mendeku neurriak hartuko zituela erranez. Nazio Batuetako idazkari nagusiak, U Thant-ek, jende guzien erreakzioak berantago ontsa laburbildu zituen: "Ikusi eta entzun nuelarik, ezin nuen sinetsi. Teknikoki, Kuba eta Sobietar Batasunaren kontrako gerlaren hastapena zela nahi zuen erran". Kennedyk ez zuen eraso militarraren hautua egin baina bortizkeriaren erabiltzea ez zuen batere baztertu (hor ere, grabaketek Kennedyk eraso militar bati berriz pentsatzen zuela egun zonbait berantago erakusten dute). Kennedyk posizio indartsu batean zela pentsatzen zuen baina ez zen hain egia, ez baitzituen informazio onak. Kuban 10.000 sobietar soldadu bakarrik bazirela pentsatzen zuen, egiazki 40.000 baziren. Gainera, bakarrik 1992ko Habanako konferentzian jakin dugun bezala, sobietarrek arma nuklear taktikoak instalatu zituzten Kuban. Amerikar indarrek Kubari buruzko eraso bat egin bazuten, suntsituak izan litzatekeen sobietar arma taktikoenganik. Amerikanoek hori ez zakiten. Alderantziz, Sobietarren posizioa Kuban ahula zela pentsatzen zuten eta horregatik Kennedyk Krutchev mehatxatu zuen hitz horiekin.
"Infernuan elkartuko gira"
Urriaren 24an, amerikar blokeoa instalatua zen. Sobietar itsaspekoak eta amerikar itsasontziak blokeo lerrora ber mementoan heldu ziren. Gainera, 30 sobietar itsasontzi Kubako bidean ziren. Horietarik lauek misil nuklearrak bazituzten eta, 10:00etan, hauetatik bi, Khemov eta Gagarine itsasontziak, blokeo lerrora heldu ziren. Amerikar itsasontzien aurrean ziren. Tentsioa izigarri azkarra zen baina Krutchevek, 10ak eta erditan, bere bi itsasontzieri ez atakatzea eta blokeo lerroa aitzin gelditzea manatu zuen. Bazakien jada aski misil eta soldadu bazituela Kuban. Urriaren 25ean, 30etatik 12 sobietar itsasontzi gibelera itzuli ziren, Sobietar Batasunari buruzko bidea berriz hartuz, baina besteek beren bidea segitu zuten blokeo lerrora arte. Nehork ez zakien zer iraganen zen helduko zirelarik. Estatu Batuen aliatuek (Frantzia, Erresuma Batua eta OTAN-en barne zeuden estatuak) hitzeman zuten amerikanoak sostengatuko zituztela Sobietar Batasunaren kontra gerla bat hasten bazen. Urriaren 26an, Krutchevek amerikar negozio gizon bat, Moskun zena eta Estatu Batuetara sartzen zena, bitartekari bezala erabili zuen mehatxuzko mezu baten helarazteko Kennedyri: "Estatu Batuek gerla nahi badute, orduan infernuan elkartuko gira".











