Han eta Hemen | 2024ko Apirilaren 04a
Baserriberri, Euskal Herriko bi aldeetako proiektua
Urdazubin, Isabel Elizalde Arretxea, Peio Martikorena Fundazioaren zuzendariak Baserriberri proiektua aurkeztu du, bere ondoan zituela Rikardo La Madrid Eusko Jaurlaritzako Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria, Luis Calatayud Nafarroako Gobernuko Lanbide Heziketa Digitalizazioko zuzendari nagusia, Aizpea Otaegi Oarso Aldeko lehendakaria, Jean-René Dithurbide Angeluko Les Compagnons egiturako zuzendaria eta Marie Lasserre Mission Locale elkarteko lehendakaria.
"Baserriberri" langabezian direnentzat abiatu proiektua da, baserri eremuetan eraikin tradizionalen zaharberritzeko helburua du. POCTEFA europar dirulaguntza programaren baitan sartzen da. Langabezian direnak zurezko lan tekniketan formatuko dira, integrazio ekonomiko eta soziala sustatzen duen lankidetzaren bidez. Euskal Herriko hainbat erakundek antolatu eta ko-finantzatutako esperientzia pilotua da, diru laguntzen %65a Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (FEDER) finantzatzen du.
Egitasmo hunen bultzatzaile den Peio Martikorena Fundazioa, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Akitania Berria, Ipar Euskal Herriko Mission Locale eta Angeluko Compagnonnique federazioarekin partaidetzan jarri da.
Baserriberri proiektuko eragileek, Euskal Herriko bi aldeetako formakuntza eskaintza berria plantan jarri nahi dute. Lanbide formazio zentroetako ikasleek eta langabezian direnek zuraren teknikak ikasteko parada ukanen dute. Laguntza horri esker, eramana izanen den lehen proiektua Dantxarineko Tomasenea etxearen arraberritzea izanen da. Zuraren tekniken prestakuntzan oinarritu integrazio metodologia eraiki ahal izanen da, bai teorikoak bai praktikoak.
Baserriberri POCTEFA proiektuaren xedea da, Euskal Herriko hiru lurralde administratiboetan, lan-merkatua indartzea, enpleguaren eta formazioaren kalitatea hobetzea.
Formazioa aurtengo irailean hasiko da, 2026ko ekainean bururatzeko, parte-hartzaileek "2021-2027 POCTEFA" programaren lurralde guzietan ezagutu kualifikazioa eskuratuko dute.
Baserriberri proiektuak epe luzerako lankidetza iraunkorra sortzea du helburu, bi aldeetako lan-merkatuaren aukereri erantzunen dieten formazio zikloak eskainiko dituen "Mugaz Gaindiko Prestakuntzako" polo bat sortzeko asmoarekin.
Instituzio desberdinetako ordezkariek azpimarratu dute, harremanak sendotuz, etorkizunean elkarrekin aritzeko nahia. Eskualdeko hiru instituzioetako ordezkariek azpimarratu dute sare hunen garapen ekonomikoaren garrantzia.
Ekitaldia, Tomasenea baserria bisita gidatuarekin bururatu da, Jabier Lekuona arkitektoak azalpenak eman ditu. Azpimarratu du "ondare horiek, baserriak eta bordak zaharberritu eta berreskuratu egin behar dira, muga inguruan anitz daude, zer hobe zurgin eskolak garatu eta erabilera ona ematea baino. Tomasenearen kasuan museo edo jendarteak aprobetxatu eta gozatuko duen eraikina bezala".
Aterpe horretan, gertakari eta sorkuntza desberdinak garatuko dira, sare sinkronizatua plantan jarriz. Fundazioaren helburuekin bat egiten duten ekimen guziak sare horretan kokatuko dira.












