Herriz Herri - Azkarate (NB) | 2024ko Apirilaren 04a

Heriotza

Heriotza

Azken egun hauetan itzali zauku Pierre Erramoun Jauberriko nagusi xaharra, 91 urtetan. Gazte denboran Pierrek urte bat eta erdiz Alemanian soldadu zerbitzua egina zuen. Etxera etorri eta, urte baten buruan kasernara berriz itzultzeko manua ukan zuen, Aljeriara joaiteko. Han gerla itsua izan zen. Handik Pierrek jasan zuen oroitzapen lazgarria, brankardier gisa ukan zuen galdea, gudariak ari ziren soldaduen soleitzen. Zoritxarrez zer atzeman zuen, dozena bat soldadu hilak, beste batzu azkarki zaurituak, hango gudari fellaghaen basakeriagatik. Ezin zuen Pierrek egitate hori jasan, biziki hunkia eta markatua izan zen, gertakari hori ez zuen biziki aipatu nahi.

Etxera itzuli eta, gogorki lanari lotu zen, bizitegia handitu eta edertu, kabalategi zabala xutik ezarri zuen etxaldea handituz. Segur Pierrek lan egin du eta auzoetan zerbitzu anitz. Maria bere espos lagunarekin familia ohorezki altxatu dute, hiru haur ukan zituztela. Erretretan sartzearekin, plazer handirekin ikusi ditu bere bi semeak segida hartzen, etxaldean kabalak emendatuz eta ekoizpenak etxetik salduz.

Pierrek irakurtzea maite zuen, edozein egunkari. Azken denbora hauetan "Douze métiers, treize misères" liburua idatzia zuen, biziki gostukoa, zeinetan betiko umore onarekin bere bizia plazaratu zuen. Bere etxekoez hurbiletik segitua zen, merexi zuen bezala. Ezindurik azken denbora hauetan espos lagunarekin Izpurako xahar-etxean sartuak ziren, nun azken hatsa eman baitu.

Ehorzketak Azkarateko elizan iragan dira, jendalde ederra bildua familia, herritar, adiskide, gerlari ohien artean, denek atxikimendua erakutsiz.

Bakean dagoela, doluminak Erramoun familia guziari.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3732. zbk

Gure Hitza | 2024/04/04

Garaziko euskara

Jean-Louis Harignordoquy

Ez da arrazoinik artzaingoaz, etxegintzaz, medikuntzaz, hezkuntzaz eta gaurko edozoin gaietaz elekatzen giren bezain libroki euskaratzaz ez mintzatzeko. Erran nahi baita gure nortasunaren zimendua den hizkuntzaren alderdiei behatzeko. Sanoki solastatzetik beti zerbait ikasten da, guziz taldeko presuna aditu batzuen erranak entzunez. Hori da gertatu Donibane Garaziko liburutegian lekuko Gau Eskolak antolatu gogoetaldian.

Gomitatua zuten Alex Arzellus hizkuntzalari gaztea. Gipuzkoar hunen mintzoa ez da arrotza Irulegiko Irratiaren entzuleendako. Astelehen goizetan, eskualdez eskualde, euskararen egoerari buruzko bere ikusmoldea emaiten duelako. Bera Bergarakoa izanik ere, iparraldeko euskalkiez hainbertzetaraino interesatzen da, nun unibertsitate mailako ikerlan sakona egin baitu. Urte multxo batez herriz herri ibili da Garaziko euskara hobekienik erabiltzen duten jendeekin solastatzen eta heien mintzaira aztertzen. Toka eta nokarekin batean,...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016