Herriz Herri - Urruña (L) | 2024ko Apirilaren 04a

Aberri Eguna, geroari deika - Lanbide Foroa - Luminiszenteak erakusketa - Oletako "Nahasien Gaua" - Organo kontzertuak - Asiako lizorra - Pilota

Aberri%20Eguna_%20geroari%20deika%20-%20Lanbide%20Foroa%20-%20Luminiszenteak%20erakusketa%20-%20Oletako%20Nahasien%20Gaua%20-%20Organo%20kontzertuak%20-%20Asiako%20lizorra%20-%20Pilota

Aberri Eguna, geroari deika

Urruñan, Euskal Herri osoan bezala, Aberri Eguna, Euskal Herriaren Eguna, ospatu genuen Berpizkunde Egunean, martxoaren 31n. Urruñar zenbait Bilbora joan ziren, bezperan Batera izeneko talde eragileak deituriko ekitaldira eta igandean Uztaritzen eta Iruñean izan ziren ospakizun handietara. Lehenago, goiz-goizean, hamar bat urruñar bildu ziren plazan den haritzaren aitzinean eta ikurrina ezarri ondoren, zenbait kantu abestu zituzten: Gernikako Arbola (euskal ereserki nazionala), Aupa gizonak!, Eusko gudariak gira, Ikusi mendizaleak, Gu gira Euskadiko... eta abar.

Lanbide Foroa Posta gelan

Apirilaren 13an, larunbatarekin, Lanbide Foroaren lehen edizioa Posta gelan izanen da. Lana xerkatzen dutenendako parada ederra, zinez. Parte hartu nahi baduzu izena emateko epea apirilaren 5a arte zabalik izanen da, Herriko Etxean edo urrugne.fr web-orrian. Urruñako enpresa mundua aberatsa da, hala nola, 200 enpresa baino gehiago atzeman daitezke bertan. Herriko Etxearentzat, ekonomia sarea ezagutaraztea eta enplegua lehentasunezko gaiak dira. Lanbide Foroaren lehen edizio honen helburua enplegatzaileak eta lan bila dabiltzatenak harremanetan ezartzea da, hainbat lan sektoretan diren lan aukerak aztertzeko. Egitaraua: (13:30) lan munduan euskararen sustapenerako lanean ari den Bai Euskarari elkartearen aurkezpena. (14:00) Merkataritza eta Industria Ganbararen hitzaldia: "Lurraldeko argazki sozio-ekonomikoa eta tokiko kontsumo praktikak" eta bukatzeko (14:30-17:00) Job Dating.

Luminiszenteak erakusketa

Apirilaren 5ean eta 6an zabalik izanen da Posta gelan, emazteen aurkako bortizkeria ikusezina islatzen duen argazki-erakusketa. Egileak Irantzu Pastor eta Igone Mariezkurrena dira, erakusketari hastapena emanen zaio apirilaren 5ean, ostiralarekin, Irantzu Pastorrek emanen duen hitzaldiarekin (19:00).

Oletako "Nahasien Gaua" hurbil da

Apirilaren 6an, larunbatarekin, izanen da ohiko "Nahasien Gaua" Oleta auzoan. Urtero bezala, zerrikume jatea egur-suan egina, izanen da herri afariaren menua. Prezioa: 25 euro, haurrendako 12 euro. Egitaraua: aperitifa (19:30) eta herri afaria (20:30). Bidexkoa taldeak animatuko du. Tiketak besta komitearen lokalean. Informazio gehiago: 07-87-94-92-40.

Organo kontzertuak

Urtero bezala, Euskal Herrian Organoak Kantuz ekitaldiaren inguruan, zenbait organo kontzertu izanen dira herriko elizan. Maiatzaren 19an, igandearekin, Nathan Lauberen kontzertua (18:00) eta abuztuaren 11n, igandearekin, Thomas Ospitalek kontzertua emanen du (18:00). Uztailean eta abuztuan, asteartero, Urruñako organoa ezagutarazteko bisita gidatuak izanen dira (18:00). Informazioa: 05-59-26-92-71.

Asiako lizorra ihiztatu behar

Herriko Etxeak, Asiako lizor edo liztorren kontra borrokatzen den Euskal Herriko kolektiboarekin elkarlanean, harrapagailuak banatuko ditu udaberri honetan. Lizorren kontra egiteko molde eraginkorretako bat erreginak udaberrian harrapatzea da, ahulagoak diren garaia baita. Erregina bakoitzak milaka lizorez osatu kolonia sortzeko ahalmena du. Harrapaketa epeak 8 aste baino ez du irauten udaberrian, otsail bukaeratik maiatz hastapenera. Herrian lizorren ugaritzearen aurka borrokatzeko, "Tap-Trap" motako tapoiak banatu zituzten urririk martxoaren 16an, Euskal Herriko Asiako lizorren kontrako taldearen erakusmahaian. Martxoaren bukaeratik goiti Herriko Etxean urririk atzematen ahalko dira. Asiako lizorrak Europako erle eta lizorendako biziki arriskutsuak dira. Larben elikatzeko erleen gorputz-enborrak gustukoak dituzte, proteina anitz dituztelako. Horrez gain, erleak estresatzen dituzte eta eritzen dira. Asiako lizorrak erleak erasotzeaz gain, bertako mamutxak ere jaten dituzte (listafinak, euliak eta abar).

Pilotari urruñarren emaitzak

Ipar Euskal Herriko Pilota Batzordearen buruz buruko trinket lehiaketaren bigarren mailako final-laurdenetan urruñarrek honako emaitzak ukan zituzten: Lafitte (Lau Herri) 40 - Lazkano (Urruñarrak) 24 eta Thikoipe (Amikuze) 40 - Biskubi (Urruñarrak) 35.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3732. zbk

Gure Hitza | 2024/04/04

Garaziko euskara

Jean-Louis Harignordoquy

Ez da arrazoinik artzaingoaz, etxegintzaz, medikuntzaz, hezkuntzaz eta gaurko edozoin gaietaz elekatzen giren bezain libroki euskaratzaz ez mintzatzeko. Erran nahi baita gure nortasunaren zimendua den hizkuntzaren alderdiei behatzeko. Sanoki solastatzetik beti zerbait ikasten da, guziz taldeko presuna aditu batzuen erranak entzunez. Hori da gertatu Donibane Garaziko liburutegian lekuko Gau Eskolak antolatu gogoetaldian.

Gomitatua zuten Alex Arzellus hizkuntzalari gaztea. Gipuzkoar hunen mintzoa ez da arrotza Irulegiko Irratiaren entzuleendako. Astelehen goizetan, eskualdez eskualde, euskararen egoerari buruzko bere ikusmoldea emaiten duelako. Bera Bergarakoa izanik ere, iparraldeko euskalkiez hainbertzetaraino interesatzen da, nun unibertsitate mailako ikerlan sakona egin baitu. Urte multxo batez herriz herri ibili da Garaziko euskara hobekienik erabiltzen duten jendeekin solastatzen eta heien mintzaira aztertzen. Toka eta nokarekin batean,...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016