Herriz Herri - Donapaleu (NB) | 2024ko Martxoaren 28a
Otxalde eta Iluma kontzertuan - Amikuze: zazpi ekipa Frantziako mus lehiaketan - Bideaken sasoin berria hasten
Otxalde eta Iluma kontzertuan Bideaken
Martxoaren 30ean (20:30) iraganen den kantaldi hau “Les Battements d'Elles” elkarteak antolatzen du. Elkarte hunek minbizia duten emazteak kultura eta kirola sailetan laguntzen ditu, aktibitate berezi batzu animatuz. Jarduera horiek laster proposatuak izanen dira Donapaleuko ospitalean diren pazienteri, eritasunari lotu isolamendu sozialetik ateratzeko.
Heldu den ibiakoitzeko kontzertuan Otxalde eta Iluma entzuten ahalko dira. Euskal musika eta kantuzale guziendako ez huts egiteko kontzertua. Txartelak turismo bulegoan edo kontzertua aitzin eskuratzen ahalko dira.
Zazpi ekipa Frantziako mus lehiaketan
Herrietako eta kantonamenduko lehiaketak iragan ondoan, Amikuzetik, zazpi ekipa Lasarat joanen dira apirilaren 1ean, Pazko astelehenez jokatuko den Frantziako mus txapelketa finalerat. Hauek dira:
Aiziritze: Franxoa Ayçaguer - André Oxoby
Amorotze: Peio Lamarque - Vincent Lamarque
Arboti: Frantxua Comets - Matthieu Larrouy
Behauze: Nicolas Elissalde - Xenan Irigoin
Ilharre: Franxoa Thicoïpe - Jamattit Thicoïpe
Lohitzune: Jean-Michel Harguindéguy - Philippe Mocotéguy
Lukuze-Altzümarta: Carine Bizos - Christelle Sallagoity
Xantza on desiratzen diegu!
Bideaken sasoin berria aste huntan hasten
Bideak, Donapaleuko kultur guneak bere ateak zabaltzen ditu martxoaren 25etik goiti. Sasoin berria hasteko bi erakusketa proposatzen ditu lekuko artisten ohoratzeko. Arteen gelan, 16 artisten obrak erakutsiak izanen dira (margolariak, pastel egileak, irudigileak, grafistak, marrazkilariak, potret egileak, zizelkariak). “Gune'Art” deitu erakusketa huntan, bakoitzak bere inspirazioa eta sentsibilitate artistikoa landu ditu.
Bestalde, ezagutzari doakion gelan, lekuko hiru elkartek beren sorkuntzak erakutsiko dituzte: Artizar, Mila Kolore eta Loisirs et Amitiés.
Erakusketa hauek martxoaren 25etik apirilaren 20a arte ikusten ahalko dira, astelehenetik ibiakoitz arte (10:00-12:00 eta 14:00-18:00).