Herriz Herri - Donapaleu (NB) | 2022ko Urriaren 13a

Euskaraldia - Manasluko ibilaldia - Orekan dantza ikusgarria

Euskaraldia%20-%20Manasluko%20ibilaldia%20-%20Orekan%20dantza%20ikusgarria

Euskaraldia heldu zauku "hitzez egiteko garaia" lemarekin

Bi urtetarik Euskal Herri guzian egiten da ekitaldi hau, aurten azaroaren 18tik, abenduaren 2a arte iraganen da. Amikuzen, Zabalik elkartearen inguruan antolatua da eta bilkura zonbait izan dira, azken hilabete hauetan kanpainaren prestatzeko. Irailaren 30ean, erakusmahaia plantan emana zen, Donapaleuko abere merkatu plazan, jendea informatzeko eta izenak biltzeko. Huna Zabalikek nola aurkezten duen kanpaina hau: "Euskaraz mintzatzeko fida zira? Edo euskaraz norbait mintzatzen bazaizu, ulertzen duzu? Orduan Euskaraldiak proposatzen dituen bi roletarik bat hartzen ahal duzu. Eta rolarekin engaiamendua hartzen duzu: "Ahobiziak" 15 egunez ahal duen leku eta memento guzietan euskaraz eginen du, lehen harremana bederen. "Beharriprestak", bere txapa papoan, jakinarazten du euskaraz egiten ahal zaiola, bera ez bada fida ere beti euskaraz aritzeko. Zendako seinu horiek guziak? Euskararen aldeko atxikimendua gorenean da garai hauetan. Egia da. Egia da ere, ez dela sekulan euskara hain guti entzuna izan. Euskaldunak mutuak gira! Helburua da atxikimendua gainditzea eta erabilera bilakatzea. Hizkuntza ez da biziko ez bada erabiltzen... Euskarak behar gaitu, eta euskara behar dugu,... erabiltzeko!".

Zabalik elkarteak gomita zabaltzen du kanpaina hortan parte hartzeko izena emanez, www.euskaraldia.euswebgunean bai eta ere azaroaren 18an (19:00), Donapaleun merkatu estalian antolatua den gaualdian parte hartuz. Txapak hor banatuak izanen dira.

Manasluko ibilaldia (8.163m) Donapaleuko zinegelan!

Duela urte bat aipatu ginuen nola, 2021eko irailaren 30ean, bi amikuztar, Frédéric Arburua eta Jakes Sallaberremborde, 8.163 metrotan den Manaslu kaskora heldu ziren oxigenorik gabe. Berekin zen hirugarren kideak, Maialen Berterreche baigorriarrak, lehenago gelditu behar ukan zuen, 7.600 metrotan. Manaslu Nepalen kokatzen da eta munduko zortzigarren mendi gorena da.

Handik ekarri dituzten argazki eta bideoekin, Bixoko agentziak dokumental bat ekoiztu du eta hunen ikusteko parada emana da, Donapaleuko zinegelan, urriaren 14an ostiralez (20:30), urriaren 18an asteartez (20:30) eta urriaren 23an igandez (18:00). Filmaren ondotik, ibilaldi hortan parte hartu duten protagonistak hor izanen dira, galderei erantzuteko.

Amikuzeko Mediatekaren 20 urteak ospatuak

Amikuzeko mediateka 2002ko irailaren 18an zabaldu zen eta aurten bere 20 urteak ospatzen ditu, urriaren 14tik 29a arte. Adin ederra haziak ereiteko, jakitatea transmititzen eta elkarbizitza sustatzen segi dezan. Gainera, arbola eta hazia izanen dira ospakizun horren hari gorriak. Hitzordu desberdinak emanak dira haziak ereiteko mediatekaren aitzinean eta arbola bat landatua izanen da, urriaren 29an (10:00).

