Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2024ko Apirilaren 04a
Informatika tailerra - Trantsizio ekologiko astea - Kantaldia - Zonbait hitzordu
Informatika tailerra
CCAS edo herriko ekintza sozialen zentroak antolatzen du, Arditeiko baliabide zentroarekin partaidetzan, bilkura bat tokian, ondoko asteetan izanen diren informatika tailer berriak azaltzeko. Helburua da parte hartu nahi dutenen desirak eta mailak aztertzea. Bilkura iraganen da apirilaren 9an, asteartean (10:00), Herriko Etxeko Ameztia gelan. Parte hartzeko izenak eman behar dira telefono huntara: 05-59-93-38-91 edo ccas@ustaritz.fr.
Trantsizio ekologiko astea
Aitzineko bi urtetan bezala Herriko Etxeak trantsizio ekologiko astea antolatzen du, apirilaren 6tik 13ra, aurtengo lema dela: ura. Egitaraua hau izanen da: larunbata 6a: (10:00-12:00) Errepiragaraia aintziraren bisita komentatua Laure Lannuzel Akitaniako kontserbatorioan espazio berdeez aditua denarekin, hitzordua Herriko Etxe aitzinean (9:45), Astobiagan animazio eta hegazti harraparien libratzea Hegalaldiarekin (16:00). Astearte 9: Errobi errekaz mintzaldia Thomas Ruys eta Euskal Elkargoko Vincent Castillon-ekin (19:00/21:00). Ortzegun 11: bi txandetan Leihorrondon araztegiaren bisita (14:00/16:00), Suez enpresarekin, izenak aitzinetik emanik Herriko Etxean. Ortzirale 12: Hardako baratzeen bisita komentatua Manuela Scharer jabearekin eta Herri Elkargoan uraz eta laborantzaz arduratzen den Laura Brion-ekin (14:00/16:00), hemen ere izenak aitzinetik emanik. Larunbat 13: Errepiragaraia aintzira inguruan belar tzar eta baliogabeko landare mozte edo errotik ateratzeak, bereziki Panpa belarrak (8:30/12:00). Bakotxak kausi dezake bere gisako ausagailua. Herriko Etxeak eskertzen ditu aurten antolaketa hortan lagundu duten hamaika erakundeak.
Kantaldi
Bubamed, etorkinen alde ari den elkarteak antolatzen du kantaldia ortzirale huntan, apirilak 5, Arruntzako elizan (20:30). Kantaldia Haiz'Egoa gizon abesbatzak segurtatuko du, Maialen Errotabeherek zuzentzen duena, taldearekin ere ari dela etorkina den Mohamed Marokako kantari musikaria. Sartzea libre izanen da, bainan elkarteak bere helburua baitu betidanik etorkineri laguntza ekartzea diruz edo bestalde, kondatzen du halere publikoaren oparotasunaren gainean kantalditik ateratzean. Ongi etorri deneri.
Zonbait hitzordu
Ortzirale huntan (14:00/23:00) Kiroletan Jondoni Bixintxo eskolaren besta.
Ortzirale huntan ere arratsaldean ikastolaren besta ikastolan berean.
Ortzirale huntan (14:00/18:00) eta larunbat igandean (10:00/18:00), Deneri Idekia gelan (11 geltokiko bidean) europar arte ofizioen erakusketa egunak (buztinarekilako langintzak).
Igandean (7a), Herriko Etxean oihaneko urtzo ihiziko postuen adjudikazio edo esleipenak (10:00).
Igandean (7a), arratsaldez, Kiroletan San Frantses kolegioak antolaturik, loto erraldoia asko sarirekin.
Ondoko egunetan:
Apirilak 14, San Frantses kolegioko lehen harri pausatzearen mende mugaren ospakizuna.
Apirilak 14, Arruntzan Erdiko etxean "Ihesi" euskal antzerkia, Zortziko elkarteak antolaturik.
Apirilak 20, Savidan mediku zenari omenaldia, Eskuz Esku gelan eta hilerrietan.
Apirilak 20, arratsaldez ikastolak antolatu mus lehiaketa, Jatsuko trinketean.
Hauetaz berri gehiago heldu den astean.











