Azalekoa | 2024ko Apirilaren 04a
Euskadi Senegal: nazioarteko elkartasun elkartea
M.O.
"Euskadi Senegal" elkarteak aurten 30 urte ospatzen ditu. Jean-Claude Darrigol, Véronique Cadillon eta Sandra Ibañez, Baiona Ttipiko egoitzan atzeman ditugu. Euskadi Senegal nazioarteko elkartasun elkartea da, interes orokorrekoa eta humanitarioa, Senegalen plantatua da aitorpen ofizialarekin.
Euskal Herritik senegaldarreri laguntza
Aziz Diallo Hendaiako Marin ospitalean lan egiten duen senegaldar medikuak elkartea sortu zuen. Bere sorterriko baserri eremuetan herritarren osasuna eta bizi baldintzak hobetzeko, bi lurraldeen arteko lankidetza proiektua garatu zuen.
Elkartea lurralde isolatuetan bizi den senegaldar populazioari buruz abian da, lan ardatz nagusia osagarri sailean du, bereziki haurren eta amen osasuna lehenetsia da. Urrun bizi diren herri ttipietan marabut sendatzaileen eragina izanez, herritarrentzat zaila da mediku kontsultetara hurbiltzea. Elkarteko arduradunek zioten holako misioetan ezinbestekoa dela tokiko jendeekin lan egitea. Bestalde baserritarrek bizi hobeagoa ukaiteko, proiektuak hango jendeekin batera plantan jarriak dira.
Laguntza eta garapen medikorako misioak
Gurekin bilduak ziren kideek zioten elkarteak hainbat lanbidetako boluntarioak dituela, bereziki osasun eta sozial profesionalean, bai eta logistikoan. Misioetan ibiltzen direnak beren oporraldietako denboran abian dira. Bi herrien arteko kudeaketa parte-hartzaile horri esker, hango osasun zerbitzuekin trukaketa eta formazio profesionalak plantan jarriak dira. Elkartearen aberastasuna, zilegitasuna eta iraunkortasuna ahalbidetzen ditu.
Elkartearen aktibitateak Senegaleko Osasun Ministerioak definitu osasun-politika nazionalaren barnean kokatzen dira. Harremanak eta gogoetak errexteko asmoz, lan-taldeak sortu dira: mediku-soziala eta misioak alde batetik eta logistika bestetik.
Misioen helburua da Euskal Herritik abian direnak hilabete batez hango medikuntza eta sozial sailean ari diren pertsonekin lanean aritzea. Gurekin bilduak zirenek azpimarratzen zuten han berean dinamikak sustatu behar direla, tokiko herritarrak beren geroaren jabe izaiteko gisan.
Negua bururatzean (eurite-denboraldian), eritasun infekziosoak sasoi horretan dira gehien agertzen (paludismoa, beherakoa, arnas infekzioak...). Bertako antolaketa ongi osatua izaiteko hiruzpalau urte behar dira. Herrixketan, Euskadi Senegalek, hango artatzaileekin kontsultak antolatzen ditu.
Senegaleko egoera
Euskadi Senegaleko kideek oharra egiten zuten han ere jendartea aldatzen ari dela. Gazteriak bere familiatik urrundu nahi du, "Europaren ametsa" dutela errana izan da. Lanaren Nazioarteko Erakundearen arabera, langabezia %48koa da, langabeziak gehien kaltetua duen herrialdea da. Senegaleko populazioa gaztea da, herritarren %54ak 20 urte baino gutiago ditu. Arrantza sektorea Senegaleko ekonomiako sektore garrantzitsuenetako bat da, egoera txarrean dena. Arrantzatzeko erabiliak diren piraguak, gazteek erabiltzen dituzte Atlantikoaren beste aldera joaiteko. Europara buruz doazen piraguek ehun bat pertsona garraiatzen dituzte, bizia galtzeko arrisku handiarekin.
Senegaleko laborantza ere ez da ekonomikoki bideragarria. Laborantzak ez du behar den etekina bermatzen. Egoera horrek gazteak gaizki uzten ditu, etorkizun hobe baten esperantza galdu arte.
Proiektuak eramaiteko laguntza beharra
Véronique Cadillon hasieratik misioak segitzen dituenak zioen, Senegalen gizonak lasaiki bizi badira, ondoan emazteek anitz lan egiten dutela. Emazte horien laguntzeko proiektu batzuk gogoetatuak dira. Jadanik zenbaitzuk abiatuak dira, zereala lantzeko tresnak eta zikinak biltzeko ekipamenduak erosiak izan dira. Elkarteak diru bilketa abiatua du, laguntza ekartzeko interesa duenak emaitza igor dezala: Euskadi Senegal, 30 Bourgneuf karrika, 64100 Baiona.
Hogeita hamar urte pasa direla, Euskadi Senegal elkarteak bere antolaketari buruz pausa bat egin nahi du. Misioak segituko dituela dudarik ez du, proiektu batzuen inguruan gogoetatzen ari da.











