Herriz Herri - Banka (NB) | 2022ko Urriaren 13a
Heriotza - Ibarreko Haziak haurtzaindegia
Heriotza
Joan den agorrilaren 29an zendu zen Xeromi Falxa, Olhaberrietakoa, bere ehungarren urtea betetzen zuen egunean.
Zendu da ere urriaren 1ean Koxe Mari Juanikotena, Antxiñonekoa, 94 urtetan. Meza ederra ukan du: Sebastian Lizaso etorria zen bertsuak kantatzera (azpian irakurgai) eta bildu guziek "Xalbadorren heriotzean" kantua eman dute.
Dolumin zintzoenak bi familieri.
Azken hatsa ematean
Bizi loturak hautsi ta
Heriotzak erukirik
Iñoiz ez du edukita
Konfiantza sentitzen zen
Zu ondoan ikusi ta
Asko egin du aurrera
Zu balantzari eutsi ta
Sorogañen Artzain ziñen
Familia zin etsi ta
Aita ta buraso gaia
Ziñela erakutsita
Milla esker Jose Mari
Begiak malkoz busti ta
Lagun askoren joana
Ta lagun asko utzi ta
Emazte Seme Alaba
Suhi errañekin batera
Billoa senide lagun
Gero arte satera
Gaurko Agurra ez baita
Asturan hasiera
Naiz eta joana zela
Mundu batetik bestera
Norbaitek maite duena
Ez da iristen hiltzea
Loturak manten ditzagun
Bihotzetan da aukera
Nahiz ta ikusi ta
Sentimendua berbera
Gurekin bizi ziñena
Guregan biziko zera
Ezkontza
Lau ezkontza ukan ditugu herrian azken aste hauetan: Jean-Marc Pelaud eta Florence Feyty ezkondu dira uztailaren 23an; Frantxoa Oteiza eta Maitena Gascue agorrilaren 20an; ondotik Josianne Iturreria eta Vincent Barbaste agorrilaren 27an; eta azkenik Xantreaneko Isabelen semea, Mattin Ribeiro, Bordele ondokoa, eta Emilie Mathieu buruilaren 10ean.
Zorionak esposeri eta lau familieri.
Denbora beroak
Euria ere jin zauku, aspaldi huntan igurikatzen ginuena. Herriko xahar batenganik entzuna dugu 1901ean gertatu omen zela urte bat aurten bezalakoa: artoa maiatzean erein eta bildu omen zuten euririk gabe. Buruxkak baizik ez zituzten bildu, egia erran, hain ziren ttipiak. Urte hartan, elurra egin omen zuen euria aitzin. Nehork ez du haatik entzun aurten bezala tenperaturak 40 graduotarik pasatzen.
Baleako Haziak haurtzaindegia
Ibarreko Baleako Haziak haurtzaindegiak hamar urte egin ditu aurten eta urteburua ospatzeko, besta eguna antolatua zuen elkarteak joan den buruilaren 17an, Bankan eta Alduden. "Trukatruk" eta "Gurashow" ikusgarriak gozatzeko jende frango bildu da, haur anitz bereziki. Philippe Albor eta bere lagunek giro airosa sortu dute, denek egun arrunt goxoa iragan dute.
Olhaberri ostatua kudeatzen duen Vanessa Denis-k herritarrak afaltzera gomitatuak zituen, buruilaren 17an, baitu orain bost urte jina dela hor lan egitera Jérémy bere senarrarekin. Giro alaian iragan da otordua, hainbateraino nun afaltiarrek argia bildu duten.











