Herriz Herri - Hazparne (L) | 2024ko Apirilaren 04a
Amets Arzallusekin kalakan - Azken kontseiluan - "Kaperaldi"
Amets Arzallusekin kalakan
Hogeita hamar bat pertsona etorri dira larunbatean iragan den elgarretaratzerat. Denbora eskastu da menturaz nahi guziaren erraiteko eta partekatzeko. Memento aberatsa, erran behar da Miñan liburua berezia dela, bai funtsean eta forman.
Hazparne Aldeko Irakurketa Klubaren ondoko hitzordua ekainaren 29an da. Orduko Karmele Jaiok idatzi "Maitasun kapitala" liburuaren irakurtzea proposatzen da, gero nahi duenarekin aipatzeko.
Azken kontseiluan
Ohartarazi behar da oposizioko bost hautetsiak ez zirela hor, abertzalea bai. Nehork ez du deus erran egoera hortaz.
Lehen parte nagusia diru harat hunatetaz izan da:
2023ko konduak denek ontzat eman dituzte.
Kondu administratiboetan, funtzionamenduan soberakina atera da, aldiz inbestimenduan eskasa. Bigarrenaren eskasa lehenaren soberakinak estaltzea proposatu da, gehienak ados izan dira. Hautetsi abertzaleak xuri bozkatu du.
Aurten zerga tasak berdin geldituko dira: eraikiarena %26,05, eraiki gabearena %30,82, bigarren egoitzena edo bizitegi ez diren lokalena %12,97. Denak ados agertu dira.
Haurtzaindegiaren konduak ere denek onartu dituzte.
Aurten elkarteeri emanen diren laguntzak ere gehiengoak ontzat eman ditu. Abertzaleak ez, kriterio eskasagatik. Jazko kopuruak atxiki dira salbu ekintza berezi batzu prestatzen dituzten ondoko elkarte hauendako: Bidekoekin, Zarean eskubaloi kluba, Hazparneko joaldunak eta Urtxintxak.
Bestalde herri batek eskola publikoaz arduratzea du eginbide, bainan eskola katoliko eta ikastoletan diren haurrendako ere zerbait emaiten du: 905€ haurka.
Pilota Plazako haur batzu Beskoitzen eskolatuak izanki, haiendako 646€ emaiten da haurka, edozoin eskoletan izan.
Aurtengo beste hautu politikoak bestaldian azalduko ditugu eta egun eztabaida sortu duen gaiaren berri emanen: herri erdian sei kamera emaitearena. Erran denaz, hauek eremu publikoak baizik ez dituzte filmatuko, zerbait gertakari bereziren karietara zin egin duten pertsona batzuez baizik ez dira ikusiak izanen. Hala nun izanen diren: Meriako karrikaren zati batean, Jean Verdun plaza eta inguruetan, eliza gibelean, Elizaldia parkinean, Mendealaren inguruan.
Etxeto jaunak erran du kontra bozkatuko zuela, bizi pribatua hunkitzen zelako, kamerek seguritate sentimendu faltsua sortzen zutelako eta arazoak tokiz aldatzea ekartzen dutelako. Auzapez andereak erantzun dio erranez bizi pribatua errespetatuko dela, beste toki anitz jadanik kameraz zainduak direla nehork jakin gabe (komertsio, ostatu...), herria biziki zabala izanki ezin zaindua dela eta bistan dena azken denbora hauetan herrian gertatu balentriak lerrokatu ditu: Herriko Etxeko ate xehatze, eskultura funditze eta Urkoin suhiltzaileentzat muntatu ur erresalbuen ontzi xehatzeak (60.000€ gostaiak omen ziren).
Bakotxak bestea entzun eta bozkatu da: 1 kontra, 2 xuri eta besteak alde.
"Kaperaldi": apirilaren 5etik 12ra
Izenak dion bezala kaperan iraganen da. Aste guzian sartzean Ortzia elkarteko artistek beren obrak erakutsiko dituzte.
Larunbatean: bisita gidatua eta obren filma erakutsiko da (16:00).
Igandean Hazparneko koralak kantuz: Elgarrekin, Mendixola eta Pena Idiak (16:00).
Astelehenean: kaperaren bisitak eskolendako.
Asteartean: zine kontzertua Ibantuta Oud jolearekin (20:30).
Asteazkenean: konferentzia Philippe Mercérekin, "Saindu istorio" (18:30). Kaperan den saindu lerroa ohargarria da eta hortik abiatuz sainduen ezagugarriak ikertuko dira.
Ostegun: goizean ama eskolako eta lehen urtekoentzat "Ttinka" ikusgarria Arantxa Hirigoyen eta Phlippe Alborekin eta arrastirian (18:30) poesia eta musika Nadim Bou Khalil olerkaria, Monique Goyeneche eta Agathe Le Grode antzerkilariak, Bixente Etchegaray eta Jean Lou Corrihons musikariak eta Jean Verdun eskolako haur batzuekin.
Ostiralean: 14 urtez goitikoentzat ipuin eta kondairak frantsesez: In Vino Fabula ikusgarria Koldo Amestoyk emanik. Ondotik arno jastaketa herriko Aizkorri xaiarekin.