Bestalde, margolan bat antolatua izanen da, ALSHko haurrekin, Céline Mirailh-Arrossagaray margolariaren laguntzarekin, urriaren 24 eta 28 artean. Biziaren eta jakitatearen arbola mediatekako pareta batean margotuko dute. Musika ere hor izanen da, Amikuzeko musika eskolarekin, urriaren 29an.

Beste hitzordu batzu ere emanak dira:

Urriaren 14an (17:00), ostiralez, tailer numerikoa, Syvain Dissard-Engrand kontseilariarekin.

Urriaren 15ean (10:00), ibiakoitzez, idatz tailerra, Sophie Béguerie idazlearekin.

Urriaren 19an (17:00), asteazkenez, antzeztu irakurketa "Entre les gouttes" konpainiarekin, 8 urtez goitikoendako.

Urriaren 21ean (15:00-17:00), ostiralez, Liburuak elkarteak 20 urtez bizitu bihozkaden irakurketa berezia,ondotik (17:30-19:00) Zabalik elkarteak Manex Erdozaintzi-Etxarten funtsaren presentaketa euskaraz, itzulpenarekin.

Urriaren 22an (10:00), ibiakoitzez, aurtengo eleberri lehiaketaren sari banaketak, Tokia elkarteak eszenaraturik.

Urriaren 26an (14:00-17:00), asteazkenez, ludotekako jokoen aurkikuntza, Komediaren partaidetzarekin.

Urriaren 28an (17:30-19:00), ostiralez, Istorio Misterio Xan Errotabeherek eginik, denentzat, 8 urtetik goiti.

Urriaren 29an (10:00), ibiakoitzez, ospakizunen bukaera arbola baten landatzearekin eta murruko freskoaren estreinarekin.

Xehetasun gehiago ukaiteko: www.mediateka-paysbasque.fr edo 05 59 65 28 72 zenbakia deituz.

"Orekan" Burgaintziren ikusgarri berria Donapaleun

Burgaintzi dantza taldeak aurten 45 urte ospatzen ditu. Horren kari, "Orekan" ikusgarri berria aurkeztuko du, Amikuzen. Lehena, urriaren 29an, ibiakoitzez emanen du (20:30) eta bigarrena urriaren 30ean igandez (18:00), Donapaleun, Airetik salan.

Txartelak aitzinetik hartzen ahal dira, Burgaintziren webgunean, 12€ helduentzat eta 8€ hamabi urtez pekoentzat. Txartelak erosten ahalko dira ere lekuan berean ikusgarriak aitzin.

Ikusgarriaren ondotik, edateko manera izanen da eta igandean taloak eskainiak izanen dira.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3660. zbk

Gure Hitza | 2022/10/13

Dazkigunak erakatsi

Jean-Louis Harignordoquy

Buruileko lehen egunetan hasirik ikasturte berria aitzina doa. Badakigu andereñoek bortz eginahalak egiten dituztela lekuko euskalkiak konduan hartuz haurrak eskolatzeko. Hortik hasi behar da, gero beren hautuaren arabera, lanbide eskolak edo goi mailako ikasketak ere euskaraz segitzeko gisan. Gazte denboran ikasteko ahalak gorenean baitira, dena beraien probetxuko ukanen dute erakasle motibatuekin.

Nehor ez da ikasirik sortzen, eta lur huntan gure bizitza pasabide bat da, epe baterakoa. Bere azken urteetan, Jean Haritschelhar zenari irri zafla batekin laketzitzaion lagunartean erraitea: "badakiat joan behar dutala, bainan batere ez nuk prisatua". Erakasle ona izana baitzen, euskaltzainburu ohiak mundu hau utzi zuen, erakatsi beharrekoak erranik eta idatzirik.

Gure esku dago dakiguna galtzerat ez uztea. Ororentzat, mundu huntako pasaia atsegingarria, goxoa eta harremanez aberatsa izan dadin, gazteei eman behar diegu...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016