Herriz Herri - Hazparne (L) | 2024ko Martxoaren 28a
Pazko - Itzulia: txirrindula zoin gehiagoka- Erakusketa- Lampedusa Beach - Aste kulturala
Pazko
Pazkokari bi meza izanen dira, larunbatean (20:00) eta igandean (10:30). Bixkotx saltzeak iraganen dira eliza atean. Alabainan, kermezaz arduratzen den taldeak galdegiten dio bixkotx egiten dakien bakotxari, bixkotx bat edo gehiago egin ditzan, Pazkoz saltzeko. Bixkotxak Aterbe Onarat eraman behar dira, larunbat arratsaldean (14:30→18:00). Kermeza bera ekainaren 29 eta 30ean ospatuko da.
Itzulia: txirrindula zoin gehiagoka
Bezperan Irun eskualdean ibili ondoan, kurtsa hori Hazparnetik iraganen da, apirilaren 2an arratsaldez. Ondorioz (15:45→16:15) tartean hiri erdia hetsiko da, Irundik Kanbora (160 km) joanen den etapa hortik pasatuko baita. Biharamunean Ezpeleta/Altsasu etapa izanen da eta Itzulia larunbatean Eibarren bukatuko da.
Erakusketa: “Destination Robin”
Apirilaren 2tik 7ra Patrick Dulacen tindu erakusketa bi tokietan ikusten ahalko da:
Choribit gelan: (15:00→18:30) egunero eta (10:00→18:30) asteburuan.
Mediatekan (10:00→12:00 eta 14:00→18:00). Asteazkenean bisita komentatua izanen da. Patrick Dulac artistak gehienik akrilikoa eta kolaketa erabiltzen ditu. Liburu bat bada ere testu batzuekin: obra bat, testu bat. Sartzea kitorik da, aldiz liburua salgai.
Lampedusa Beach Haritz Barnen
“Bidekoekin” elkarteak, Hazparne aldeko etorkinen sustengu taldeak ekitaldi ederra proposatzen du, apirilaren 4an, ostegunarekin, Haritz Barne zinemagelan (20:30).
Hain zuzen, 2003az geroztik Ziburun kokatua den Syrtes antzerki-dantza taldeak Lampedusa Beach irakurketa antzeztuaren obra emaitera gomitatu du.
Lampedusa maleruski usu aktualitatean den uharte bat da, Italia erresumaren parean, etorkin anitz lehorreratzen ikusten duen lurra baita, heltzen direnentzat bederen.
Ordu batez, giro horretara eramaten gaitu Lina Prosa italiar idazle eta taula zuzendari ospetsuaren Lampedusa Beach lan ederrak. Historia sinplea da: etorkinez mukuru betea den ontzi txar bat Lampedusaren aurrean itsasoan urperatzen da. Gauaren iluntasunean, iheslariak uretan zalapartaka ari dira. Haien erdian, Shauba. Sokorri flotagailu bati bezala urera erori zaizkion lunetei lotua, guri mintzatzeko indarra aurkitzen du, hastapenetik iragan duen bidaia kontatzeko, haren ametsak, bururaino haren bizitzeko errabia, ezinbestez hondoratzen ari den bitartean.
Kondalari baten gisa, taula gainean bakarrik den Corinne Lallemand antzerkilarisak Shaubaren ahotsa hartzen du, zuzenean ari den Jean-Louis Hargous musikari zoragarriak laguntzen duela. Egoera dramatikoa izan arren, ez da giro tristea, Shaubaren bizi nahikariak bururaino eramaten gaituelako.
Jakin beste bi emanaldi izanen direla ere ostegun arratsaldez eta ostiral goizez, Hazparneko Armand David eta St Joseph lizeoetako 200 ikasleeri zuzenduak, haiekin gai dorpe horien aipatzeko eta partekatzeko parada eskainiko dutenak.
“Bidekoekin” elkartea sustengatzeko eta aldi berean etorkinekin elkartasuna adierazteko, jende guzieri gomita luzatua da, karia horretara. Sartzea 10 euro.
“Moi, toi et nous”
Hola deitzen da San Josepe lizeoko gazteek sortu eta eskaini nahi duten ikusgarria. Musika komedia bat da eta hastetik buru, afixa barne, dena berek pentsatua dute. Publikoari erakutsiko diote, ostegunean, apirilaren 4an, Mendeala gelan (19:30).
Aste kulturala
“Kaperaldi” deitzen da ondoko egunetan iraganen den aste berezia. Heldu den astean xeheki aipatuko dugu bainan bada gau berezi bat oraindanik aipatu behar dena tokiak aitzinetik hartu behar direlako. Apirilaren 5ean (20:00) piano kontzertu berezia: Nicolas Stavy Hazparnen izanen da. Hunek munduko kapitala guziak kurritzen ditu eta ostiral hortan Hazparnen ariko da! Haydnen zazpi sonata emanen ditu, artetik Monique Goyenechek testu batzu irakurtzen dituela. Sartzea 15€tan da eta kitorik 18 urte arte. Tokiak atxikitzeko turismo bulegoa (05-59-29-62-02) edo Soinubila elkartea (07-61-89-44-34) deitu.
Hazparne Aldeko Irakurle Kluba