Herriz Herri - Senpere (L) | 2024ko Apirilaren 04a
Maider Cigarroa kontzertuan - "Le repas des Fauves" antzerkia - Kultur topaketak - Mendiko autoen lehiaketa - Haurtzaintzarako formakuntza - Hatsaren Poesia
Maider Cigarroa kontzertuan
Senpertar alaba hunek, bere ibilbide guzia musika eta kantuari itzulia du, Hiru Soinu taldearekin abiatu ditu lehen urratsak, gaur aldiz Gurashow talde distiratsuarekin agertzen da noiztenka. Obra anitz idazten eta musikatzen ditu, hauen deskubritzera gonbidatzen gaitu, "Biran den Lasaia" deitu ikusgarriarekin. Larreko salan, apirilaren 6an (20:30), beti bezala taula gainean bere hoberena eskainiko du. Herriko Etxea antolatze lanetan, erreserbak Euskal Herriko turismo bulegoetan, baita lekuan bertan, prezio betea 16€, murriztua 10€. Ez huts egin.
"Le repas des Fauves" antzerkia
Basapiztien janaldia deitzen ahal ginuke antzerkia. 1942an, Frantzia okupatuan iragaiten den gertakaria aipatzen du. Tentsio handiko pieza, nun nahasten diren beldurra, irribarrea baita umore beltza. Senpereko Kultur eta Ondare elkartea eta Herriko Etxea antolatzaile. Hilaren 7an (17:00), Larreko kulturgunean. Erreserbak: Euskal Herriko turismo bulegoetan, baita sarreran bertan, prezio betea 16€, murriztua 10€.
Kultur topaketen garaia
Hirugarren edizioa abian da, apirilaren 6tik 19a artean, sekulako ekitaldiak eskainiak dira, ikuskizun, dantza, kontzertu, musika, animazio, sormen, tailerrak, antzerki eta erakusketak. Denak ez dira zehazki aipatzen ahal, programa osoa irakur daiteke, https://vu.fr/JdUQI webgunean.
Mendiko autoen lehiaketa
Aste hondarrean, motor burrunbak nagusi, Rallye du Labourd famatuak bere 46. edizioa beteko du. Autozale anitzen hitzordua delakoan, izanen da mugimendu han eta hemen. Ostiral arratsaldean Gazteluko aparkalekuan egiaztatze teknikoak (16:00), larunbatean Ziburuko, Grachienko, Urloa probak, igandean aldiz Xipa eta Senpereko oihanean probak, (16:00) sarien banatzea Ibarrungo plazan. Azpimarratzekoa da Senperetik kanpo, Ahetze, Arrangoitze, Ezpeleta, Ainhoa eta Zuraideko herrietan gaindi ibiliko direla.
Haurtzaintzarako formakuntza
Apirilaren 22, 23 eta 24an, hiru eguneko ikastaroa eskainia da, haurtzaintzarako oinarriak ikasteko gisan. 16-25 urteko senpertarreri zabaldua da, urririk, izen emaitea beharrezkoa da deituz: 05-59-54-58-21 edo enfancejeunesse@senpere64.fr abisatuz.
Larunbat goizetako merkatua
Herriko Etxeak, merkatu horren osatzeko eta azkartzeko bilatzen ditu komertsant ibiltari berriak. Gonbeni da telefonoz kontaktua hartzea: 05-59-54-19-38.
San Josepe eskolaren "drive culinaire"
Izen bitxi horren gibelean, apairu salketa aitzinetik manatuz, apirilaren 5ean azken epea: 06-88-94-21-38. Xerrikia, curry saltsa eta irrisa, parte bakoitza 10€, eskuratzea hilaren 12an (16:30-18:30). Irabaziak, euskarazko antzerkiaren proiektua laguntzeko da.
"Hatsaren Poesia" eguna
Apirilaren 7an, Hatsaren Poesiaren 26. edizioak Amotz/Larraldeko ateak zabalduko ditu. Ekitaldi hunek betiko ikusmina sortzen du, bereziki olerkari eta poesia zaleen artean, hala nola azkeneko liburuan 126 kidek parte hartu duten. Elkarretaratzea eta "Hatsaren Poesia2024" liburuaren aurkezpena (11:30). Aperitifa eta zizka-mizken bazkaria (13:00), norberak ekarri jan-edanekin. Liburuan parte hartu dutenen testuen irakurketa eta Hatsa kide batzuen kantu emanaldia (16:00). Denak poesiaz gozatzera gomitatuak gira.











