Han eta Hemen | 2024ko Martxoaren 28a
“Luhusoko auzia”: hobengabetze galdea
Larunbat goizarekin, Luhuson, Béatrice Molle-Haranen etxean hitzordua emana zen. Apirilaren 2 eta 3an epaituak izanen diren Béatrice Molle-Haran eta Txetx Etcheverryri sustengua ekartzeko 200 bat pertsona bildu zen.
Anaiz Funosasek (Bake Bidea) eta Jean-François Mignardek (Giza Eskubideen Liga) hitza hartu zuten:
“7 urte baino gehiagoren ondotik Luhuson bildu gira, 2016ko abenduaren 16an bake prozesuaren baitako lehen desobedientzia ekimena gauzatu zen lekuan. Mixel Berhocoirigoin, Mizel Bergouignan, Txetx Etcheverry eta Michel Tubianak sustatu zuten ekimena, Béatrice Molle-Haran eta Stéphane Etchegarayren presentziarekin. Euskal Herriarentzat bortizkeriarik gabeko etorkizun demokratikoaren aldeko ekarpena egiteko nahikaria aipatu zuten egun hartan egina justifikatzeko. Zoritxarrez, Mixel Berhocoirigoin, Mizel Bergouignan eta Michel Tubiana joan zaizkigu, ez ditugu ahanzten”.
Bake prozesua aitzinatzeko ekimena
Orduko gertakaritik 7 urte eta erdi pasa direla, Euskal Herriak bizi duen testuingurua kontutan hartu gabe, Béatrice Molle-Haran eta Txetx Etcheverry auzitegi korrekzionalera eramaiteko hautua salatua izan da. Luhusoko ekintzaren bidez, trabaturik zen prozesua berriz abiarazteko eragina ukan zuela errana izan da. Oroitarazia izan da bake prozesurako eginak izan diren urratsak.
2011n ETAk su-eten iraunkorra iragarri zuen eta ondotik Aieteko adierazpenari erantzunez, borroka armatuaren gelditzearen berri eman zuen. 2014an, Ipar Euskal Herriko ordezkari politiko desberdinek “Baionako adierazpena” izenpetu zuten. 2015ean, Euskal Herriko eragile politikoen eta jendarte zibilaren ordezkaritzak mezu bakarrarekin Baionako adierazpena Parisera eraman zuen. Estatuen iniziatiba eta ausardia politikorik ezean, armagabetze negoziatu eta segurtatu baterako baldintzarik ez izanez, negoziazioa trabatua zen.
Bake prozesua bultzatzeko, anitzek espero zutenari eta behar bati erantzuteko asmoarekin Luhusoko ekimen erabakigarria egin zen. Umiliaziorik eta mendeku izpiriturik gabeko bake iraunkorra eraikitzea zuen helburu. 2017ko apirilaren 8an ehunka pertsonek armagabetze egunean parte hartu zuten, Luhusoko ekintzari indarra emaiten zuela.
Ekitaldia hitz hauekin bururatu zen: “Argi eta ozen, Txetx eta Béatrice-i gure erabateko babesa adierazteko hemen bildu gira. Duela 7 urte bezala, hemen gaude zueri milesker erraiteko. Zuek hartu arriskuak eta zuen determinazioak eraman gaitu, gu guziak, armagabetzetik haratago, funtsezko urratsak egitera”.
5.000 herritar auzipetuen alde
Urtarrilean, bi auzipetuen sustengurako kanpaina abiatu da. 5.000 herritarrek izenpetu dute errugabetzea galdegiteko deia. Haien artean, 8 ministro ohik, 35 parlamentarik, hamarnaka auzapezek. Hexagonoko jendarte zibileko pertsonalitate, intelektual edo sindikalista batzuk deiarekin bat egin dute. Bake Bideko boz eramaileek zioten: “Giza eskubideen eta bizitza demokratikoaren errespetuaz axolatzen diren gure lurraldeko sentsibilitate politiko guziak eta bertako instituzioak ordezkatzen dituzten hautetsiak etorri dira. Deia argia da: Euskal Herrian aro berri bat behin eta betiko ireki ahal izaiteko, Txetx eta Béatricen errugabetzea ezinbestekoa da. Sustengutik harago, engaiamendu baten izaera zilegia azpimarratu nahi dugu, haiek hartu arriskuaren eta urratu bidearen aitortza. Hautetsi zein herritar gisa iraganari aurre eginez arriskuan ezarri diren eta horren ondorioak bere egin eta Euskal Herriarendako beste etorkizun bat eraikitzen segitzen dutenek ez dute lekurik auzitegi bateko akusatuen kadiretan”.
Apirilaren 3an sustengu elkarretaratzeak
Euskal Herriko bake iraunkorraren aldeko parioaren onarpena galdegiteko, apirilaren 3an, Maule, Donibane Garazi, Baiona, Donostia, Bilbo, Gasteiz eta Iruñeko Herriko Etxeen aitzinean biltzera deitzen dute: “Errugabetzea Euskal Herrian aro berri bat behin betiko irekitzeko” deialdiarekin bat egiten duten guziak.