Gogoa hazi | 2022ko Urriaren 13a
"Bisonours"
Johanes Bordazahar
Ikus HERRIA3655°, Mandioren artikulua. Piarresi erantzun bat.
Beraz "Bizi leuna" deramaten idazle horietarik gaituk, "anestesiatuak", gu, "Jainkoa, Herria, Jendea" sail honetakoak, gure artikuluak ziropaz eta pomadaz bildurik proposatzen ditugunak. Lehenik eta behin zer zakiak bazterreko batek gure bizitzaz. Gure zauriak eta dramak agerian eman behar ote dizkiagu, "J.B.J" sail honetan idazteko legitimitatea lortzeko? Behar ote diagu baitezpada ika-mika guzien ihizian oldarkor ibili? Norberak nahi badik "Herria" kaseta bere gustukoa izan, zutabe bat badik irekia zaiona!
Ezin duk Herria denen gustukoa izan. Kritikatzea beharrezkoa duk. Haatik punta lapusten zaiok denak zaku berean sartuz. Bestalde, ez diat uste Herriak media edo prentsa oldartzaile basati baten ildoa hartu behar duenik. Maizenik aktualitate gordinean ditek fokusa: aharretan, polemikaz polemika, salaketetan. "Buzz" (burrunba) baten bila. Eskorpioak, aitzinetik besarka eta gibeletik sista. Nehork ez kontrakoa entzuten. Nor, nun hobenduna eta bota zakurrak! Estereotipoak hauek denak? Bazukek! Hemen berean, zergatik bada "clash" kolpe mediatiko baten menturan, min egiten duten hitzak urririk bota? (Pommade, sirop!!). Epaitegitik ez gaituk ateratzen! Hemen ere frantsesez egina zaigun kritikak badik gorako tribunal baten airea, edo gutienez frantses hegemonikoaren kondezentzia nabarmena euskaradun idazle ezjakinentzat. Aspalditik bazakiagu Herriak ez duela musika "gogor" mindu hori jotzen. Edo, sudurra putzu nahasietan sartzen. Distantzia hartzen, bai. Eta ikusten dituk ondorioak? "Le français moyen" norat ari den lerratzen. Gauza ederrak eta sanoak, kausitze onak agerian ematea desegokia zaiek, susmagarria. Bistan dena Herriako J.B.Jsailean idazten dugunek ez baditiagu horrelako lohiak harrotzen "bisonoursak" garela... Hortarako "anestesiatu" gisa epaituak izatea, onartzen diat.
Era berean, Herrian ez zidatek galdatu ez teologiarik, ez gai polemikorik aipatzea, soilik niretik aritzea. Beraz, hor konpon. Iduri zaitakbatzuek sinestea arras teorian, dialektikan, erretorikan definitzen dutela (beraz mugatzen!). Sinestea ("sinesten dut") zenbaitzuentzat corpus intelektual bat duk. Zerrenda bat eztabaidatzen dena. Bazakitek hitz bakoitzari bere pisua ematen. Gu, herritar soilak, Herriaz, Biziaz eta noizean behin Jainkoaz ari garenak, eguneroko fedeaz ari gaituk. Alabaina, Piarresen arabera sinesle eskasak gaituk, funsgabeak: "Il ne faut me raconter n'importe quoi" (sic). Zuek, malabaristak bezala ideiak maneiatuz, trebetasun handiz, hitz zorrotzetan eta bi erranalditan egiak biltzen dituzue (295 or.) Sinestuna izan edo sinesgabea, marra net markatzen duzue. Zoritxarrez, enetzat ez duk hain argi. Lehenik eta behin, ez dituk ez fedea ez maitasuna definitzen, bizitzen baizik. Badakizue Fede urratsak anitzak direla, sineskizunez eta sineskeriaz nahasiak akaso. Zer dakizue zuek fedeak bakoitzari bere baitan zer manatzen dion. Begira ezazue, adibidez, hor berean Baigorriko fededunek nolako harrera egin zieten bosniarreri eta gero afganistandarreri, paperak polemikaz ziliportatu gabe. Fedea maiz isildua diagu. Ohartzekoa duk ere Konpostelako bideetan bakoitzak bere fedea biziki bakan duela aitortzen. Eta egiten duelarik, hitz-erdiz. Alta bada barneko indar batek bidean ezarri ditik! Edo(ta) fede gosea zeramatek. Herria ohizko bide horretarik zoak, bere sankristia usainarekin, ohiduren zaku zaharra bizkarrean, hatsankatua, baina beti bidean, beti baikor. Bere baitako arima isilaren arabera. Gu herritar xume horien artean gaituk, ez letratu handiak, afizionatu hutsak. Fedea nik mugimenduan ikusten diat. Aitzina bagoazak, hinki-hanka... Bide luzea eginik. Gaurko bidea, egiaz, ez diagu beste batzuek bezain argi ikusten. Biharkoa biharko! Baina, nehondik ez gaituk leize beltzerako bidean. Hauek dituk ere hemengo fedearen zenbait alderdi: fede prekarioa, zaurgarritasuna. Hurbiltasun xume isila. Segurtamen gabezian, duda-mudengainetik Esperantza egoskor, aktibo batpartekatzen duguna. Zutik atxikitzen gaituena. NORBAITen erranari fidatzen gaituk. Eta elkarri fidatuz konfiantzaz goazak, maiz itsu-mandoka. Nehondik ez, ordea, ateka motz baten menturan.
Gure J.B.J. sailean, uste apala diat Esperantzari leiho bat irekitzen saiatzen garela. Leihoa aire sanoari. Mundu gris, lohitsu honi baino goraxeago begira! Herritar orokor bati mintzo gaituk. Gure irakurlegoa liburutegietan baino gehiago trein geltokian ikusten diat. Bakoitza bere aldera zoak bideko errautsa aztalean lotua; mila zauri, beldur, zoriontasun eta lorpen isilduz kargatua. Hor zagok Herria, herritar jende nahasiaren aldamenean... Trein gidari trebeago zenbaiten aiduru? Bai eiki!!










